Zabaldu ezazu zure Delicious-eko sarea

Norbaitek galdetuko balit zein den, jasotzen dudan informazio iturri desberdinetatik, niretzat balio gehien duena, zalantzarik gabe hori Del.icio.us-eko Your Network izeneko jarioa dela erantzungo nioke. Your Network izeneko zerbitzuaren bitartez aukera daukazu beste Del.icio.us-eko erabiltzaile batzuek jasotzen dituzten informazioaren jarraipena egitea horretarako eskaintzen duen jarioaren bitartez. Nire kasuan, sare honen barruan mota guztietako erabiltzaileak ditut gehituta; alde batetik, nire ikasle batzuk agertzen dira. Hauek, egia esan, ez diote oraindik Del.icio.usi bere etekin guztia atera eta hemendik jasotzen ditudan ekarpenak nahiko kaxkarrak dira. Ez da berdin gertatzen, ordea, zerrenda horretan bilduta ditudan nire lagunen ekarpenekin. Hauengandik jasotzen dudana “kalitate handiko” edukiak dira. Hauekin batera ere, beste hainbat erabiltzaile gehitu ditut zerrendara pertsonalki ezagutzen ez ditudanak baina eurek biltzen duten informazioa bat datorrena nire interesekin. Horrela Your Network-etik jasotzen ditudan lau sarreretatik hiru, gutxi gorabehera, nire gogokoen zerrendan biltzen ditut. Datu honek garbi uzten du, zenbateko baliagarritasuna duen niretzat informazio kanal honek.

Honekin lotuta, gaur tresna interesgarri batekin egin dut topo. AiPlayground izeneko webgunean norberak gordetako gogokoak Del.icio.useko beste erabiltzaile guztiekin alderatzen dituen, Python (2.5)ean idatzitako script bat aurkitu dut. Honen bitartez, nire kontuko azken 1000 gogokoen arrastoari jarraipena egiten zaie, beste erabiltzaileekin egon daitezkeen kointzidentziak erregistratuz. Horrela, miaketarekin amaitu ondoren, zure profilarekin bat datozen beste 50 erabiltzaileen izenak bueltatzen dizkizu, afinitate handienetik txikienera ordenatuta. Scriptaren garatzaileak zera dio script honi buruz

Prozesua oso erraza da:

  1. Lehenik eta behin script-a zure ekipora jaitsi beharko duzu hemendik.
  2. Ondoren exekutatu beharko duzu; horretarako nik Ubuntuko Terminala erabili dut. Egia esan Windows-en ez dakit nola burutu daitekeen hau. Scripta exekutatzeko nahikoa da ondorengoa idaztea:python ./delicious_mates.py
  3. Azkeneko urratsean zure del.icio.useko erabiltzaile izena eta pasahitza idatzi beharko dituzu.
  4. Zure gogokoen eskaneatzeari ekingo dio scriptak. Prozesu honek bere denbora behar du. Pazientzia pixka bat eduki beharko duzu
  5. Behin amaitutakoan azpian ikusten den antzeko zerrenda bat eskainiko dizu

Lehenego postuetan zeintzuk agertzen diren ikustea ez da sorpresa handia izan :lol: . Goiko postuetan dauden beste erabiltzaile ezezagunen Del.icio.useko kontuak aztertu ditut eta benetan oso gauza interesgarriak aurkitu ditut. Dagoeneko zabaldu dut nire Del.icio.useko sarea erabiltzaile berri mordoxka batekin.

OHARRA: emandako helbidean irakur daitekeen bezala, hainbat parametro konfiguragarriak dira. nik hauetako bat aldatu behar izan dut, izan ere, scriptak nire azken 1000 sarrerak banan-bana analizatzen ari zenean Del.icio.useko zerbitzariek nire IPa blokeatu egin dute (antza denez segurtasun neurri bezala). Horregatik kopuru hau 500era txikitu behar izan dut. Dena den, ez dut uste emaitzak oso desberdinak irtengo zirenik bestela ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.