Genero indarkeriaren aurkako ikasleen bideoa

Gure ikastolako web orrian, gaur ikusi dudan mezua, aspalditik gure ikasleekin burutzen dugun ekintza interesgarrienetakoa iruditu zaidanez eta web orriak duen Creative Commons baimena aprobetxatuz, oso-osorik hona ekartzea erabaki dut.

Dakizuenez, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Azken egunotan, gure web orrian mezu ezberdinak argitaratu ditugu herrian egingo diren ekintzen berri ematen eta gure ikasleek ekoiztutako lan batzuk aurkeztuz.

genero indarkeriaren aurkako bideoa

Bada, gaurkoan, DBH 4ko ikasleek grabatu eta ekoiztutako bideo batekin gatozkizue. Beharbada, bideoaren kalitatea , audioarena batez ere, ez da goi mailakoa izango, baina ikasle hauek luzatzen diguten mezua aintzat hartzeko modukoa eta oso goi mailakoa iruditu zaigu.

Bukatzeko, eta lan hau kokatzearren, esan Gaztelania ikasgaian jorratutako proiektu baten emaitzetako bat dela. Hori dela eta, bideoa gazteleraz topatuko duzue.

Zorionak parte hartu duten ikasle eta irakasle guztiei gisa honetako ekimenak curriculumean txertatzeagatik eta ikaskuntza prozesuan eragile aktiboak izateagatik. Horra hor bideoa.

Software Askea Jakintza Ikastolan

E

z neukan hemen idazteko inongo asmorik, baina “kopiatu eta itsatsi” beti izan da ariketa samurra eta gure ikastolako web orrian argitaratu duten mezua aprobetxatuz, oso-osorik hona ekartzea erabaki dut.

Segur asko zuetako askok ez zenuten honen berri izango eta gure ikastolako IKTen arima eta gune honen sortzaile eta sustatzailea izan den Jokin Lacallek sekulako lana egin du eta zabalkunde handiagoa merezi duelakoan nago. Horra hor mezua:

Software Askea Jakintza Ikastolan

Ikasturte hau berezia izaten ari da Jakintza ikastola osatzen dugun komunitateko kide guztiontzat. Dakizuenez, gure ikastolak software askea erabiltzeko erabakiaren azken urratsa emanez, ikasturte honen hasieratik, ikastolako ordenagailu guztiek software librea baino ez dute.

Horrek, pentsa dezakezuenez, bere eragozpenak eta zailtasunak eragin ditu. Hori bai, guztion borondate onarekin aurrera ateratzen ari gara. Nolanahi ere, askotan, borondate ona ez da nahikoa eta ezinbestekoa dugu adituen laguntza eta eskarmentua. Hor kokatu behar dugu gure IKT dinamizatzailea den Jokin Lacallek prestatu eta gaur argitaratu duen gune berria.

Izugarria iruditu zaigu Jokinek prestatu digun txokoa. Hiru atal nagusietan banatuta dago:

Dokumentazioaren atalean, Software libreari buruz ikuspegi ezberdinak jorratzen dituzten testuak eta azalpenak topatuko ditugu. Laguntzaren atalean, Ubuntu, OpenOffice eta Mozilla Firefoxi buruzko bideo tutorialak, gidak eta fitxa teknikoak eta deskargak topatuko ditugu. Eztabaidagunean berriz, foro irekia dugu gai hauen inguruko zalantzak, ekarpenak, kritikak… luzatzeko.

Gunea eraikitzeko egundoko lana egin duen arren, gunea ez dago itxita eta guztion partaidetza bilatzen du poliki-poliki osatzen joateko. Beraz, hemendik ere dei bat luzatu nahi dugu jendearen partaidetza sustatzeko eta Jokinek dioen bezala: “Ea oraingoan etekin gehiago ateratzen diogun egindako “montaje” honi. Benetan pozgarria izango litzateke eta gunea osatzen jarraitzeko behar diren animoak eskuratzeko baliagarria.”

Horra hor gunearen aurkezpenean irakur daitekeen mezua:

2009-2010 ikasturtea berezia izan da gure ikastolan. Urte biren bueltan, ikastolan erabiltzen dugun software ia guztia librea izatea pasa gara.

Eman dugun urratsa ez da nolanahikoa izan, ikasle eta irakasleok bizi dugun egunerokotasunean eragin handia izan duen erabaki bat izan da. Aurretik egin den informazio eta kontzientziazio lana garrantzitsua izan bada ere, ezinezkoa da egoera berri honek ekarriko dituen gorabehera guztiak aintzat hartu eta aurretik lotuta izatea.

Gidatzen kotxea hartuta ikasten den bezala, software berria erabiltzen eta praktikatzen ikasten da. Eta orduantxe sortzen zaizkigu galdera, kezka eta laguntza behar nagusienak. Tira ba, txoko berri honek horiei guztiei erantzuna ematea du helburu, hasi berri dugun ibilbide honetan topatuko ditugun oztopoak gainditzen laguntzeko.

Ez da hori, baina, helburu bakarra. Badago beste bat, hain nabarmena ez dena agian, baina aurrekoa bezain garrantzitsua dena. Software askearen komunitatea eredugarria zerbaitetan baldin bada, hori erabiltzaileen artean dagoen lankidetza eta elkarlanarengatik da. Izpiritu hori ere gurera ekartzea nahiko genuke.

XXI. mendeak bere lehen hamarkada bete berri duen garai honetan, ikaskuntza norabide bakarrean gertatzen dela azaltzen duten teoriak atzean geratu dira. Gaur egun ikaskuntza zerbait soziala bezala ulertzen da, dialogikoa, denok denongandik ikasten dugu. Parekoen arteko eztabaidak, argudioen kontrastea, galde/erantzunak… ezagutza taldean eraikitzen laguntzen dute. Ikaskuntza eredu berri hau oraindik gehiago nabarmendu da teknologia berrien garapena eta interneten gertatu den iraultzarekin, batez ere.

Txoko honek denon eskura ipintzen ditu oinarrizko azpiegitura, komunikaziorako ingurunea, eztabaida eta argudioen hartu-emanetarako lekua baina badago zerbait zure esku bakarrik dagoena. Talde bezala ikasten joateko eta beharrezko heldutasun eta alfabetizazio digitala lortzeko, zure partaidetza behar-beharrezkoa da. Zure lankidetza eta partaidetza taldearen mesederako izango dela sinistuz bakarrik beteko du gune honek bere helburua. Zure esku dago, beraz, txoko honek ibilbide luzea izatea edota gauerdiko ahuntzaren eztularen parekoan izatea.

Beste ariketa-sorta bat Euskaltzaindiaren arauak lantzeko

Hizkuntzaren gramatikaren alorra lantzeko, ohikoa izaten da ikasleek jarduera liburuetatik ateratako ariketak osatzea eta, jarraian, irakaslearen laguntzaz zuzentzea. Bada, ikasleek era ekinkorragoan aritzeko…

Jarraitu Beste ariketa-sorta bat Euskaltzaindiaren arauak lantzeko irakurtzen