Ez nintzen aspertuta bizitzeko jaio

Ikasturte berria, saltsa berria

Denbora asko pasa da txoko honetan azkenekoz idatzi nuenetik. Ikasturte amaierak beti izaten dira lanpetuak baina aurtengoa inoiz baina intentsoagoa izan da. Ikasturte bukaerak beti izan dira konplikatuak: elkarrekin bi urte pasa ondoren, ikasleei agur esan beharra, bilerak han eta hemen, lan burokratiko ugari eta, hori gutxi balitz, hurrengo ikasturtearen antolaketari forma eman behar izatea. Aurtengo uda, gainera, nahiko mugitua izan da.

Egia esan, ez dira hauek bakarrik izan bloga ez eguneratzeko egon diren traba edo arrazoiak. Utzikeria puntu bat ere izan dudala uste dut. Inoiz busti ez naizen esparruetan muturra sartu eta ikasten aritu naizen bitartean, gogo gutxi izan dut txoko honetan abentura hauen inguruan ezer kontatzeko. Noizean behin nire Google+-eko kontuan zerbait aurreratzen joan naiz, baina han ere gutxi. Ez galdetu zergatik baina hala izan da.

Kontua da, <ironic mode on> ia konturatu gabe <ironic mode off> dagoeneko ikasturte berrian burubelarri sartuta gabiltzala. Eta aurtengoa, aurreko gehienekin gertatu den bezala, berrikuntzaz beteta datorkit. Uste det aurten ere ez naizela aspertuko! 😉

Aldaketa nagusiena nire ardurapean izango ditudan ikasgaietan egongo da. Hamar urte baino gehiago Batxilergoan fisikako irakasle lanetan aritu ondoren, lekukoa beste lankide bati pasatzeko unea zela erabaki nuen maiatzan (aurretik ere dezente buelta emandako erabakia izan zen). Mototsa moztu, eta Ion, nire lankideari, eman diot alternatiba aurten. Azpeitiarra izanik, plaza zailetan toreatzen ohituta dago Ion. Batxiko “bigantxak” toreatzeko beharrezkoa den tenplea edukiko duela ziur nago. Esku onetan geratu dira Batxiko ikasleak, hortan ez dut zalantzarik.

Trukean, DBHko 1. zikloko ikasleekin teknologia lantzea proposatu zidaten. Aurreko bi urtetan proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren inguruan bildutako esperientzia praktikan jartzeko arlo egokia izan zitekeela pentsatu nuen eta, bi aldiz pentsatu gabe, luzatutako erronkari baiezkoa esan nion.

Horrela, 2013-2014 ikasturtean DBHko hiru maila desberdinetako ikasleekin arituko naiz elkarlanean:

DBH1

Lehenengo aldia da hain ikasle gazteekin lanean aritzen naizela eta, onartu beharrean nago, gelara lehenengoz sartu nintzenean inoiz bizi gabeko egoera baten aurrean sentitu nintzela. “Ohitu oteko naiz ikasle hauekin lanean aritzea?”, pentsatu nuen. Baina aste pare baten ondoren, sentsazioak oso onak dira. “DBHifikatuta” gabeko taldeak dira, etapak dituen alderdi ez hain positiboen eraginak libre oraindik. Gainera Mikelen eskutik pasatutako promozioa da eta horrek marka uzten duela garbi dago.

Bi taldekin arituko naiz, bakoitzarekin hiru orduz jarraian lan eginez. Printzipioz hiruak teknologiako alorra jorratzeko izango dira. Baina denbora tarte hori erabat erlazionatuta dauden bi alderdi desberdin lantzeko erabiliko dut: ordu pare bat erabiliko ditut egiturak eta automatismoak lantzeko (lehen urtean elektronikarik ez dut sartuko baina hurrengo ikasturterako asmoa daukat Arduinorekin zerbait egiteko) eta geratzen dena, programatzen ikasten pasako dugu. Scratch landuko dut ikasleekin. Uztailen, semearekin laguntzarekin, sekuentzia didaktikoa diseinatzen aritu gara. Izugarri gozatu dut Enekorekin materiala prestatzen; ea ikasleek nik disfrutatu dudanaren erdia gozatzeko aukera duten. Hala bada, egindako lanagatik jaso beharreko ordaina jasota geratuko da. En paz.

DBH2

Hemen ere teknologiako gaia jorratuko dugu. Gaiarekin nire lekua hartzea kostatzeaz gain, nerabezaroaren muga gainditu berri duten DBH2ko gaztetxo hauen artean semea izango det. Beraz, taza bat ez, taza eta erdi! Hor goran, zeruan, norbait balego, zera erregutzen diot: adin honetan dituzten “errealitate paraleloko erreakzio paranormalen” aurrean pazientzia eta indar infinitoz erantzuteko superbotereak emateko. Eta semearentzat, Frodo BolsĂłn-en kapa magikoa, aurrean dudanean ikusezina bihurtzeko! 😉

Talde berezia da, oso aktibo eta mugitua, hiztunak eta oraindik elkarri entzuten ikasi gabe daudenak. Uste dut aukera polita daukadala talde-lanaren inguruan jarduera desberdinak martxan jartzeko. Proiektuen ideatze fasetik hasi, diseinu eta gauzatze faseetaraino, entzute aktiboa, pentsamendu kritikoa, taldearen kohesioa, arazoei taldean irtenbide ematea lantzen denbora dezente pasako dugula. Proiektu guztiek (ez bakarrik teknologikoek) taldean ondo funtzionatzen dakiten ekipoak behar dituzte atzean. Ikasleek hori ulertzea heltzen badira aurten, ahaleginak mereziko du.

DBH4

Azken bi urte hauetan, irakasle bezala inoiz eduki dudan esperientziarik aberasgarrienari amaiera eman ondoren, garbi nuen, ikastola Aniztasun Curricularreko talde berri bat martxan jartzeko proposamenarekin etortzen bazitzaidan, baiezko garbi bat emango niola. Proposamena, etorri, etorri zen eta propinarekin gainera: Amaia izango zen nirekin batera ikasle talde honekin arituko zena. Yujuu!

Aurtengo taldea, aurreko bi ikasturtetan nirekin aritu denarekiko oso desberdina da. Iazko taldean neskak ziren nagusi, aurtengoan, berriz, mutilak. Materia prima bikaina daukat taldean baina oraindik proposatu diedan egoera berrira ohitzea falta zaie. Urte asko egin dituzte ikastolan eurengandik espero den rola betetzen eta, horren aurrean, asko dira denborarekin hartu dituzten bizio eta ohiturak. Hori dela eta, arrankatzea kostatzen ari zaigu. Desikaste prozesuari uste baino denbora gehiago eskaini beharko diogu, beraz. iazko promozioarekin bizitako esprientzia positiboak errepikatu nahi baditugu.

Urte asko dira ez nuela ikasturte berria aurtengo txisparekin hasten. Ikasgai aldaketaz gain, uztailean saltsa berrietan sartuta ibili naiz eta ordutik aurtengorako ekimen berri bat martxan jartzeko aukera izango ote nuen edo ez zintzilik geratu zitzaidan. Atzo jakin nuen orduan ereindako haziek fruitua eman dutela eta nik eta nire ikasleek esperientzia berriak bizitzeko aukerak izango ditugula. Tarte bat dudanean, blog hau oraindik jarraitzen duzuenoi, honen inguruan informazio gehiago emango dizuedala agintzen dizuet.

Zuei, blog honen jario oraindik jarraitzen duzuenoi, esker mila hor egoteagatik eta barkatu hainbeste denboran blog hau umezurtz uzteagatik. 😉

Google: “Don’t be evil” ala “The Big Brother”?

Uste dut nire printzipio eta baloreekin koherentziaz jokatzea izan daitekeela nire nortasunaren ezaugarri nagusienetako bat. Bai nire harreman pertsonaletan baita nire jardun profesionalean garrantzia handia ematen diot kontu honi. Nire buruari jartzen diodan exijentzia hori beti betetzea ezinezkoa dela onartuta ere, okerreko bidetik noala uste dudanean ahalegintzen naiz nire filosofiarekin kontsekuentea izaten.

Ikuspegi profesional batetik, teknologia eta bere erabilerari lotutako gaietan filosofia honekin kontsekuentea izatea lehentasuna izan da niretzat beti. Ikastolan egin genuen software askearen aldeko apustua edo dinamizatzaile bezala nuen rola alde batera uzteko erabakia, besteak beste, horren lekuko izan daitezke.

Bada puntu bat, halere, aspalditik kezkatzen nauena. Arazoa Google da. Google-ekin konfliktoa daukat (pertsonala eta profesionala), izan ere, kontzienteki nire printzipioen aurka aritu naizela badakit baina ez dut ikusten konponbide garbirik.

Nire kezkak aspalditik datoz, GApps ikastolan martxan ipintzea erabaki genuenetik. Ordurarte Google-en presentzia gure ikastolan anekdotikoa zen (bilatzailea, batez ere, “early adopters”-etako batzuk GMailekin hasita geundelarik). Ordutik hona Google-en eragina gure bizitza digitalean areagotzen joan da baita gure ikastola barruan sortu eta partekatzen dugun informazioan ere. Tarteka Mikelekin hitz egiten dut kontu honi buruz baina arriskuak ikusten baditut ere, nola jokatu, zer egin… ez daukat batere garbi. Aurrekoan Mariano Amartinoren “paranoiak” irakurri ondoren, berriro agertu dira kezka horiek. Hauxe nire dilema:

Don’t be evil

Ez ditut Google-en enpresa barruko estrategia zehatzak ezagutzen baina erabiltzaile bezala beti iruditu zait bezeroekiko jarrera irekia eta “legala” duen enpresa bat. Bezeroekin zuzeneko harremana (GApps-eko administratzaile bezala zuzenean egiaztatu dut); pribatutasunari ematen dioten garrantzia (hanka sartu dutenean ere, egindako errorea berehala konpontzen ahalegindu dira); informazio pertsonala bezeroak berreskuratu ahal izateko egindako ahalegina (nahiz eta gero beste zerbitzu batzuekiko “interoperatibitatea” oso garbi ez egon); kode ireki eta software askearen aldeko jarrera garbia (Android da adibide garbiena)…

Honi guztiari gehitu beharko genioke euren produktu gehienen kalitatea, erabilerraztasuna, etengabeko hobekuntza eta… prezioa 🙂

The Big Brother

Asko daki Google-ek gure ikastolari buruz. Batzuetan arazo hau erlatibizatzeko joera izaten dugu (“tira, zergatik jakin nahiko du Google-ek ezer niri buruz”). Tremendismoan erori gabe, uste dut ezin dela kontu hori alde batera utzi. Gai honek ez dauka bakarrik eragina ikastola barruan (azken finean guk erabiltzen dugun GApps for Education zerbitzuan Google-ek ez digu publizitaterik txertatzen), eragina dauka gure ikasleen etorkizunean. Izan ere, ikastola barruan Google tresnak erabiliz ikasleak enpresa honekiko fidelizatzen ari gara, ikastolatik irteten direnean Google-en aplikazioak erabiltzea “behartzen” ari gara, neurri batean. Kontu etiko eta filosofiko hauek, zoritxarrez, bazterrean geratzen dira eskoletan teknologiari buruz ari garenean baina nik uste dut ezin ditugula alde batera utzi.

Alderdi teknikotik ikusita, Google-ekin daukagun arazo hau SaaS ereduaren ondorio zuzena da eta esparru horretan lan egiten duen beste edozein enpresarekin berdin-berdin izango genuke. Google-ek, ordea, zerbitzu horiek dohain eskaintzen dizkigu. Google-ek muntatu digun azpiegitura hori guk geuk eraiki, martxan ipini eta mantentzea ezinezkoa da, ez ditugulako ezagutza tekniko nahikorik, ez daukagulako dirurik eta, nire iritziz, irakasle bat (edo bi, edo hiru…) zeregin horietara betirako hipotekatzea errore bat delako.

Zer egin orduan? Nola konpondu Google-ekiko barruan daukadan gatazka hori?

“Ordenadores en el aula: la clave es la metodologia” liburua erosi dut

Ez dut gogoratzen zenbat denbora pasa den esku artean liburu bat azkenekoz izan nuenetik. Herenegun “Ordenadores en el aula: la clave es la metodología” liburua jaso nuen. Arraroa egiten zait berriro paperaren taktua sentitzea behatzetan.

Ez dut gogoratzen non eta noiz izan nuen liburu honen berri lehenengoz baina Grao argitaletxearen webgunera joan eta liburuaren inguruan zetorren deskribapena irakurri ondoren liburua interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen eta, aspaldiko partez, liburua erostea erabaki nuen. Argitaletxe berak eskaintzen dituen beste liburu batzuk kontsultatuta, jabetu nintzen eBook-a erosteko aukera bazegoela, beraz, hau ere formatu digitalean erostea erabaki nuen (anotazioak hartu eta gero hauek esportatzeko aukera izatea oso baliagarria iruditzen zait). Baina, bitxia bada ere, teknologiaren inguruan diharduen liburu honek ez du bertsio digitalik, beraz, azkenean paperezko bertsioarekin konformatu behar izan dut. Hainbeste denbora pasa ondoren pantailatik irakurtzen, arraroa egiten zait paperera bueltatzea.

“Ordenadores en el aula: la clave es la metodologia” liburuaren deskribapen laburrean ondorengoa irakur daiteke:

Los ordenadores ya han llegado o llegarĂĄn pronto a las aulas. Este libro nos ayudarĂĄ en los cambios que esto representa en el dĂ­a a dĂ­a y que se deben sostener en tres grandes columnas: los contenidos, las metodologĂ­as, las herramientas y los recursos tecnolĂłgicos.

Garbi dago, beraz, liburu hau ez dela gai zehatz eta konkretu baten inguruan gehiegi sakontzen duen horietakoa, analisi mamitsuak biltzen dituen horietakoa. Alderantziz, curriculuma, metodologia eta teknologia bezalako gai zabalak ditu hizpide. Gainbegiratu batean, liburua nola dagoen antolatuta ikusita, burura etorri zait Jordi Adellek Bilbon aurkeztutako TPACK eredua izan daitekeela bere erreferenteetako bat.

Testuinguru horretan liburua 22 ataletan banatzen da beste hainbeste autoreen eskutik. Lehenengo bostak aldakuntza metodologikoarekin zerikusia dute (curriculum berria, konpetentziak eta interneten eragina) eta, nire iritziz, interesgarrienak dira. Aspalditik jarraitzen ditudan Ramón Domenech eta Guida Al¡lès ekarpenak, adibidez, bloke honetan kokatzen dira. Geratzen diren beste atal guztiak baliabide teknologikoen erabilerari lotutako jarduera didaktiko berritzaileen deskribapenak dira. Uste dut liburuaren erosketa justifikatzen duten edukiak direla.

Baina liburua erosteko bigarren mailako beste arrazoi bat ere badut. Izan ere, aspalditik buruan darabilkidan ideia bat kontrastatzeko gogoa daukat. Alegia, liburua idazten duten autore guztiak blogariak dira, batzuk beste batzuk baina gehiago agian, baina denek parte hartzen dute modu aktiboan sarean. Askok euren teoriak, lanak eta bestelako ekarpenak sarean partekatu dituzte. Hori horrela izanik, egiaztatu nahi dut ea liburu honek ekarpen horiek soilik biltzen ote dituen edo ekarpen horiek aberastu eta osatzen duten informazio gehigarria eskaintzen duen. Ez dakit, baina Guida Al¡lès zatia gainetik begiratuta, adibidez, konturatu naiz eskaintzen dituen grafiko asko dagoeneko sarean aurkitu eta gordeta ditudanen berdinak direla.

Liburua irakurtzen noan heinean bertan aurkitutako ekarpen interesgarrien inguruko aipamenak egingo ditut blog honetan. Aterako ditut ondorio zehatzagoak amaitzen dudanean.