Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) estrategia didaktiko bezala: ezaugarri orokorrak (II)

Proiektuen garapen eta ebazpenean oinarritutako metodoetaz hitz egiten dugunean hezkuntzaren ikuspegi konstruktibista bati buruz ari gara non ikasleek euren ikaskuntza prozesuen gaineko ardura hartzen duten eta, era berean, egoera errealetan oinarritutako atazen ebazpenerako euren ezagutzak eta trebetasunak jokoan ipintzen dituzten. Ikuspegi honetatik, POIa antzeko praktikak bultzatzen dituzten beste hainbat estrategien multzo berean ipini genezake, hala nola, arazo edo galdera konplexuen ebazpenak, webquest-ak, ikerkuntza zientifikoak, tertulia dialogikoak, rol jokoak eta jendaurreko emankizunak… beste hainbesteren artean.

Aurreko sarreran aipatzen nuen moduan, guztiak dira metodologia aktiboak, ikaskuntza kooperatiboan oinarrituak (ondo garatzen badira behintzat)  eta adimen anitzen garapena bilatzen dutenak.  Iaz nire ikasleekin horietako batzuekin probatu nuen:

  1. Talde kohesiorako jarduera laburren sekuentzia bat
  2. Arazo baten ebazpenean oinarritutako proiektu bat
  3. Datu eta informazioaren ikerketa eta analisian oinarritutako proiektu bat
  4. Rol joko batean oinarrritutako webquest bat
  5. POIaren definizioari erantzuten dion proiektu bat

Didaktika kontuetan nik baino eskarmentu gehiago dutenek ziurrenik gai izango dira estrategia desberdin hauen arteko mugak bereizteko. Niri, egia esan, oraindik kosta egiten zait. Zehaztu beharko banitu bakoitzaren ezaugarri propioak zalantza asko izango nituzke. Urtebeteko esperimentazio laburraren ondoren jasotako esperientzian oinarrituta, sailkapena azpiko irizpide hauen inguruan egin daitekeela baieztatzea ausartuko nintzateke:

  • Lan-sekuentziaren egituratze maila: zenbateraino den ikaslea ikas-sekuentziaren diseinua eta ebazpenaren arduraduna. Edo beste modu batera esanda: zenbateraino dagoen gidatuta irakaslearengandik  ikaslearen ikas-prozesua. Ikaslearen autonomia mailari buruz ari naiz, beraz.
  • Atazaren konplexutasun maila: atazaren ebazpenaren bitartez lortu nahi diren helburuak arlo jakin bakar batekoak ote diren edo jakintzagai desberdinak jorratzeko diseinatuta dagoen. Alegia, zenbateraino den multidiziplinarra ikasleei zehaztutako ataza.
  • Denboraren antolaketa eta iraupenaren zurruntasun maila: Proiektua denbora tarte zehatz eta labur batera mugatuta ote dagoen edota hito edo mugarriak gauzatzen diren heinean denbora epeek etengabeko errebisioa jasotzen ote duten.

Kontu honek bereziki interesatzen nau. Izan ere, iaz jabetu nintzen ikasleek konplexutasun maila desberdineko proiektuak gauzatzea eskertzen zuten zerbait zela. Proiektu astun eta luzeek ikasleen interesa eta motibazioa ahultzeko joera zeukaten. Nonbait badirudi ataza konplexuen ebazpena denboran zehar gehiegi luzatzeak ezintasuna eta nekea sortzen duela ikasleengan.

Antzeko ondorio batera heldu ziren nire lankideak Ikastolen Elkartetik diseinatutako esperimentazio faseko sekuentzia didaktiko desberdinak burutu zituztenean. Arlo desberdinetako irakasleek euren arloari zegozkien proiektuak aldiberean ipini zituzten martxan eta ikasleen artean halako saturazio puntu bat nabaritu zuten.

Horrela, etorkizunari begira, uste dut beharrezkoa dela ondo aztertzea nola ezarri estrategia hauek gela barruan ikasleen interesa bizirik mantentzeko. Intuitzen dut bidea, denbora epe zehatzetan (laburrak beti), burutzen diren lan-sekuentzia multidiziplinar (jakintzagai desberdinetako helburuak modu integratuan lantzen dituenak), ireki (euskarri eta baliabide anitzak erabiliz) eta anitzak (adimen eta konpetentzia desberdinak jokoan ipintzen dituztenak) erabiltzea dela. Eta amaieran konplexutasun maila handiagoa duen ikas-sekuenztia bat ezartzea (POIan oinarritutakoa adibidez) aurretik ikasleek ikasitakoa egoera berrietara  transferitzeko gai direla egiaztatzeko.

Gustatuko litzaidake ezagutzea nik baino denbora gehiago daramatenek nola ikusten duten kontu hau. Izan ere, irudipena daukat POIa erabiltzen dugunok asko garela baina ez dakit zenbateraino garen gai etapa edo zikloko helburuak behar bezala lotzeko metodologia honekin. Norbaitek bere iritzia iruzkinetan utzi nahi badu, aldez aurretik eskertzen diot detailea.

Edonola ere (eta harira bueltatuz), POIaren ezaugarriak zehaztu nahi baditugu, kontu hauetan aitzindaria den Buck Institue For Education erakundeak zer dioen aztertzea litzateke egokiena. Kaliformiako erakunde honek denbora luze darama POIaren oinarriak aztertzen eta irakasleon esku baliabide ugari ipintzen. POIa ezartzen denbora bat daramatenentzat ezagunak izango dira erakunde honek POIrentzat zehazten dituen ezaugarri orokorrak. Apaltasun osoz, ni ere ekarpentxo propioren bat edo beste eranstea ausartu naiz:

1) Erabiltzen diren edukiak ikaslearentzat esanguratsuak eta nabarmenak dira, egoera eta arazo errealak aurkezten baitituzte.

  • Ikasleek gai eta galdera konplexuen gaineko iritzi propioak garatzeko aukera dute.
  • Euren trebetasun eta interesekin bat datozen edukiak zeintzuk diren ezagutzeko aukera dute.
  • Gertuko inguru sozialean interesa pizten duten eta egun nabarmenak diren gaien inguruan lan egiteko aukera dute.
  • Euren eguneroko esperientziaren arabera, zeintzu jakintzagai jorratzea beharrezkoa duten mugatzeko aukera dute.

2) Jarduerek ikasleei zehaztu zaien arazoa ebazteko beharrezkoa duten informazio bilatzeko aukera ematen diete, baita euren ezagutza propioa eraikitzeko aukera ere, buruan gordetzea (memorizazioa) eta transferitzea (egoera berrietara aplikatzeko) erraztuz.

  • Garbi dago, beraz, Oinarrizko Konpetentzien garapenerako estrategia aparta dela.
  • Ikasleei parte-hartu eta euren ezagutza frogatzeko aukera anitzak eskaintzen zaizkie. Horrela, ikasleen indarguneen gainean eraikitzen da.
  • Ikasleen adimen eta gaitasun desberdinak kontutan hartzen ditu, hauen arabera ikasteko estilo desberdinekin bateragarria izanik.
  • Gurasoek euren seme-alaben eskola jarduerari buruzko informazio zabala eta, kasu askotan, berria izateko aukera dute.
  • Ikasleak benetan ezagutu eta horrela bidezkoa izango den ebaluazio integrala egiteko aukera ematen du.

3) Ekoizpen prozesuekin lotutako gaitasunak eskuratzeko aukera ahalbidetzen du, baita ikaskuntza autonomo eta etengabeko hobekuntzarekin erlazionatutako trebetasunak.

  • Trebetasun profesionaletan eta diziplina estrategietan murgiltzeko eta barneratzeko bitartekoak eskaintzen ditu (adibidez, literatur kritika, ikerketa historikoak, antropologia, negozioen administrazioa, arkitektura, ikerketa zientifikoa, koreografia…)
  • Planifikazioarekin, jarraipenarekin, monitorizazioarekin eta ebaluazioarekin lotutako trebetasunak eta estrategiak eskuratzeko baliagarria da.
  • “Ikasten ikasteko” konpetentziarekin lotutako trebetasun eta jarrerak ikasi eta aplikatzeko beharrezkoa den giroa lortzen laguntzen du (adibidez, notak hartu, mapa kontzeptualak egin, entzun, galdetu…)
  • Autonomia, iniziatiba eta iraunkortasuna garatzen laguntzen du.
  • Trebetasun metakognitiboak garatzen lagundu eta bultzatzen du.
  • Arlo desberdinetako kontzeptuak integratuz ikaskuntza signifikatibo bat bermatzen du
  • Helburu kognitibo, sozial eta emozionalak bizitza errealarekin lotzeko aukera ematen du.

4) Ikaslearen autonomia eta bere ikaskuntza prozesuaren gaineko ardura areagotzen du.

  • Ikaskuntza mekaniko eta memoristikoak zentzua galtzen du. Ikaslea ohituta dagoena baino erronka handiago eta konplexuagoa suposatzen duen lan mota batean murgiltzen da.
  • Gazteek berezkoa duten kuriositatea eta jakin-mina suspertzen du. Horrela ikasleen partaidetza areagotzen du eta, ondorioz, oso egokiak ikusten dira ikasleen konpromisoa eta motibazioa bizirik mantentzeko.
  • Egun hain ohikoa den  jarrera pasibo batetik iniziatiba eta jarrera proaktiboa izatera pasatzen dira: gehienetan parte hartzen ez duten ikasleak engantxatzeko baliagarria da.

5) Proiektuak gauzatzen diren baldintzen arabera, ohiko izpiritu konpetitiboaren ordez, elkarlanean oinarritutako trebetasunak garatzeko aukera dute ikasleek, izan ere, proiektuak arrakasta izan dezan interdependentzia eta elkarlana ezinbestekoak dira.

  • Egun oraindik nagusi den bakarkako-lanaren hegemoniarengandik ihes egin nahi da, lan-kooperatiboaren estimulazioa bilatuz.
  • Talde-lanarekin eta bitartekaritzarekin erlazionatutako trebetasun sozial desberdinak garatzeko lagungarria da.
  • Besteak beste, kooperazioarekin eta gatazken konponbidearekin erlazionatutako kontzeptu, balore eta pentsamoldeak bultzatzen ditu.
  • Giro ez-konpetitiboa eta elkartasunezkoa ezartzen du.
  • Ikaskuntzaren ardura irakaslearengandik ikaslearengana (osotasunean edo partzialki) transferitzeko bitartekoak eskaintzen ditu.

6) Edukien barneratze soila bultzatzen duten estrategiekin gertatzen ez den bezala, goi mailako prozesu kognitiboak mobilizatzen ditu.

  • Ondo diseinatutako proiektu bat edukiak memorizatu, gogoratu eta aplikatzetik harago doa.
  •  Arazo egoerari irtenbidea emateak (planifikazio, garatze eta gauzatze faseak burutuz) inplizituki darama analizatu, ebaluatu eta sortzea.
  • Joera badago ere proiektuetan zehaztutako atazak zerbait “sortzearekin” lotzea (arlo teknologikoari lotuta askotan), analisia eta ebaluazioan oinarritutako atazak ere ohikoak dira (pentsamendu kritikoaren garapenarekin lotuta daude gehienak).

7) Ikasle nahiz irakasleengandik gehienetan baztertuak izaten diren curriculum ezkutuaren edukiak landu eta helburuak lortzeko oso baliagarriak dira.

  • Curriculumaren periferian kokatzen ditugun helburuak barneratzeko (Perrenoud-ek aipatzen dituen “Educaciones para…”  ) estrategia aparta da.
  • Kasu gehienetan, ohiko ordubeteko saio lektiboen egitura tradizionaletan lortzen diren emaitzak baina hobeagoak lortzen dira bide honetatik.
  • Zeharlerro moduan definitzen diren helburuak (konpetentzia digitala, elkarbizitza, etabar) protagonismo zuzena hartzen dute metodologia honekin.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) estrategia didaktiko bezala: justifikazioa (I)

Eskola gehienetan gela barruko eguneroko dinamika nolakoa den ezagututa kontrakoa badirudi ere, ikasleei aurretik zehaztutako helburuen lorpena bermatzeko modu desberdin asko ditugu irakasleok. Gehiago oraindik, curriculumak zehazten dituen helburu horiek benetan lortu nahi badira, gelan erabili beharko genituzkeen estrategia didaktikoak helburu horietara egokituta egon beharko lirateke, eta ez alderantziz, gehienetan gertatzen den bezala.

Alegia, helburua “Problema matematiko sinpleak eta eguneroko problemei soluzioa emateko estrategia pertsonalak landu, estrategien komenigarritasuna emaitzen analisiaren arabera baloratuz” izanda, gela barruan erabili beharko genukeen metodologia “Bigarren mailako ekuazioak sailkatu eta ebatzi kasu bakoitzean formularik egokiena aplikatuz, eta problemak ebatzi, metodo analitikoari jarraituz” helbururako erabiliko genuenarekiko desberdina izan beharko litzateke. Baina irakasleok curriculumaren azken zehaztapen mailan definitutako helburu sinple hauei soilik erreparatzen diegu ia beti eta gehienetan “edukiak memorizatzeko” prozesuekin nahasten ditugu, ziklo edo etapako helburu orokorrak erabat desbirtuatuta geratzen direlarik (eta konpetentzien garapena, zer esanik ez)

Ikasleek garatu behar dituzten konpetentzien eta lortu behar dituzten helburuen zerrenda zabala eta anitza bada ere, irakasleok jarraitzen dugu buru-belarri estrategia didaktiko bakarra erabiltzen kasu gehienetan, batez ere, bigarren hezkuntzan: edukien memorizazioari lotuta dagoena eta oinarria irakaslearengan ipintzen duena, hain zuzen ere. Bide horretatik curriculumak zehazten dituen helburu eta konpetentzia orokorrak garatu gabe geratzeaz gain, ikasteko modu “uniforme” horien aurrean eroso sentitzen ez diren ikasleak “bidean geratzen zaizkigu”. Gure praktika sinplista eta errazak (erosoa ere, esan beharko nuke) baztertu egiten ditu metodologia alternatiboekin “figurak” izatera heltzeko aukera izan dezaketen ikasle asko (tira, aipatu dugu hau ere beste behin, futbol jokalari ezagun baten adibidearekin).

Laburtuz, irakasleok gure konfort egoeratik irten beharko ginateke eta estrategia didaktiko berriei lekua eman beharko genieke gure eguneroko praktikan bi arrazoi nagusirengatik:

  • Konpetentzietan oinarrituta curriculum berriek markatzen duten bidearekin koherenteak izateko
  • Ikasleen aniztasunak suposatzen duen “aberastasunari” (zenbat eskoletako IHPetan ez den agertuko hain dotore geratzen den esaldi hau, baietz?) benetako erantzun bat emateko

Asko dira aurreko bi helburu horiei egokitzen zaizkien estrategiak. Nik esango nuke guztiek hiru ezaugarri komun dituztela:

  • Metodologia aktiboak dira; jakite soilarekin baino egiten eta izaten jakitearekin erlazionatuta daudenak.
  • Ikaskuntza kooperatiboan oinarritzen dira; aniztasunari erantzuteko bide bakarra dela egiaztatuta dagoela esango nuke nik.
  • Adimen anitzen ebidentziak jaso eta hauen garapena bilatzen dute.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI euskaraz; Project Based Learning (PBL) ingelesez) helburu bezala goiko biak eta ezaugarri bezala aurreko hiruak dituen estrategia didaktiko bat da, beste hainbesteren artean.

Amaitzeko, ez dugu nahastu behar Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ohiko metodologia tradizionaletan osagarri moduan erabiltzen ditugun praktika, esperimentu edota proiektu osagarriekin. Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza estrategia didaktiko INTEGRALA da, ez dator beste estrategiak dituzten hutsuneak osatzera. Gainera, egungo gizarteak dituen ezaugarri eta eskakizunetara beste estrategia batzuk baino hobe EGOKITZEN da. Eta azkenik, IKASLEAREN INDARGUNEEN gainean eraikitzen da, euren interes arloak ikertzeko eta sakontzeko aukera eskaintzen dielarik.

Hasi besterik ez dut egin dut POIarekin. Aipatu ditudan helburu, ezaugarri eta irizpide horiek marko orokor bezala hortxe baldin badaude ere, jabetuta nago baita ere, marko orokor hori errealitate bat izateko oraindik aldaketa estruktural asko behar direla nire ikastolan; arlo edo ikasgaien birplanteamendua, curriculumaren ezarpenaren analisi errealista eta eguneratu bat, espazio fisiko eta denboraren berrantolaketa bat, ebaluazio sistemaren egokitze eta gaurkoratzea… Horiek datozen bitartean, bidea egiten ikasten joan beharko gara, ez ago beste erremediorik.

Jarraituko du…