2 Sigma arazoa eta ikaskuntzaren pertsonalizazioa

Duela egun batzuk Angel Fidalgok idatzitako ¿Qué es el problema 2 Sigma? artikulua irakurri nuen. Artikulu horretan Benjamin S. Bloom-ek 1986an argitaratu zuen ikerketa lan baten berri ematen da. Bloomek egindako lan horretan, ikasleko irakasle ratio desberdinen eta lortzen diren emaitza akademikoen arteko harremana aztertzen da. Horrela, ikasleak hiru lagin talde desberdinetan banatzen ditu eta hauetako lagin bakoitzeko ikasleek lortzen dituzten noten batazbestekoak aztertzen ditu. Hiru laginen ezaugarri orokorrak hauek dira:

  1. “Conventional” izeneko taldea: irakasle bakar batek 30 ikaslez osatutako talde bati ematen die klase (1:30 ratioa) eta hauen “ikaskuntza maila neurtzeko” froga kuantibo tradizional eta periodikoak erabiltzen ditu.
  2. “Mastery Learning” izeneko taldea: aurrekoan bezala, irakasle bakar batek 30 ikaslez osatutako talde bati ematen die klase (1:30 ratioa), metodo tradizional berdina erabiliz, baina ebaluazio kuantitatibo edo sumatiboaz gain, ebaluazio formatzailearekin zerikusia duten frogak eta neurri zuzentzaileak erabiltzen ditu.
  3. “Tutoring” izeneko taldea: irakasle bakarra ikasle bakoitzarekin, alegia, 1:1 ratioa. Jarraipen indibidual eta pertsonalizatua egiten zaio eta ebaluazio formatiboa erabiltzen da nagusiki, neurri zuzentzaile osagarriekin.

Bloomek lortutako emaitzak azpiko grafikoan ikus daitezke.

Iturria: http://innovacioneducativa.wordpress.com/2014/02/02/que-es-el-problema-2-sigma/
Iturria: http://innovacioneducativa.wordpress.com/2014/02/02/que-es-el-problema-2-sigma/

Bertatik deduzitu daitekeen ondorio nagusia, beste hainbesteen artean, hauxe da:

“Tutoring taldeko ikasle baten batezbesteko kalifikazioak Conventional taldeko ikasle batena baino %98 hobeagoak dira (2xSigma hobeagoak)”

Ikerketa guztiekin gertatzen den moduan, honetan ere emaitza hauek erlatibizatu beharko lirateke, izan ere, bakarrik ikasten duen ikasle batek gauza asko uzten ditu ikasi gabe eta ikaskuntza prozesuaren jarraipena kalifikazio soilekin baino gehiagorekin egiten dela uste dut nik. Dena den, ukaezina da emaitza horiek irakasleok aspalditik dakigun zerbait oso garbi azaltzen dutela: ikaskuntzaren pertsonalizazioa areagotzen den neurrian, hau are eta esanguratsuagoa eta sakonagoa bihurtzen da. Eta ikasleko irakasle ratioaren txikitzea horren mesederako den erabaki pedagogiko garrantzitsua da. Baina ez bakarra (Finlandiak, adibidez, ez ditu ratio bereziki txikiak gure ikastolekin alderatzen badugu).

Badira ikaskuntzaren pertsonalizazio horretan lagun dezaketen beste erabaki pedagogikoak. Aipatutako irakasle/ikasle ratioarekin batera nik esango nuke azpiko biak izan daitezkeela garrantzitsuenak:

  1. Malgutasun curricularra, helburu eta edukien aldetik, nagusiki. Ez dira existitzen guztientzat balio duten eduki edo helburu pedagogikoak.
  2. Metodologia aktiboak eta partaidetza demokratikoa bilatzen duten neurriak. Helduok bezala, gure ikasleek ikasteko estilo desberdinak dituzte eta guztiei eman behar zaie aukera euren modura ikasteko.

Dudarik gabe, badira ikaskuntza prozesua eraginkorragoa bihur dezaketen bestelako erabaki pedagogikoak ere, esate baterako espazioen berrantolaketa, eskola egutegi eta ordutegiaren egokitzapena ikasleen bizi-erritmora, ikasleen sailkapen edo banaketa ereduaren birplanteamendua,… Agian pentsa daiteke egungo hezkuntza sistemak ez duela malgutasun nahikorik horrelako erabakiak aurrera eramateko. Nik ez dut horrela pentsatzen. Izan ere aurretik aipatutako erabaki horiek guztiak (seirak) gure ikastolan martxan ipini ditugu Aniztasun Curricularreko taldearekin. Eta talde batzuetatik besteetara aldeak izaten badira ere, ikasleek egoera berri honetan adierazten duten ikaskuntza prozesuaren bilakaera aurreko ikasturteekiko alderatuta nabarmenagoa izaten da. Zoritxarrez badirudi erabaki pedagogiko hauek eskolen marjinetan soilik planteatzea ausartzen garela; gutxi dira erabaki hauek eskola osora zabaltzea ausartu diren zuzendaritza taldeak.

Bigarren Hezkuntzan nik esango nuke, poliki-poliki bada ere, aurrean zerrendatutako bi alderdi horien inguruan urratsak ematen hasiak garela. Nire ustez irakasleriaren zati bat behintzat jabetzen ari da curriculuma ezin dela izan itotzen gaituen tresna bat, malgutasun curricularra bidezkoa (ikasle guztientzat, gainera) eta mesedegarria dela, eta badirela ohiko eredu akademizista baina eraginkorragoak diren metodologiak, ikasle guztien ikaskuntza estiloetara hobeto egokitzen direnak.

Dena den, oso zentro gutxi dira irakasle/ikasle ratioa handitzearen aldeko apustua egin dutenak, eta nik ezagutzen ditudan guztiak Euskal-Herritik kanpo daude. Jarraitu aurretik, agian argitu beharko nuke ez naizela ari sindikatuek ikasturtero egiten duten aldarrikapenari buruz, alegia, irakasle gehiago eskoletara eramateaz. Ez, ez naiz ari hori buruz. Eskola barruko antolaketan aldaketak burutuz, irakasle bakoitzak bere lanaldi osoan dituen ikasle kopurua txikitzeaz ari naiz. Ez da ezer berria bestalde. Bai Eskolaurrean baita Lehen Hezkuntzan ohikoa den zerbait da.

Etapa horietan irakasle/ikasle ratioa 1:20, 1:25, 1:30 balioetan dabilen bitartean (salbuespenak salbuespen), DBHn ratio hori 1:70, 1:100ekoa izatera heldu daiteke (edo gehiago irakasle batek ikasgai desberdinak irakatsi behar baditu) Egoera hau, administrazioak hartuta duen aspaldiko erabaki baten ondorioa da eta halako kontraesan bat adierazten du: hasierako etapetan ikaslearen gertuko jarraipenari ematen bazaio lehentasuna, irakaslea ikas arlo desberdinak gela berberarekin landuz, DBHn egoera honi buelta ematen zaio: ikaslearen jarraipen pertsonalizatua bigarren plano batean uzten da, irakasle “aditu” profilari lehentasuna ematen zaion bitartean, ikaslearen jarraipena berarentzat arrotza den irakasle baten esku uzten delarik.

Blog honetatik pasatzeko ohitura duzuenok, hemen bertan edo beste blog askotan, eskola moderno batek ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren erdian ipini behar duela askotan entzun eta irakurriko zenuten. Irakaslea prozesu horren gidari eta laguntzaile izan behar duela ziur nago behin baino gehiagotan entzungo zenutela. Ikasleak orain dakiena baino garrantzitsuagoa dela ikasteko gai izango dena, Internet gure oroimen osagarria dela eta horregatik hainbat edukik garai batean izan zuten garrantzia galdu dutela, dagoeneko mila bider entzunda egongo zarete. Eta horrek guztiak gizartean indarra hartzen duen bitartean, administrazioak jarraitzen du irakasleriaren hautaketa eta banaketa euren ezagutza esparruaren arabera egiten, urtetan ikaskuntzaren pertsonalizazioari eman zaion garrantzia hankaz gora ipiniz.

KugelNi pertsonalki aspalditik nago erabat identifikatuta Peter Kugelek planteatzen duen irakasleon garapen profesionalaren ereduarekin: nire edukiak prestatu eta azaltzeko dudan gaitasunaren gainetik dago nire ikasleak euren kabuz ikasten irakasteko gaitasuna, edozein dela jakintza arloa. Denborarekin jabetu naiz, gidari didaktiko on baten helburua ikasle autodidaktak sortzea izan behar duela.

Gauza jakina da administrazioa eta, oro har, euren ikastetxeen gaineko kontrola duten sare kontzertatuko erakunde gorenek, motel dabiltzan erakundeak direla, garai berrietara egokitzeko ahalmen gutxi dutela edota gizarteak dituen eskakizun desberdinak izaten dituztela. Beraz, ez du zentzurik kontu hauen inguruan etengabe kexatzen aritzea. Uste dut legeak eta curriculumak malguak izateko aukera ematen dutela eta ikastetxe bakoitzak autonomia nahikoa baduela bere barne antolaketan beharrezkoak ikusten dituen moldaketak egiteko. Ikastolon kasuan behintzat, uste dut hala dela.

Horrela, nik nire ikastolaUniversitat Autonoma de Barcelonako ICEko kideak diren Xarxa d’Instituts Innovadors-eko institutuek martxan jarri duten eredu berritzailea martxan ipintzea gustatuko litzaidake. Sare hau osatzen duten sei institutu publikoek DBHko maila bakar batean lan egiten duen irakasle talde finko eta multidiziplinarrak ipini zituzten martxan iazko ikasturtean. Irakasle-ekipo eredu berri horren ezaugarriak hauexek dira:

“Nuestro modelo de equipo docente es un grupo de cinco personas que se hace cargo de una promoción durante todo el curso escolar. Este equipo docente se encarga de impartir y evaluar todas las asignaturas, proyectos, salidas, seguimiento tutorial y actividades transversales. En definitiva, el equipo se responsabiliza globalmente del desarrollo del curso.”

Talde multidiziplinarrak dira, Aniztasun Curricularreko taldeekin egiten den modura, hizkuntza/gizarte eta zientzia/teknologiako irakasleez osatutakoa. Taldea osatzen duten bost irakasle horiek lanordu guztiak promozio berarekin burutzen dituzte. Ondorioz, irakasle horien dedikazio osoa ohikoa baino askoz ere txikiagoa den ikasle talde batentzat da, ikaskuntza askoz ere pertsonalizatuagoa izateko aukera ematen duelarik. Printzipioz, arrazoi horrengatik bakarrik nire ustez aldaketak merezi du. Baina erabaki pedagogiko horrek oraindik ondorio positibo gehiago dituela uste dut nik:

  1. Aipatutako malgutasun curricularra benetan praktikan ipintzea ahalbidetzen du. Ikaslearen jarraipena askoz ere gertuagokoa da, bakoitzaren beharrak askoz ere modu zehatz eta sakonagoan ezagutu daitezkeelarik. Horien arabera egokitzapen curricularrak (edukiak eta helburu pedagogikoen egokitzaenak) ezartzea, ikasleak taldetik atera beharrik izan gabe, askoz ere egingarriagoa dela iruditzen zait.
  2. Irakasle-ekipoa da lanketa globalizatuak edo proiektuak definitu eta aurrera eramaten dituenak. Metodologia aktiboak, adimen anizkunak, ikaskuntza estilo eta estrategia desberdinak… praktikan ipintzea borondate eta lan kontuak besterik ez dira. Lanketa horiek guztiak talde bakar bati zuzenduak direnez, ohiko antolaketa moduarekin baina askoz ere errazagoa da ikasle bakoitzak dituen ezaugarri propioetara ikasmaterial hori egokitzea.
  3. Espazioak eta ordutegiak nahierara berrantolatu daitezke, izan ere, aldaketa horiek ez dute beste inongo irakasle edo ikasgaiengan eragiten. Aukeratutako espazioak eta hauen antolaketa uneko lanaren beharretara egokitu daitezke, ikastetxean eragozpen handirik sortu gabe; ohiko ordubeteko saio lektiboekin apurtu daiteke uneko lanketak hori eskatzen duenean; eskolatik kanpora egiten diren irteera eta txangoak antolatzeko malgutasuna erabatekoa da…
  4. Irakasle eta ikasleek elkarrekin egiten dituzten orduak gora egiten dute. Ondorioz, elkar hobeto ezagutzeko aukera gehiago dituzte. Ikasle bakoitzaren lorpen akademiko nabarmenak bere portfolio pertsonalean jasotzeko modua sinplifikatzen da. Bere jokabide akademiko nahiz pertsonalaren behaketatik informazio sakonagoa lortzeko aukerak ugaritzen dira. Irakasleak ikasleak benetan behar duen laguntza zehaztu eta eskaintzeko bitarteko gehiago ditu. Alderdi honetatik, bakarkako tutoretzak zentzu osoa hartzen du, ez bakarrik tutoreak ikasle talde txikiagoa duelako bere jaraipena egiteko, baizik eta jarraipenerako ebidentziak ere askoz ere ugariagoak direlako.
  5. Ikaslearen ebaluazioan erabakitako neurri zuzentzaileen jarraipena eraginkorragoa da, izan ere, neurri horiek bost irakaslez osatutako talde batekin partekatzen dira, eta ez orain bezala, zazpi, zortzi edo gehiagoren artean partekatzen direla, horietako gehienek ikasle hori astean zehar hiru ordu baino gutxiago ikusten dutenean. Irakasle talde osoak ikasle bakoitzaren gaineko jarraipena modu koherenteagoan egiteko aukera lortzen da irakasle-ekipo finko hauekin.

Baina baliteke lan egiteko modu berri honen eragin positiboa ez izatea ikasleengan bakarrik. Izan ere, egungo mintegi, ziklo, maila, etapa eta direlako banaketaren ondorioz, irakasle bakoitza ondokoekin harremanik gordetzen ez duen irla txiki batean bihurtu batean (ni behintzat horrela ikusten dut nire burua askotan). Ekipo finkoen ezarpenak pedagogian eta didaktikan sakontzeko, kooperatzen ikasteko, konpetenteak izateko, elakrren arteko komunikazio eta koordinazioa areagotzeko edota erroreengandik ikasteko aukera paregabea eskaintzen digu irakasleoi. Eta uste dut horietatik guztietatik oso behartuta gaudela guztiok.

Leo Messi eta estrategia didaktikoak

Ikasle batek 15-16 urte betetzen dituenerako kontzientea da zein den bere papera eskola komunitatean, badaki zein rol ezarri zaion/aukeratu duen eta onartzen du (etsipenez kasu askotan) ingurukoek berari buruz duten pertzepzioa. Denbora asko pasa dute gauzak modu berean egiten, normaltasunez hartzen dute ikastea azterketak gainditzea dela eta azterketak gainditzen ez dituena “ikasle txarra” dela. Praktikan ipintzen dugun ebaluazio akreditatzailearen arabera, dituzten emaitza kaxkarrek etorkizunerantz hartu beharko duten trenean, azkeneko bagoietan soilik izango dutela lekua sinestera heltzen dira. Aurten daukadan taldean ikasleek aspalditik janda dute hori.

Ez da erraza hainbeste urtetan indarra hartzen joan den klixe horrekin akabatzea baina ikasturte honen hasieran nire buruari agindu nion nola edo hala, aurrekoarekin apurtu behar nuela ikasleak entxufatuta egotea nahi banuen aurten burutuko genituen proiektu berrietan. Aurrekoa desikasi (modan jarri den hitza hau ere) eta ikastea azterketak gainditzearekin bakarrik lotuta  ez dagoela ikasi, benetako ikaskuntza aldagai askoren menpe dagoela ulertarazi eta interpretazio askotara irekita. Nola egin hori ordea? Gelan Ordiziako futbol taldean jokatzen duten bi neska daude eta beraiek eman zidaten jarraitu behar nuen arrastoa.

Horrela, ikasturte honen hasierako klase batean gelara sartu eta hauxe galdetu nien nire ikasleei. – “Aizue, zuen iritziz nolako jokalaria da Messi?. Nola baloratuko zenuteke jokalari bezala duen kalitatea?” –. Aho-batez erantzun zuten guztiek munduko jokalaririk hoberena dela, denek goraipatu zuten bere “kalitatea”, “maila” handiko jokalari bat bezala ikusten dute. Ez nien eskatu jokalari bezala “nota” ipintzeko baina ziur nago, hala eskatuz gero, guztiek emango lioketela “hamar” bat.

Argazkia: Lionle Messi Vector Image - http://flic.kr/p/8YXiLS

– “Ba guztiek ez daukate zuek duzuen pertzepzio berdina, guztiek ez dute berdin pentsatzen” – esan nien bukatu zutenean. Hori entzun eta berehala batek ezetz, Ronaldo ez zela munduko jokalaririk hoberena esan zidan haserre 😉 Beste batzuk entzuna zeukaten Argentinan, bere jaioterrian, kritika asko jasotzen dituela bere herrikideengandik. Asko dira zalantzan jartzen dutenak bere “kalitatea“, bere “maila” eta ziurrenik, nekez lortuko luke “aprobatua” bere herrian. Ez hori bakarrik, askok kolokan jartzen dute bere gogo eta ahalegina, bere konpromsioa eta bere jarrera bere selekzioko kamiseta txuri-urdina defendatzen duenean.

– “Kontxo! Gogo falta, utzikeria, pasotismoa, kalitate edo maila falta, suspenditu…. Nola liteke jokalari berak hain ebaluazio/balorazio/kalifikazio desberdinak jasotzea talde batean edo bestean jokatzen duenean? Zergatik ez du “nota berdina” ateratzen Bartzelonarekin edo Argentinako selekzioarekin jokatzen duenean?” – galdetu nien berriro.

Mota guztietako erantzunak egon ziren:

  • Bartzelonak erabiltzen duen “sistema” desberdina omen da, aipatu zuten batzuk (– “estrategia desberdina erabiltzen dute, ezta?” – gehitu nien nik)
  • Talde bakoitzean postu desberdinean jokatzen duela ere aipatu zuten (beraz, – “zeregin edo eskakizun desberdinak ditu entrenatzaile bakoitzarengandik, ala?” – bota nien)
  • Batek aipatu zuen Bartzelonak ekipo bat bezala jokatzen duela eta pase gehiago jasotzen dituela horregatik; Argentinan berriz, elkarrekin gutxitan jokatzen duten jokalari indibidualista asko omen daude (hori bai ona! – ” batzuk “ekipo” bat eratzen duten bezala, besteak bakarka ari dira talde batean lanean, ez da gauza bedina” –)
  • Bartzelonan motibatuago jokatzen du, Argentinarekin oso urduri egoten da, esan zuen batek (seguraski – “porrotaren trataera, gauzak gaizki egitea, Bartzelonan edo Argentinan dituen ondorioak, desberdinak izango dira eta horrek eragina izan dezake horretan ere” – )
  • Bartzelonako taldekideekin txiki-txikitatik jokatzea abantaila bezala ikusten zuten ere (dudarik ez, – “talde-kohesioa eta elkarri ondo ezagutzea abantaila garbia da norberak barruan duen guztia demostratu ahal izateko” –)

Orain ez ditut gogoan mahai gainean jarri genituen arrazoi guztiak baina askoz ere gehiago aipa genitzazke: entrenatzaileekin izan dezakeen harreman desberdina (tutorizazioa eta bere eragina ikastunaren hobekuntza prozesuan), gizarteak ezartzen dion presioa Argentinan munduko hoberenak direla etengabe demostratzera behartuta daudenak (ikastolok gure “maila ona” ikasleen notekin etengabe demostratzen ahalegintzen garen bezala) … (Aurrekoan hauetako batzuen inguruan idazten zuen Scolarik El Pais-en)

Enpin, adibide polita izan zen nire ikasleei transmititu nahi nien ideia uler zezaten, alegia:

Ikasle baten “maila” edo “kalitatea” ebaluaziorako ezartzen zaizkion irizpideen araberakoa da eta irizpide horiek eskuratzea aldagai askoren menpe dago, gela barruan erabiltzen dugun estrategia didaktikoa garrantzitsuenetako bat izanik.

Aurrekoa ondo uler zezaten, horrelaxe amaitu nuen:

Hemendik aurrera guk gure partiduak estrategia desberdin batekin jokatu behar dugu. Partiduei aurre egiteko metodo tradizionala ezagutzen dugu eta horrekin ez ditugu partidu onak egiten, ez dugu irabazten. Guk partiduak taldean jokatuko ditugu, ekipoa banakako askoren elkartze soil bat baino askoz gehiago dela sinesten dugulako. Taldekideekin elkarlanean aritzea hobeagoak egiten gaitu, honek ematen duen konfiantzari esker askotan guk geuk ezagutzen ez genituen ezaugarriak azaleratzen laguntzen baitigu. Izango ditugu, noski, bakarka egin beharreko ariketak, gure teknika indibiduala hobetzen lagunduko diguten entrenamenduak, baina guri erronkak gustatzen zaizkigu, guri partiduak jokatzea gustatzen zaigu,  guri rock’n’rolla gustatzen zaigu!. Bakoitzak dituen ezaugarri teknikoen arabera, hobeto egokitzen zaion postuan jokatuko du; atezainak ez du denbora alferrik pasako bandatik sakeak egiten edo hegaletik jokatzen duenak ez du ikasi beharko nola geratzen diren penaltiak. Elkar ezagutzen ahalegin berezia egingo dugu, talde-giroa bultzatuko dugu, ondokoari lagunduz. Porrotak eta hanka-sartzeak egongo dira eta hauek saihesteko entrenamendu espezifikoetan ahalegin berezia egingo dugu, baina beti ere, egindako erroreengandik zerbait positiboa ateratzeko izpirituarekin. Estrategia honekin ateratzen du Messik barruan duen guztia.

Baliteke lagun batzuei entzutea guk egiten duguna ez dela futbola. Lasai, ez jarri urduri. Baliteke beste entrenatzaile batzuekin oraindik jokatzeko estilo klasikora bueltatu behar izatea, ez baitute sinesten estrategia moderno hauekin partiduak irabaz daitezkeenik edo ez dakite partiduak beste modu batera planteatzen (badakizue, batzuk “Futbol es futbol” dioten moduan “ikastea memorizatzea da” pentsatzen dutenak badira oraindik). Zuen gustuko estiloa ez bada ere, ahalegindu zaitezte beraiekin ere, hobetzen saiatu egoera guztietan. Baliteke etxean gurasoak kezkatuta egotea, entrenatzaileak ez dizuelako ohiko ariketa sorta etxean bakarka entrenatzeko. Esaiezue gure estilo berriarekin askoz ere lan gehiago egiten dugula ikastolan gaudenean eta etxean lagunekin disfrutatzeko esan dizuela entrenatzaileak, horrek ere laguntzen baitu gero partiduetan entxufatuta egoteko.

En fin, agian kezkatu samar ibiliko zarete kontu hauekin, izan ere, gure estrategia nahiko berria da eta ez da erraza inguruan gure estiloa duten ekipo asko aurkitzea. Zuek lasai, Bartzelonaren talde-estrategia ere garairako berritzaileegia zen, purista askoren printzipioen kontra zihoan eta azkenean, eredugarria izaten bukatu du mundu osoan. Ziur nago, gure kasuan ere, denbora kontua besterik ez dela izango gure estiloa inguruko eskoletan nagusitzen joateko.

Klasea amaitzeko minutu batzuk falta zirenez, hitz egiten ari ginenarekin harremana zuen  bideo polit hau ipintzeko aprobetxatu nuen:

Kontentu atera nintzen klasetik; uste dut garbi geratu zitzaiela transmititu nahi niena. Halere, ez naiz inozoa, badakit horrelako adibideak baina askoz ere gehiago behar dela hainbeste urtetan “normala” kontsideratu duten egoera errotik aldatzeko, ikaskuntza denari buruz duten pertzepzioa goitik behera aldatzeko. Gaur, bost hilabete pasa direnean klase hartatik, oraindik ez gara estrategia didaktiko berrietara erabat egokitu baina hasi gara benetan sinesten jokatzeko modu berri honek aurrekoak baino bide hobeagotik garamatzala. Ez da gutxi.