Walking in my shoes

“Hay gente homeless que vive en una mansión, y otros con un hogar a la intemperie”

Pachi Tamer

Haritz Alzolari esker ezagutu dut Pachi Tamer. Goiko bideoa ikasleekin batera hausnartzeko alderdi interesgarri mordoa eskaintzen dituen baliabidea iruditu zait, Giza Hezibidean, adibidez, erabil daitekeena.

Google: “Don’t be evil” ala “The Big Brother”?

Uste dut nire printzipio eta baloreekin koherentziaz jokatzea izan daitekeela nire nortasunaren ezaugarri nagusienetako bat. Bai nire harreman pertsonaletan baita nire jardun profesionalean garrantzia handia ematen diot kontu honi. Nire buruari jartzen diodan exijentzia hori beti betetzea ezinezkoa dela onartuta ere, okerreko bidetik noala uste dudanean ahalegintzen naiz nire filosofiarekin kontsekuentea izaten.

Ikuspegi profesional batetik, teknologia eta bere erabilerari lotutako gaietan filosofia honekin kontsekuentea izatea lehentasuna izan da niretzat beti. Ikastolan egin genuen software askearen aldeko apustua edo dinamizatzaile bezala nuen rola alde batera uzteko erabakia, besteak beste, horren lekuko izan daitezke.

Bada puntu bat, halere, aspalditik kezkatzen nauena. Arazoa Google da. Google-ekin konfliktoa daukat (pertsonala eta profesionala), izan ere, kontzienteki nire printzipioen aurka aritu naizela badakit baina ez dut ikusten konponbide garbirik.

Nire kezkak aspalditik datoz, GApps ikastolan martxan ipintzea erabaki genuenetik. Ordurarte Google-en presentzia gure ikastolan anekdotikoa zen (bilatzailea, batez ere, “early adopters”-etako batzuk GMailekin hasita geundelarik). Ordutik hona Google-en eragina gure bizitza digitalean areagotzen joan da baita gure ikastola barruan sortu eta partekatzen dugun informazioan ere. Tarteka Mikelekin hitz egiten dut kontu honi buruz baina arriskuak ikusten baditut ere, nola jokatu, zer egin… ez daukat batere garbi. Aurrekoan Mariano Amartinoren “paranoiak” irakurri ondoren, berriro agertu dira kezka horiek. Hauxe nire dilema:

Don’t be evil

Ez ditut Google-en enpresa barruko estrategia zehatzak ezagutzen baina erabiltzaile bezala beti iruditu zait bezeroekiko jarrera irekia eta “legala” duen enpresa bat. Bezeroekin zuzeneko harremana (GApps-eko administratzaile bezala zuzenean egiaztatu dut); pribatutasunari ematen dioten garrantzia (hanka sartu dutenean ere, egindako errorea berehala konpontzen ahalegindu dira); informazio pertsonala bezeroak berreskuratu ahal izateko egindako ahalegina (nahiz eta gero beste zerbitzu batzuekiko “interoperatibitatea” oso garbi ez egon); kode ireki eta software askearen aldeko jarrera garbia (Android da adibide garbiena)…

Honi guztiari gehitu beharko genioke euren produktu gehienen kalitatea, erabilerraztasuna, etengabeko hobekuntza eta… prezioa 🙂

The Big Brother

Asko daki Google-ek gure ikastolari buruz. Batzuetan arazo hau erlatibizatzeko joera izaten dugu (“tira, zergatik jakin nahiko du Google-ek ezer niri buruz”). Tremendismoan erori gabe, uste dut ezin dela kontu hori alde batera utzi. Gai honek ez dauka bakarrik eragina ikastola barruan (azken finean guk erabiltzen dugun GApps for Education zerbitzuan Google-ek ez digu publizitaterik txertatzen), eragina dauka gure ikasleen etorkizunean. Izan ere, ikastola barruan Google tresnak erabiliz ikasleak enpresa honekiko fidelizatzen ari gara, ikastolatik irteten direnean Google-en aplikazioak erabiltzea “behartzen” ari gara, neurri batean. Kontu etiko eta filosofiko hauek, zoritxarrez, bazterrean geratzen dira eskoletan teknologiari buruz ari garenean baina nik uste dut ezin ditugula alde batera utzi.

Alderdi teknikotik ikusita, Google-ekin daukagun arazo hau SaaS ereduaren ondorio zuzena da eta esparru horretan lan egiten duen beste edozein enpresarekin berdin-berdin izango genuke. Google-ek, ordea, zerbitzu horiek dohain eskaintzen dizkigu. Google-ek muntatu digun azpiegitura hori guk geuk eraiki, martxan ipini eta mantentzea ezinezkoa da, ez ditugulako ezagutza tekniko nahikorik, ez daukagulako dirurik eta, nire iritziz, irakasle bat (edo bi, edo hiru…) zeregin horietara betirako hipotekatzea errore bat delako.

Zer egin orduan? Nola konpondu Google-ekiko barruan daukadan gatazka hori?