Ikasteko Jaioak: “nerabezaroa ez da arazo bat, aukera bat da”

Laster beteko ditu nire semeak hamabi urte. Dakitenek diotenez hementxe kokatzen da nerabezaroaren hasiera, hementxe hasten da heldutasunerako bidea. Ostras, heldu da? :-S Ikastolan atzo bertan hasi zela ematen du eta!

Onartu behar dut kezkatuta nagoela. Kontua ez da hainbeste nire semeak bere nortasuna garatzeko bidean, topatuko dituen gatazka pertsonaletatik arrakastaz irteteko gai izango ote den edo ez. Tira, denok dakigu prozesu konplikatua izaten dela baina, modu batera edo bestera, burukomin gutxiago edo gehiagorekin, gatazka eta arazo horiek gainditu egiten direla eta horrek uzten duen posoa da gure nortasuna eraikitzen laguntzen duena.

Kezkatuago nago nerabezaroan murgiltzea, hezkuntza sistema antolatuta dagoen moduan, etapa berri baten hasierarekin erlazionatuta dagoelako. Biak ezagutzen ditut oso gertutik, nire semea eta Bigarren Hezkuntza, eta ez daukat batere garbi, egun diren bezala, biak bateragarriak ote diren.

Azpiko bideoan nerabeen eta eskolaren arteko harremana ikuspegi baikor batetik azaltzen da, baikorregia nire ustez:

Bideoaren amaiera aldera horrelako zeozer esaten da:

En lugar de forzarles a sentarse pasivamente en clase, que pasaría si confiaramos en que el anterior aprendizaje por imitación, ahora les permite desplegar las alas y resolver las cosas por si mismos.

Semea ezagututa izugarri disfrutatuko luke horrelako testuinguru batean, eta motibazio horrek ikaskuntza prozesuan aurrera egiten lagunduko diola. Guraso bezala, garbi daukat testuinguru horretan garatuko lituzkeela 2025. urteko gizartean, behin heldutasunera heltzerakoan, benetan baliagarriak izango lituzkeen konpetentziak. Egungo eskolaren egoera ezagututa ordea, uste dut bideoan planteatzen den egoera errealitate bat bihurtzetik oso urruti gaudela oraindik. Eta horrek kezkatzen nau, izan ere, zalantzak ditut hurrengo sei urteetan ez ote den “Sistemara” egokituko eta ez ote dituen galduko nire iritziz gaur egun dituen gaitasun garrantzitsuenak eta, tamalez, eskolan hain balio gutxi dutenak oraindik.

Tira, badakit ezin dela gure seme-alaben jarraipen akademikoa eskolaren ardurapean soilik utzi, baina profesional bezala azken urteotan ikusten ari naizenaren arabera, oso konplikatua egiten zaie guraso askori eskola dinamika tradizionalak sortzen dituen ohituren aurka egitea.

Hezkuntza eredu perfektuaren bila

Ba al dago hezkuntza eredu biribilik? Zenbateraino dira aplikagarriak kanpoko ereduak Euskal Herrian? Zer ulertzen dugu hezkuntza eredu arrakastatsuei buruz hitz egiten dugunean? Halako azterketa eredu konkretu batek botatzen dituen emaitzei buruz ari gara? Ikasle eta gurasoek antzematen dutenari buruz? Eta irakasleen asetzea?

Galdera horiek guztiak eta gehiago etorri zaizkit burura TV3k atzo botatako saio hau ikusi dudanean.

EEBBetako eskola publiko baten eredua azaltzen digute, alde batetik, eta dagoeneko hain ezaguna zaigun Finlandiako eredua (I, II, III eta IV) bestetik. Biak dira hezkuntza eredu publiko desberdin biren eredu eta, hala eta guztiz ere, sakonak dira bien arteko desberdintasunak. Zer ulertzen den kalitatezko hezkuntza eredu bezala lehenengo kasuan eta zer ulertzen den bigarrenean, garbi dago oso desberdina dela. Bideoan Sant Sadurni D’Anoiako Jacint Verdaguer eskola publikoko zuzendari eta irakasle talde bat ere ageri da. Azken hau, Kataluniako eskola sare publikoaren barnean erreferente bat dela kontsidera dateke, baita ere.

Hiru adibide horiek banan-bana aztertzen joango bagina ziurrenik jabetuko ginateke asko direla eskaintzen dituzten hezkuntza eredu propioen arteko aldeak. Baina hiruek badute zerbait komunean ere; hiruak dira erreferente bat eragiten duten gertuko inguru sozialetan (Finlandiako kasua, orokorrean hartuta, erreferentea mundu mailan). Eta erreferente bihurtu dira, hain zuzen ere, gai izan direlako eskola eredu propio bat eskaintzeko, gertuko errealitate sozialari erantzuteko irtenbideak modu autonomoan bilatzen ahalegindu direlako.

Nik ezagutzen dudan eskola ereduan mimetismoa, kanpoko ereduen birziklatzea eta “jakintsuen” esanak betetzea dira nagusi, batez ere, arlo pedagogikoari dagokionean. Bideoaren amaieran Gregorio Lurik aipatzen duen moduan, eskola eredu propio bat eraikitzeko eta eskaintzeko autonomia faltan botatzen dut. Erreferenteak diren horiek izan duten askatasuna, autonomia eta ausardia izatea nahiko nuke, nire gertuko errealitateak dituen beharrei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko. Kontu hauek ezinezkoak direla, utopikoak direla pentsatuko dute askok; jarrera horiek dira, hain zuzen ere, bide horretan aurrera egiteko dauden eragozpenik handienak.