IX. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

Hik Hasi prentsaurrekoa 2
Aurrekoan, IX. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak aurkezteko prentsaurrekora gonbidatu ninduten eta hantxe izan nintzen Hik Hasi Udako Topaketen koorditzatzaile den Joxe Mari Auzmendi eta Josean Urbietarekin (Xirula Mirulako irakaslea). Atzerapen pixka batez bada ere, hementxe natorkizue han hitz egin genuenaren berri eman eta aurreikusi dituzten ikastaroak aurkeztera.
Hasteko, esan beharra dago ez dela IKTerook Hik Hasiko topaketetan parte hartzen dugun lehenengo aldia. Bi urte daramatzate jolaus eta magicek Blogak irakaskuntzan ikastaroa ematen eta iaz ni estreinatu nintzen Wikiak eta webquestak irakaskuntzan delakoarekin. Aurten bat gehiago; izan ere, ikastaro bana emango baitugu:

Baina gatozen harira. Aurtengoak, esan dudan bezala, IX. Udako Topaketa Pedagogikoak izango dira. HIK HASIk eta EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak antolatu dituzte elkarrekin. Uztaileko 1, 2 eta 3ko goizetan 35 ikastaro eskainiko dira, eta arratsaldeetan, berriz, parte hartu nahi duen edonorentzako saio irekiak antolatu dira. Aurreko urteetan bezala, erantzun ona jasoko dutelakoan daude antolatzaileak. Aurtengoan, informatika, hainbat espresio mota, literatura eta abar indartu badituzte ere, ahalegin berezia egin dute heziketa harremanak lantzen eta egoera berrien aurrean jarrerak modu egokian bideratzen lagunduko duten ikastaroak antolatzen.

Prentsaurrekoan Joxe Marik adierazi zuen legez, bi nobedade daude. Nagusia, IMANOL URBIETAren lan pedagogikoa ezagutarazi nahi dutela. Horretarako, ahalegin berezia egingo dute ikastaroa eskainiz. Gainera, berak protagonismo berezia hartuko du sarrera eta amaierako ekitaldietan, euskal hezkuntzari egin dion ekarpena nolabait eskertu nahian. Bestea, Balioen heziketarako ardatzak ikastaroan NANCY CHACON doktore kubatarrak parte hartuko duela.

Hik Hasi prentsaurrekoa 1

35 ikastaro aukeran euskaraz

Hezkuntza gaiei buruzko 35 ikastaro eskainiko dira aurten, denak euskaraz (32 ikastaro euskara hutsean eta beste 3 euskaraz eta gaztelaniaz). Guztiak aipatu ezin, eta hona zenbait ikastaroren zertzeladak:

  • Imanol Urbieta. Duela berrogei urte jaio zen ildo pedagogiko-musikal horrek gaurko eskola eta ikastoletan balio moderno bezain esanguratsuak bermatzen dituela konbentzituta gaudelako eskaintzen dugu aukera hori.
  • Balioak. Bizikidetza. Suizidioa. Gurasoekiko seme-alaben bortizkeria… Ikasleen arteko tratu txarrek, gurasoekiko seme-alaben bortizkeriak eta abarrek alarma piztu dute jendartean. Guraso eta irakasleen arteko harremana beharrezkoa da. Familian gertatzen diren egoera berriek eragiten dute eskolan…
  • Hezitzaile-profila, hezkidetza gida. Heziketan, profesionalen prestakuntzan etengabeko hausnarketa ezinbestekoa delako.
  • Ahozkotasuna. Letraz, irudiz eta teknologia berriz betetzen ari zaigu ingurua. Hala ere, ahozkotasunak ezinbesteko garrantzia du komunikatzeko orduan.
  • Euskal kultura, euskal zibilizazioa… Euskal curriculuma garatzen ari den honetan, lanerako materiala eskuratzea erraztu nahi dugu.
  • Adimen emozionala. Coaching. Frogatu da emozioek ikasteko prozesuetan duten garrantzia. Hori bizitzen eta ezagutzen lagunduko dute ikastaro horiek.
  • Teknologia Berriak. Informatikak eskaintzen dituen baliabideak ikasgelatan praktikoki erabiltzeko, zazpi ikastaro antolatu dira. Horien artean daude Wikiak, Wequestak, Blogak, Photoshop, Power Point, Scratch… ikastaroak.
  • Espresioaren alorra. Alor honetan, hainbat ikastaro eskaintzen dira: Biodantza, Karaokeen sorkuntza, Psikomotrizitatea, Haurrentzako kantu eta Jolasak, Antzerkia edota Marrazketa ikastaroa.
  • Lehen mailako prebentzioa edota HUHEZIko Hazitegi proiektua… Haur Hezkuntzak izugarrizko garrantzia du pertsonaren oinarriak finkatzeko orduan. Ikuspuntu desberdinetatik, horretaz arituko dira hainbat ikastarotan.

Noiz eta non

Hik Hasi logoIkastaro guztiak uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira, goizeko 9:00etatik 14:00etara. Egoitzei dagokienez, hiru lekutan banatuko dira nagusiki: Pedagogia Fakultatean (teorikoagoak direnak), Informatika Fakultatean (informatikakoak) eta Ekintza ikastolan (espresiokoak batez ere).

Norentzat

Ikastaroak bereziki irakaskuntzan dabiltzan profesionalei zuzendurik daude: ikastetxeetako irakasleei, musika eskoletako irakasleei, aisialdiko begiraleei, Pedagogiako, Psikopedagogiako, Psikologiako edo Magisteritzako ikasleei, hezkuntza aholkulariei eta abar. Hala ere, interesa duen beste edozeinek ere parte har dezake. Aurtengoan, bereziki, harremanak, bitartekaritza, suizidioa, balioak, irakurzaletasuna, hezkidetza, euskal kultura eta espresioko ikastaroetan jarri dute arreta. Horiek guztiak edonorentzat oso egokiak izan litezke. Matrikula epea maiatzaren 30 arte izango da.

Informazio gehiago edota matrikula egin nahi baduzue, jo ondorengora: HIK HASI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.