Pendrive baten neurriko Linux ordenagailu interesgarria

Azken boladan, hardware munduan nagusitzen ari den joera nagusiena gailuen minimizazioarena da. Eta ez naiz soilik tablet eta smartphone-taz ari. Beste gailu askorekin ere tendentzia bera antzematen da, ordenagailuak barne (Linux munduan, batez ere).

Azpiko irudian agertzen diren objektuak ez dira txokolatinak, horrela badirudi ere. Pendrive baten neurriko ordenagailuak dira Ubuntu edo Android 4.0 bezalako sistema eragileak arazorik gabe “mugitu” dezaketenak.

FXI ordenagailu txikia

Albo batean USB konexioa dute (bertatik jasotzen dute argi-indarra) eta bestean HDMI konexioa (pantailari konektatzeko). Wifi eta Bluetooth bitartez konektatzen zaizkio beste periferiko guztiak. Eta hori guztia $199ren truke.

Netbook vs tablet eztabaidan (batzuk smartphone-ak ere sartzen dituzte lehia horretan) horrelako gailuek ere bere lekua izan dezaketela iruditzen zait:

  • Eramangarriagoak dira, netbook-ekin ez bezala, ikasleek euren ordenagailua etxera erraz eraman dezakete
  • Ikastolak jarri beharreko azpiegitura asko sinplikatzen da: nahikoa litzateke infogeletan pantaila, sagua eta teklatua izatea
  • Ubuntu instalatuta izanez gero, fitxategien kudeaketa eta hauen bateragarritasuna beste gailu guztiekin bermatuta dago
  • iPad batean ez bezala, ikasleek askatasun guztia izango lukete nahi dituzten aplikazio instalatu eta desinstalatzeko
  • Une honetan behintzat, prezio aldetik, aukera dezente merkeagoa da

Garbi dago, halere, pantailarik ez izatea dela duen gabeziarik nagusiena, edozein lekutan erabiltzeko duen trabarik nagusiena izanik. Halere, hainbat kasurako (nire ikasleekin antolatu dugun gelan daukagun telebistari konektatzeko, adibidez) agian aukera polita izan daiteke.

Iturria: Linux computer the size of a thumb drive now available for preorder.

Ubuntu, erabiltzaile esperientzia eta konpetentziatik ikastea

Egun pare bat daramat Ubunturen azken bertsioa probatzen. Eguneraketa arazorik gabe (azken bertsioetan bezala) burutu zen aurrekoan, Ubuntuk behar zuen fidagarritasun puntu hori lortu duela esango nuke.

Ez da bakarrik eguneraketek ematen duten fidagarritasuna edota instalazio garbien sinpletasuna. Badaude detaile txikiak ere azken distroan datozenak, Ubuntu erabiltzerakoan sentsazio “atsegina” lortzen laguntzen dutenak. Loginaren diseinu berria, Nautilus-en itxura modernoagoa, ikono berriak… Ubunturekin “gustorago egoten” laguntzen dute. Agian tontakeria bat irudituko zaizue baina software askearen hedapena eta erabiltzaile kopuruaren hazkuntza bilatu nahi badugu, detailetxo horiek berebiziko garrantzia dutela iruditzen zait niri.

Eta hemen agian norbait nirekin haserretuko da baina uste dut zilegia dela onartzea (aurrekoan ere zerbait aipatu nuen Sustatun) azken distroetan egin diren hobekuntza asko MacOS-en ereduari jarraiki etorri direla. Esango nuke Canonicalek apostu garbia egin duela erabiltzaile esperientzia xamurtu eta erraztearren alde eta horretarako eremu horretan eredugarria den MacOS-etik ideia ugari inplementatu ditu.

Hauetako batzuk aipatzearren software biltegia (aplikazioen instalazioa zen Ubunturen gauza konplikatuenetako bat), leihoen botoiak ezkerrera eramatea, menu globala, Launcher-a (MacOS-en Dock-aren antzera), goiko panela bakarrik mantentzea, Nautilusen itxura berria, tipografiari emandako garrantzia, sistemaren jakinarazpen koadroak…

Erabiltzaile esperientzia ez da soilik diseinua (askotan gauza bera direla pentsatzen dugun arren). Erabiltzaile esperientzia diseinua, ergonomia, erabilerreztasuna, “usabilitatea” (erdarazko usabilidad: ez dakit nola deitu euskaraz), egonkortasuna, segurtasuna, fidagarritasuna, periferikoen integrazioa… hori guztia eta gehiago da. Horretan maixu da Apple bere produkzio esparru guztietan, bai software baita hardware mailan ere

Erabiltzaile esperientzia ez da soilik diseinua

Atzera begiratzen badugu, Ubuntuk ikaragarrizko bilakaera izan du erabiltzaile esperientziari dagokionez. Hobekuntza hauetako asko “barruan” egindako lanaren ondorioa izan bada ere, hobekuntza asko konpetentziaren ereduari jarraiki etorri direla ere onartu behar da. Ongi etorriak hobekuntza horiek software askearen zabalkunderako mesedegarriak badira.