Writely, elkarlanaren filosofiaren eredu garbia

Azken egun hauetan irakurri ditudan albisteen artean aipatuenetakoa Writely testu prozesadorearen kaleratzearena izango litzateke zalantzarik gabe. Astebete luze pasa da aplikazio hau liberatu zenetik (hasieran gonbidapena beharrezkoa zen aplikazioa probatzeko) eta ordutik hona asko izan dira honi buruz idatzitako artikuluak. Euskal blogosferan ez dakit honen berri nonbait jaso ote den, beraz, gaur aplikazioa probatzea ausartu naiz eta nire iritzia ematera natorkizue. Bat nator erabat orain arte irakurritako artikuluetan adierazten denarekin; aplikazio bikaina da benetan.

Writely, funtsean, oinarrizko funtzioak dituen testu prozesadore sinple bat da, edozein ikasle/irakaslek erraz menperatzen dituen tresnak dituena. Testu prozesadorea erabiltzen hasteko nahikoa da helbide elektroniko bat eta pasahitza idaztea eta, denbora epe labur baten ondoren, zure postontzian konfirmazio mezu bat jasoko duzu. Onartu bezain pronto lanean hasteko moduan zaude.

Dokumentu bat zerotik sortu dezakezu edota nahi izanez gero html, doc edota txt bezalako dokumentu batekin has zaitezke (azken kasu honetan dokumentua lehenik igo egin beharko duzu). Dokumentua sortu duen erabiltzaileak aukera du dokumentuaren ekoizpena edonorrekin partekatzeko: horretarako nahikoa da leihotxo batean hautatu nahi dituen taldekideen helbide elektronikoak idaztea. Hemendik aurrera taldekide bakoitzak egindako ekarpenak bat-batean gehituko zaizkio dokumentuari, egindako ekarpen guztien erregistroa gordeta geratuko delarik. Behin dokumentua bukatua dagoenean publikoa egin daiteke, posta elektronikoz edonori bidali daiteke edota norberak bere kopia pertsonala gorde dezake, eta guzti hau ikastolatik bertatik edota bakoitzak bere etxetik. Badu ere beste aukera interesgarri bat: ekoiztutako artikuluak blog batean zuzenean publika daitezke, oso interesgarria nire DBHO 1eko ikasleek sortu berriak dituzten blogetan, taldean egindako bidalketak argitaratzeko. Zerbitzu hau oraindik Blogger-en bakarrik erabil daiteke: ea laster zabaltzen duten aukera hau WordPress-en egindako blogetara.

Taldeko lanak bultzatzeko tresna interesgarria izan daiteke (Wikien antzera, lan kolaboratiboa sustatzen duena). Boteprontoan aukera desberdinak bururatzen zaizikit: taldean egindako idazlanak, txostenak, bertso eta olerkiak… Euskaljakintzakoek kontutan hartzeko zerbait izan daiteke.

Informazio gehiago: Cuaderno del Profesor

Meebo: AJAXen oinarritutako IM bezero berria

Pasa den irailaren 14tik erabilgarri dago Meebo izeneko aplikazioa. AJAXean sortutako aplikazio berri honekin aukera duzu internet bitarteko mezuen transferentzia gauzatzea zure nabigatzailea bakarrik erabiliz. Izan ere, Meebok interneten gehien erabiltzen diren IM bezeroekin bateragarria da, hala nola, AIM, ICQ, Yahoo Messenger, MSN Messenger eta, atzotik bertatik, Jabber eta Gtalk bezeroei ere sostengua eskaintzen die. Sistema honek onura garbiak ditu: Meeborekin aukera duzu, zure mezularitza bezeroa ekipoan instalatua eduki gabe zure kontaktuekin harremanetan jartzeko, nonnahi eta noiznahi, Ajax onartzen duen nabigatzaile bat erabiliz bakarrik(ez banago oker IE 5.5etik eta Netscape 6.7tik aurrera izan behar du). Oraindik alpha fasean dago eta bertako bloga irakurri ondoren ez zait oso garbi geratu segurtasuna erabat bermatuta dagoen. Beraz, agian pixka bat itxaron beharko da oraindik.

Nik, halere, gaur arratsaldean egin ditut nire aprobak eta, egia esan gustatu zait. Itxura sinplea du, erabiltzen erraz ikasten den horietakoa eta benetan oso ondo betetzen du bere eginkizuna, mezuak bidaltzea, alegia. Interesgarria izan daiteke infogelaren barruan taldeko lanak gauzatzerakoan ikasleen arteko laguntza sustatzeko Messenger bezalako aplikazio “arriskutsuak” erabili ordez. Hauetako egun batean probatzeko konpromisua hartzen dut. Kontatuko dizuet.

Irakasleriaren prestakuntza eta zeregin berria IKTetan

Gure ikastolan, azkenaldi honetan azpiegitura mailan egin diren inbertsioen ondorioz eta baliabide hauei esker erabiltzen hasi garen aplikazio berrien eraginez, irakasleriaren betiko rolaz gain eginkizun berriak sortu dira. Egoera honek arazoak sortu ditu gure eguneroko lan dinamikan eta, horren ondorioz, prestakuntza saio batzuk antolatu ditugu ikasturte hasiera honetarako. Konszienteak izanik teknologia berrien erabilerak irakaskuntza eredu berri bateruntz garamatzala eta iazko ikasturtearen amaieran hartutako konpromisoekin bat eginez, bidea egiteari ekin diogu.

Pasa den irailaren 1etik hona gure intranetaren erabileraren inguruko ikastaro trinko bat prestatu dugu. Intranetaren erabilera gure eguneroko lanaren muina bilakatzen ari da baina tresnaren garapena ez doa gure irakasleek jaso duten prestakuntzarekin bat. Horrela, material bat prestatu zaie intranetak dituen modulu desberdinen oinarrizko erabilera ikas dezaten; eskuliburu bat eta modulu bakoitza azaltzen duen bideotutorialak prestatu dizkiegu. Jadanik ikastaroaren azken saioetan gaude eta balorapen positiboa egiten dugu.

Gaur edukien sindikazioa nola gauzatzen den ikasteko unea heldu da. Sindikazioaren esanahia, Bloglines-en kontua sortzea, norberak bere kontura feed-ak gehitzea… hau guztia aritu gara praktikatzen. Batzuk hobetoxeago besteak ez hain ondo, batzuk gogotsuago besteak kexatiago… horrelaxe pasa dugu saioa bakoitza bere ahaleginetan baina denek jarri dute borondatea. Eta egia esan ezin naiz kexatu. Ikastolako irakasle taldeak, orokorrean, borondatea eta nahia adierazten du horrelako saltsatan sartzen denean. Nahiz eta batzuk besteak baino trebetasun gehiago izan azalpenak jasotzerakoan ikustekoa izan da nola lagundu diren elkar, gaur eta ikastaroak iraun duen saio guztietan; baten beharren atzetik beti egon da lankide baten laguntza eta, ni pertsonalki, balorazio horrekin geratzen naiz.

Eta agian zuetako norbaitek pentsatuko du; eta zertara dator orain horrelako disertazioa?. Kontua da orain dela egun batzuk Enrique Dans-en artikulu hau irakurri nuela. Eta gaur ikastaroa egiten ari ginela burura etorri zaizkit hemen aipatzen dituenak. Nire buruarekin ari nintzela artikuluan aipatzen diren portzentaiak gure ikastolara estrapolatu ote daitezkeen pentsatzen aritu naiz. Ez dut esango gurean ez daudenik “teknofoboak” baina, dudarik gabe, ez artikuluan aipatzen diren proportzioetan. Normala den bezala gure irakasleriak bere kezkak adierazten ditu IKTen erabileraren inguruan, zailtasunak ikusten dituzte IKTak eguneroko lanean erabiltzerakoan… astakeria izango litzateke hori ez onartzea. Baina, salbuespenak kenduta Jakintzako irakasleriak interesez jarraitzen ditu horrelako ikastaroak. Bai, badakit ezkorren presentzia ere badugula gure artean (ez bakarrik arlo honetan, noski) baina garbi dagoena teknofoboen jarrera, lehenago edo beranduago, aldatu egin beharko dela eta hobe lehenago beranduago baino. Adibide gisa esango dut gaurko saioan irakasleei azaldu zaiena ikasleei beraiei ere azaldu zaiela orain dela egun batzuk, konkretuki LHko 5. mailako, DBH1eko, DBHO 1eko eta DBHO 2ko ikasleei. Harrigarria benetan nolako erraztasunez jaso dituzten emandako azalpenak eta Enrique Dans-ek bere artikuluan dioen bezala…(interesgarriak oso, erantzunetan aurki daitezkeen iritzi desberdinak; irakurtzeko tarte bat hartzea merezi du)

“Si te dedicas a enseñar a otros, tienes que hacerlo en el contexto que marca tu entorno. Si tu entorno vive una revolución tecnológica que hace que TODA la información esté al alcance de los estudiantes, tendrás que cambiar tu metodología, porque tu negocio ha cambiado. Tendrás que enseñar a buscar, a tener criterio, a comprender, a interiorizar. Es indispensable seguir esa revolución tecnológica e introducir sus consecuencias en tus contenidos, o serás culpable de contribuir a generar una generación de estudiantes desconectados de su entorno”

Ez dago bueltarik.

Bukatu baino lehen, konszientea izanik Jakintzako ikasle eta irakasle askok gehitu dutela gure feed-a Bloglines-era, gonbidapen bat luzatzen diet denei gai honen inguruan dituzten iritziak, kexak, iradokizunak… erantzunen eremuan idaztea. Ea denon artean eztabaida polita sortzen dugun.

Big Brother-en bizi al gara?

Gaur, Microsiervos begiratzen ari nintzela 2.5 gigapixel-eko argazki bati buruzko albiste bat irakurri dut. Aipatzen dutenez, 300 dpi-ko erresoluzioan inprimatuko bagenu, 6,67 x 2,67 metroko argazkia aterako litzaiguke. Argazki erraldoi hau “eraikitzeko” 600 argazkiko puzzlea osatu dute.

Nolanahi ere, datu horiek ikusgarriak eta harrigarriak diren arren, deigarriena zera iruditu zait: argazki hauek zure intimitatea lapurtzeko duten ahalmena . Lehenengo argazkia, ikus dezakezuen bezala. urrutitik ateratako hiri baten panoramika da.

Baina zoom-ari ematen diozunean, ohartzen zara argazki hauen erresoluzioak zer egin dezakeen. Niri barruan daramagun voyeur-a piztu egin dit eta hiri horretako eraikinetan ikus nezakeenaren atzetik jarri nau. Egia esan, ez dut denbora gehiegirik behar izan langile batzuk “bekatuan” harrapatzeko.

Segituan zera pentsatu dut: zein gizarte motan bizi gara? Edozeinek argazki kamera edo mugikorra eskuetan, gure eguneroko eszenak har eta argitara baditzake, zer ez dute egingo gure segurtasunaren izenean dihardutenek? Azkeneko argazki horretan ikus daitekeen legez, batek daki zenbat kilometrora dagoen kamera batez zer jakin daitekeen, hala txiker egindako langileen gorabeherak nola etxe barruko gertaerak! Ni, badaezpada ere, etxeko pertsianak jaisten hasiko naiz.

Ni kezkatu egin naizen bitartean, beste batzuk hasiak dira beste erabilpen bat ematen eta hainbat jolas proposatzen dute: batek terraza batean dagoen neska bat aurkitzea proposatzen du, beste batek puzzle horretan dauden akatsak ( esaterako, autobusa eta autoa bat eginda agertzen dira, hankarik gabeko pertsonak…), gaizki aparkatutako kotxe baten matrikula ( ez da isuna jartzeko)… Ikusten duzuenez, gauzak fokatzen ditugun ikuspegiaren arabera erabat aldatzen dira.