Big Brother-en bizi al gara?

Gaur, Microsiervos begiratzen ari nintzela 2.5 gigapixel-eko argazki bati buruzko albiste bat irakurri dut. Aipatzen dutenez, 300 dpi-ko erresoluzioan inprimatuko bagenu, 6,67 x 2,67 metroko argazkia aterako litzaiguke. Argazki erraldoi hau “eraikitzeko” 600 argazkiko puzzlea osatu dute.

Nolanahi ere, datu horiek ikusgarriak eta harrigarriak diren arren, deigarriena zera iruditu zait: argazki hauek zure intimitatea lapurtzeko duten ahalmena . Lehenengo argazkia, ikus dezakezuen bezala. urrutitik ateratako hiri baten panoramika da.

Baina zoom-ari ematen diozunean, ohartzen zara argazki hauen erresoluzioak zer egin dezakeen. Niri barruan daramagun voyeur-a piztu egin dit eta hiri horretako eraikinetan ikus nezakeenaren atzetik jarri nau. Egia esan, ez dut denbora gehiegirik behar izan langile batzuk “bekatuan” harrapatzeko.

Segituan zera pentsatu dut: zein gizarte motan bizi gara? Edozeinek argazki kamera edo mugikorra eskuetan, gure eguneroko eszenak har eta argitara baditzake, zer ez dute egingo gure segurtasunaren izenean dihardutenek? Azkeneko argazki horretan ikus daitekeen legez, batek daki zenbat kilometrora dagoen kamera batez zer jakin daitekeen, hala txiker egindako langileen gorabeherak nola etxe barruko gertaerak! Ni, badaezpada ere, etxeko pertsianak jaisten hasiko naiz.

Ni kezkatu egin naizen bitartean, beste batzuk hasiak dira beste erabilpen bat ematen eta hainbat jolas proposatzen dute: batek terraza batean dagoen neska bat aurkitzea proposatzen du, beste batek puzzle horretan dauden akatsak ( esaterako, autobusa eta autoa bat eginda agertzen dira, hankarik gabeko pertsonak…), gaizki aparkatutako kotxe baten matrikula ( ez da isuna jartzeko)… Ikusten duzuenez, gauzak fokatzen ditugun ikuspegiaren arabera erabat aldatzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.