Irakasleriaren prestakuntza eta zeregin berria IKTetan

Gure ikastolan, azkenaldi honetan azpiegitura mailan egin diren inbertsioen ondorioz eta baliabide hauei esker erabiltzen hasi garen aplikazio berrien eraginez, irakasleriaren betiko rolaz gain eginkizun berriak sortu dira. Egoera honek arazoak sortu ditu gure eguneroko lan dinamikan eta, horren ondorioz, prestakuntza saio batzuk antolatu ditugu ikasturte hasiera honetarako. Konszienteak izanik teknologia berrien erabilerak irakaskuntza eredu berri bateruntz garamatzala eta iazko ikasturtearen amaieran hartutako konpromisoekin bat eginez, bidea egiteari ekin diogu.

Pasa den irailaren 1etik hona gure intranetaren erabileraren inguruko ikastaro trinko bat prestatu dugu. Intranetaren erabilera gure eguneroko lanaren muina bilakatzen ari da baina tresnaren garapena ez doa gure irakasleek jaso duten prestakuntzarekin bat. Horrela, material bat prestatu zaie intranetak dituen modulu desberdinen oinarrizko erabilera ikas dezaten; eskuliburu bat eta modulu bakoitza azaltzen duen bideotutorialak prestatu dizkiegu. Jadanik ikastaroaren azken saioetan gaude eta balorapen positiboa egiten dugu.

Gaur edukien sindikazioa nola gauzatzen den ikasteko unea heldu da. Sindikazioaren esanahia, Bloglines-en kontua sortzea, norberak bere kontura feed-ak gehitzea… hau guztia aritu gara praktikatzen. Batzuk hobetoxeago besteak ez hain ondo, batzuk gogotsuago besteak kexatiago… horrelaxe pasa dugu saioa bakoitza bere ahaleginetan baina denek jarri dute borondatea. Eta egia esan ezin naiz kexatu. Ikastolako irakasle taldeak, orokorrean, borondatea eta nahia adierazten du horrelako saltsatan sartzen denean. Nahiz eta batzuk besteak baino trebetasun gehiago izan azalpenak jasotzerakoan ikustekoa izan da nola lagundu diren elkar, gaur eta ikastaroak iraun duen saio guztietan; baten beharren atzetik beti egon da lankide baten laguntza eta, ni pertsonalki, balorazio horrekin geratzen naiz.

Eta agian zuetako norbaitek pentsatuko du; eta zertara dator orain horrelako disertazioa?. Kontua da orain dela egun batzuk Enrique Dans-en artikulu hau irakurri nuela. Eta gaur ikastaroa egiten ari ginela burura etorri zaizkit hemen aipatzen dituenak. Nire buruarekin ari nintzela artikuluan aipatzen diren portzentaiak gure ikastolara estrapolatu ote daitezkeen pentsatzen aritu naiz. Ez dut esango gurean ez daudenik “teknofoboak” baina, dudarik gabe, ez artikuluan aipatzen diren proportzioetan. Normala den bezala gure irakasleriak bere kezkak adierazten ditu IKTen erabileraren inguruan, zailtasunak ikusten dituzte IKTak eguneroko lanean erabiltzerakoan… astakeria izango litzateke hori ez onartzea. Baina, salbuespenak kenduta Jakintzako irakasleriak interesez jarraitzen ditu horrelako ikastaroak. Bai, badakit ezkorren presentzia ere badugula gure artean (ez bakarrik arlo honetan, noski) baina garbi dagoena teknofoboen jarrera, lehenago edo beranduago, aldatu egin beharko dela eta hobe lehenago beranduago baino. Adibide gisa esango dut gaurko saioan irakasleei azaldu zaiena ikasleei beraiei ere azaldu zaiela orain dela egun batzuk, konkretuki LHko 5. mailako, DBH1eko, DBHO 1eko eta DBHO 2ko ikasleei. Harrigarria benetan nolako erraztasunez jaso dituzten emandako azalpenak eta Enrique Dans-ek bere artikuluan dioen bezala…(interesgarriak oso, erantzunetan aurki daitezkeen iritzi desberdinak; irakurtzeko tarte bat hartzea merezi du)

“Si te dedicas a enseñar a otros, tienes que hacerlo en el contexto que marca tu entorno. Si tu entorno vive una revolución tecnológica que hace que TODA la información esté al alcance de los estudiantes, tendrás que cambiar tu metodología, porque tu negocio ha cambiado. Tendrás que enseñar a buscar, a tener criterio, a comprender, a interiorizar. Es indispensable seguir esa revolución tecnológica e introducir sus consecuencias en tus contenidos, o serás culpable de contribuir a generar una generación de estudiantes desconectados de su entorno”

Ez dago bueltarik.

Bukatu baino lehen, konszientea izanik Jakintzako ikasle eta irakasle askok gehitu dutela gure feed-a Bloglines-era, gonbidapen bat luzatzen diet denei gai honen inguruan dituzten iritziak, kexak, iradokizunak… erantzunen eremuan idaztea. Ea denon artean eztabaida polita sortzen dugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.