Writely, elkarlanaren filosofiaren eredu garbia

Azken egun hauetan irakurri ditudan albisteen artean aipatuenetakoa Writely testu prozesadorearen kaleratzearena izango litzateke zalantzarik gabe. Astebete luze pasa da aplikazio hau liberatu zenetik (hasieran gonbidapena beharrezkoa zen aplikazioa probatzeko) eta ordutik hona asko izan dira honi buruz idatzitako artikuluak. Euskal blogosferan ez dakit honen berri nonbait jaso ote den, beraz, gaur aplikazioa probatzea ausartu naiz eta nire iritzia ematera natorkizue. Bat nator erabat orain arte irakurritako artikuluetan adierazten denarekin; aplikazio bikaina da benetan.

Writely, funtsean, oinarrizko funtzioak dituen testu prozesadore sinple bat da, edozein ikasle/irakaslek erraz menperatzen dituen tresnak dituena. Testu prozesadorea erabiltzen hasteko nahikoa da helbide elektroniko bat eta pasahitza idaztea eta, denbora epe labur baten ondoren, zure postontzian konfirmazio mezu bat jasoko duzu. Onartu bezain pronto lanean hasteko moduan zaude.

Dokumentu bat zerotik sortu dezakezu edota nahi izanez gero html, doc edota txt bezalako dokumentu batekin has zaitezke (azken kasu honetan dokumentua lehenik igo egin beharko duzu). Dokumentua sortu duen erabiltzaileak aukera du dokumentuaren ekoizpena edonorrekin partekatzeko: horretarako nahikoa da leihotxo batean hautatu nahi dituen taldekideen helbide elektronikoak idaztea. Hemendik aurrera taldekide bakoitzak egindako ekarpenak bat-batean gehituko zaizkio dokumentuari, egindako ekarpen guztien erregistroa gordeta geratuko delarik. Behin dokumentua bukatua dagoenean publikoa egin daiteke, posta elektronikoz edonori bidali daiteke edota norberak bere kopia pertsonala gorde dezake, eta guzti hau ikastolatik bertatik edota bakoitzak bere etxetik. Badu ere beste aukera interesgarri bat: ekoiztutako artikuluak blog batean zuzenean publika daitezke, oso interesgarria nire DBHO 1eko ikasleek sortu berriak dituzten blogetan, taldean egindako bidalketak argitaratzeko. Zerbitzu hau oraindik Blogger-en bakarrik erabil daiteke: ea laster zabaltzen duten aukera hau WordPress-en egindako blogetara.

Taldeko lanak bultzatzeko tresna interesgarria izan daiteke (Wikien antzera, lan kolaboratiboa sustatzen duena). Boteprontoan aukera desberdinak bururatzen zaizikit: taldean egindako idazlanak, txostenak, bertso eta olerkiak… Euskaljakintzakoek kontutan hartzeko zerbait izan daiteke.

Informazio gehiago: Cuaderno del Profesor

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.