Spama del.icio.usen?

Jarraian azalduko dizuedana zehazki zertan datzan ez dakit oso ondo azaltzen jakingo dudan baina, tira, ahaleginduko naiz. Agian sekulako astakeria botatzera noa, ez dakit. Hala bada, barkatuko didazuelakoan nago.

Kontua da, duela egun batzuk nire del.icio.useko kontuan “inbox” zerbitzua erabiltzea erabaki nuela. Zera pentsatu nuen: sarean zehar norbaitek fisikako ikasgaiarekin harremana gordetzen zuen webgune bat bilatzen zuenean eta bere del.icio.usean gordetzerakoan fisika etiketa erabiltzen bazuen, hori nire inboxera ekartzera. Horrela, inbox honetara ekarriko nituen “fiska”, “fisica”, “physics” eta “physique” etiketekin mundu osoan jasotako webguneak. Behin lau hitz gako hauek nire inboxean txertatu ondoren, bere RSSa jaso eta nire agregatzailean sartu nuen. Gauza bera egin nuen matematikarekin erlazionatutako etiketekin.

Lehenengo unetik konszientea nintzen, etiketa hauek hain arruntak izanik, nire inboxak, eta ondorioz, nire agregatzailean sortutako karpetek segituan topetaraino betetzeko arriskua zutela. Halere, proba egin nuen eta hasieran, behintzat, ez zen hainbesterako.

Baina azken egun hauetan egoera zeharo aldatu da. Fisikarako sortu nuen postontzia di-da batean betetzen zait; nahiko da minutu batzuk pasatzea jasotako webguneen zerrenda izugarri handitzeko. Eta mezu gehienak erabiltzaile jakin batenak dira: bere izena blogminer da (adierazgarria izena ala?). Bere del.icio.useko kontuari begirada bat botatzen badiozue, konturatuko zarete zein tipo langilea den gure Blogminer hau!!!! Minutu gutxi batzuetan bere kontuan ehundaka mezu gehitzen direla konturatuko zarete. Hau da, “tipoa” ez da ordenadore paretik kentzen ezta pixa egiteko ere!!!!!!

Bestalde, oso kuriosoa da, bere del.icio.useko kontura gehitzen dituen erreferentzia guztiak webgune berekoak direla egiaztatzea: webgunearen izena Blog@Case da eta, ez banago oker, blogak sortzeko hostinga eskaintzen duen leku bat da, Blogsome, Blogak.com edo Blogari.net bezala.

Blogmineren etiketa zerrendari begirada bat botaz konturatuko zarete erabiltzen dituen etiketak oso generikoak direla, Apache, Apple, Microsoft, IBM, Google…

Honek guztiak del.icio.usen spama egon daitekeela pentsatzera eraman nau baina ez nago ziur hori gertatzea posiblea ote den edo ez. Nire galdera hau da: posiblea da robot baten bitartez webguneak del.icio.useko kontu batera gehitzea eta hauei lotutako etiketak del.icio.usen gehien erabiltzen direnak izatea? Posible ote da prozesu hau era automatikoan burutzea robot baten laguntzaz? Zuetako norbaitek informaziorik izango balu, honi buruz iruzkin batean azaltzea eskertuko nioke.

Arratsaldeko 15:23ak dira eta une honetan blogminerrek 4323 erreferentzia jasota ditu bere kontuan!!!

Eguneraketa (2006-05-05, 15:50):del.icio.usen zertxobait saltseatu ondoren, settings atalaren barruan “antisocial” izeneko gunea agertzen da. Bertan, erabiltzaile jakin bati edota etiketa konkretu bati betoa jartzeko aukera ematen du. Ale blogminer, hoa popatik hartzera nire del.icio.usetik!!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.