Skypecasts

skypecastsAtzotik eskuragarri dago Skypen 2.5 bertsio berria. Oraindik beta fasean dagoen bertsio berri honek hainbat berrikuntza interesgarri dakartza: Outlookeko kontaktuei Skypen bitartez zuzenean deitzeko aukera, lagunei SMS mezuak bidaltzeko aukera… eta beste batzuk. Baina denen artean interesgarriena Skypecasts zerbitzua iruditu zait. Zerbitzu honen bitartez zure gustukoak diren gaien inguruko elkarrizketetan parte har dezakezu. Txat gelen pareko zerbitzua eskintzen du Skypecasts-ek baina elkarrizketa idatziz burutu beharrean, hitzez ematen da, zuzenean, aldi berean 100 solaskide arteko taldeak osa daitezkeelarik. Elkarrizketa hauetako bakoitzak, gunea sortu duen arduraduna izango du moderatzaile bezala; berak banatuko du mikrofonoa solaskideen artean, beharrezkoa denean hitza kendu edota elkarrizketatik botatzeko aukera ere izango duelarik.

Skypecast bat sortzea oso erraza da: hizpidea zein izango den hautatu, ondoren izenburua ipini, bere deskribapena garbi adierazi eta gaia azaltzen duten etiketa egokiak hautatu. Ondoren, saioan parte hartu nahi dutenak jakinen gainean egon daitezen, zein ordutan konektatuko zaren adierazi beharko duzu. Behin saioa hasi ondoren zeu izango zara moderatzailea eta zeuk erabakiko duzu zein izango den elkarrizketa mota, eztabaida irekia edota norabide bakarreko elkarrizketa, zuk galdetzen duzu eta besteek erantzuten dute, alegia. Zure ardura izango da hitza nori ematea eta, beharrezkkoa izango balitz, hitza nori kendu ere; nahiz eta solaskideei hitza kendu hauek beti izango dute aukera mikronofoa eskatzeko aukera,horrela zure baimenaren zain geldituko dira.

Oraindik ez dut aplikazioa probatu baina irakaskuntzan erabiltzeko oso interesgarria izan daitekeela iruditzen zait. Aurtengo ikasturtearen hbasieran, nire ikasleekin multikonferentzia bat aurrera eraman nahi izan nuen baina elkarrizketan hiru erabiltzaile baino gehiago konektatzen ginenean, seinalearen kalitatea izugarri jaisten zen, elkarrizketa bat baldintza honetan gauzatzea ezinezkoa zelarik. Sistema honekin, berriz, badirudi solaskide multzoa handia izanda ere kalitatea bermatzen dela. Gai jakinen inguruan gure ikasleekin solasean, eztabaidan edota ikuspuntu desberdinak azaltzeko interesgarria izan daitekeela iruditzen zait. Ariketa baten aurrean adibidez, zalantzak eta kezkak argitzeko balio dezake, ikasleek galderak euren artean argitu ditzaten, beti ere irakaslearen moderazio lana dela medio. Ea aurtengo ikasturtea amaitu baino lehen probatzeko aukera dudan.

Skype bezalako tresna batek irakaskuntzan izan dezakeen garrantziaren adibidea da, baita ere, Moodle plataformarako garatu den Skype Presence Block delakoa. Gehigarri honen bitartez Moodleek ikastaro batean parte hartzen duten irakasle eta ikasleen egoera zein den erakusten du (konektatuta, offline, kanpoan, lanpetuta…). Gehigarri hau erabiltzeko erabiltzaile bakoitzaren profilean bere Skype IDa txertatzea besterik ez da behar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.