Performancing 1.0

Geroz eta gehiago gustatzen zait Firefox. Hamaika aldiz aipatu dira nabigatzaile honek aurkezten dituen abantailak zeintzuk diren, beraz, ez ditut hemen berriro ere errepikatuko. Halere, azkenaldi honetan txundituta geratzen ari naiz Firefox-entzat kaleratzen ari diren plugin edo gehigarri berriekin. Hauetako gehigarri batzuk kilobyte gutxiko kodigo zati txikiak izan arren sinestezina izaten da nabigatzaileari gehitzen dioten balio erantsia. Hori da gertatzen dena Performancing 1.0 plugin berriarekin.

Plugina ohi den bezala deskargatu eta instalatu ondoren, F8 sakatuz edota nabigatzailearen behekaldeko eskuin aldean dagoen ikono berrian klik eginez, zure blogean idazteko editore konpleto bat irekitzen da pantailaren erditik beheraino (atzean bisitatzen ari zinen webgunea mantentzen du). Plugin honek w.bloggar edota ecto bezalako editore bat gehitzen dio zure Firefox-ari. Hauetan gertatzen den bezala lehenik blogeatzeko erabiltzen duzun plataforma zein den adierazi beharko duzu (WordPress, Movable Type eta Blogger plataformak onartzen ditu), ondoren zure blogaren identifikazioa egin beharko duzu (nire kasuan xmlrpc.php fitxategiaren helbidea idatziz) eta bukatzeko blogean erabiltzen duzun erabiltzaile izena eta pasahitza sartu. Une honetan has zaitezke zure bidalketak idazten.

Itxuraz sinplea da baina zure bidalketak sortzeko beharrezkoak diren gutxieneko tresna guztiak ditu: oinarrizko edizio barra bat, artikulua bistaratzeko hiru aukera desberdin, blog eta atal desberdinen artean txandatzeko aukera… eta oraintxe bertan aurkitu dudan beste aukera interesgarri bat. Edizio eremuaren atzean geratzen den web orriaren gainean eskuineko botoiez klik egiten baduzu “Performancing” izeneko aukera berri bat agertzen da. “Blog this page” aukeratuz idazten ari zaren artikuluan orri honen linka txertatzen du. Oso praktikoa.

Pluginak Firefox 1.5 bertsioarekin bakarrik da bateragarria.

Blogsome-n bloga duzuenontzat albiste txar bat: xmlrpc bitartez argitaratutako artikuluek backslash problem deitzen den arazoa dute. Sistemak artikuluetan agertzen diren kakotx guztiei backslash bat ipintzen die aurretik. Honek balio gabe uzten ditu linkak eta txertatutako irudien helbideak. :sad:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.