Jakintzako blogariak Praktika Onen Trukaketan

Atzo Euskalitek antolatutako 400 Klub-eko (Zilarrezko eta Urrezko Q-a dugun erakundeak osatzen dugun foroa) 2. Praktika Onen Trukaketan izan ginen IKTeroak. Iaz jarri zen martxan esperientzia trukatze hau eta, aurten, aurkeztutako praktikek berrikuntzaren arloa izan dute ardatz.

Ideia zera da: erakunde bakoitzak bere ustez interesgarria duen praktika bat erakusten du 15 minutuko aurkezpen batean. Honela, zurea den zerbait ematearekin batera, beste 9 erakunderen (denak goi mailakoak) ideia edo praktika on jasotzen dituzu. Azken finean, IKTerook hainbeste azpimarratzen dugun partekatzearen filosofia dago oinarrian, konpartitzea, nirea den zerbait gurea izatera pasatzea, eta hori benetan atsegin dugu!

Mota guztietako praktikak ikusteko aukera izan genuen: Torniplasak aukeztutako erremintak biltzeko sistema berritzaile bat, Zamudioko Ospitaleak emaitzen berrikusketarako garatutako txostena eta Jesús Obrero ikastetxeak inkestak kudeatzeko SPSS zuhaitzen erabilera berriztatzailea, besteak beste.

Dena den, niri benetan deigarria iruditu zitzaidana da lehen hiru praktika bozkatuenak (Web ataria, pedagogia eta komunikazio tresna; Elkarrekin lan eginaz eta gozatuz, matematika ikasi eta Webloga erabiliz, DBHO2n euskara ikasi) irakaskuntza arlokoak izatea. Kontuan izanik praktika hauen izaera, berrikuntzaren alorrekoak guztiak, gure sektorea harro egoteko arrazoiak badituela uste dut. Bistan da gogoa eta ekimenak ez zaizkugula falta…

Aurrera jarraitu aurretik, Axular Lizeoko kideak zoriondu nahi ditut Web ataria, pedagogia eta komunikazio tresna aurkezpenak lortu zuen errekonozimenduagatik. Behin baino gehiagotan aipatu dugun moodle eta bere aukera anitzak bikainki aurkeztu zituzten Axularrekoek. Benetan interesgarria, zorionak!

Guk gure blogetako bat izan dugu erakusgai, euskaljakintza, hain zuzen ere. Egia esan, pozik egoteko arrazoiak baditugu, aukera paregabea izan baita, betiko foroetatik kanpo, blogen onurak irakaskuntzan (eta beste arloetan) adierazteko. Halere, egia esan behar badut, ez nintzen oso gustura gelditu, zapore mingots batez bueltatu nintzen. Aipatzeko nituen hainbat gauza aitatu gabe gelditu zitzaizkidan (writely-rekin egiten ari garen lanketa interesgarria edo ikasleen inkestaren emaitza ezin hobeak, kasu) nire IKTkide estimatuak bueltan gogorarazi zidan bezala. Eta hori gutxi balitz, aurkezpena bukatu aurretik, interneteko konexioa galdu genuen! Halere, nik uste ideia batekin, behintzat, gelditu zirela: bloga egundoko erreminta dela edozein irakasgai lantzeko, partaidetza sustatzeaz gain, guztiz motibagarria dela eta irakaslearen ohiko rolaren aldaketa ahalbidetzen duela. Eta horrekin gelditu badira, gaitz erdi!!

Amaitzeko pentsamendu bat eta esker mila: blog bidezko lanketa balio handikoa da baina balio handiagokoa oraindik atxikia dakarrena, ikasleekiko harremanak estutzea. Mila esker nire DBHO2ko ikasleei, hasiera-hasieratik izan duten jarrera irekiagatik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.