Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasa

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, atlasa.net izeneko gune berria sortu du. Aurkezpenean dioenaren arabera…

…tresna honen helburua erabiltzaile ororen eskuetan informazio fidagarria jarri eta zerbitzua eskaintzea da. Hori dela eta, atlasa.net gunea aproposa da ekonomia eta gizarte alorreko profesional zein eragileentzat, nahiz hezkuntza mundurako. Lehenengo bertsio honetan, GAINDEGIAk, demografia, gizartea eta makro-ekonomiako adierazle bateratuen hautaketa eskaini du (ikus adierazleak gunea), baina asmoa, web aplikazioa eta informazioa eguneratzen eta osatzen joatea da.

Gure ikasleei ipintzen dizkiegun jarduera askotan gune honetan eskaintzen diren adierazle ezberdinen inguruko informazioa bilatzea eskatzen diegu. Jarduera hauen helburuetako bat liburu eta atlas ezberdinetan informazioa bilatzea izaten da. Baliabide berri honekin, datu horiek eskura izango dituzte klik gutxi batzuekin, beraz, jarduera hauen diseinuari ukitu batzuk ematea beharrezkoa izango da. Eta burura datorkit momentu honetan gure ikastolako 4. mailako ikasleek, Goierriko bailararen inguruan burutu berri duten proiektua.

Magic-ek informazio gehiago emango dizue honen inguruan.

Iturria: Zabaldu.com

Egileen eskubideak eta eskola

Ostegunean argitaratu nuen bideoaren azalpena orain ikusten dut. Kanpaina bat dago atzean, Asturiasen burutzen ari den “Educar para crear“, hain zuzen.

Niri bideo hura manipulazioa iruditu zitzaidan eta orain, testuingurua ezagutzen dudala, nire iritzi hori berresten dut. Zoritxarrez, manipulazio horren subjektuak ez dira ikasleak bakarrik, irakasle batzuk ere zaku berean daude. Kosta egiten zait eta mingarria da oso, irakasleak horrelako proiektu batean sartuta ikustea. Ohituta gaude gure ikastetxeetara era guztietako kanpainak eramateko egiten dituzten ahaleginekin, baina gure proiektua edota gure nortasunarekin bat ez datozenean, ez diegu inongo jaramonik egiten. Horregatik, ezin dut ulertu Asturiaseko ikastetxe eta instituto horiek nola arraio onartu duten gisa horretako manipulazioa.

Bitxia, benetan, proiektu horren atzean dauden erakundeak: Microsoft, Telefonica, NBC Universal, MPA eta Cedro, beste erakunde publiko eta pribaturen artean, eta bitxia ere erakunde horiek aurrera eraman nahi duten politika berria. Kopia egitea legala denez eta, jendeak izan dezakeen erreakzioarekin, legea aldatzeari beldurra diotenez, gizartearen pertzepzioa aldatzen ahalegintzen dira. Gainera, ideia horiek sartu eta gero, euren produktuak zein zoragarriak diren eta gure bizitzarako zein beharrezkoak diren ikusarazten digutenez, jokaldia borobila da.

Politika berri horretan beharrezkoak diren beste estamentuen laguntza ere lortzen dute eta hortxe daude hedabide publiko zein pribatuak, administrazio publikoaren babespean, mezu faltsu hori etengabe zabalduz. Honela, partekatzea pirateriarekin nahasten da, egileen eskubideak copyright-arekin lotzen dira, gainontzeko lizentziak aipatu ere ez, software askea eta software pirata nahasten dute, kulturaren alde ari direla diote baina CC lizentziadunPendiente de título” bezalako proiektuen alde ez dute ezertxo ere egiten, copyleft lizentzia duen musika ez dute inoiz jartzen euren programazioetan… Zilegi al da, irakasleen oniritziarekin, horrelako mezuak gure ikastetxeetan zabaltzen hastea? Gisa horretako “politika”ren sostengua izan behar al dugu?

Bada, kulturaren gidari berri hauen artean, noski, EITB ere azaltzen zaigu eta deskuidatuz gero, aurki erkidegoko ikastetxeetan edo Betizu bezalako saioetan horrelakoak zabaltzen hasiko zaizkigu.

Nik uste dut gai hau eskoletan jorratu beharra dagoela, baina informazio zuzena emanez eta interesatutako gezurrak alde batera utziz, gure legislazioan legala eta ilegala zer den garbi adieraziz eta lizentzia mota ezberdinen ezaugarriak aztertuz. Ikasleak “doktrinatu” gabe, eurek ikus dezatela zein den ezagutza eta kultura zabaltzeko biderik egokiena, zein jokabide den etikoena… Horrela bakarrik onartuko nuke nik gai horren inguruko kanpaina bat. Bestela, zein arrazoi emango nuke “Creacionismo” sostengatuko lukeen kanpaina bati ezetz esateko? Nola esango nioke ezetz argudio zientifikoetan oinarritzen den teoria horri? Asturiaseko ikastetxeetan beste teoria horiek sartu badira, “Creacionismo” gure ikastetxeetan, zergatik ez?

Denok erne egon gaitezen, hortxe doakizue Asturiasen grabatutako bideo sorta beldurgarri hau:

Aurkezpena »

Irakasleen iritzia »

Umeen antzerkia »

Microsoft »

NBC Universal »

Telefonica »

Hezkuntza Sailburua (Asturias) »

Cedro »

Euskal Herriko Ikastolen mapa

Iaz, DBH 1-eko ikasle batek hasiera eman zion orain aurkezten dizuegun mapa honi. Egundoko lana egin zuen arren, amaitzeko astirik ez eta ikasturte honetan amaitzea erabaki genuen. Horregatik, aurtengo DBH 1eko ikasleekin (12 urte) proiektuari heldu diogu eta lan kolaboratzaile gisa amaitzea erabaki genuen.

Horretarako, aurtengo ikasleak kolaboratzaile gisa gonbidatu nituen mapa horretan eta gure posta zerbitzua erabiliz, egin beharreko lanaren xehetasunak helarazi nizkien. Horra hor ezaugarri nagusiak:

  • Hasita zegoen mapa bukatzea zen lanaren xedea
  • Gela bakoitzak lurralde ezberdinak hartu behar zituen
  • Ikastolen Elkartearen gunean dauden datuak erabili behar zituzten mapan kokatzeko
  • Kokapena ahalik eta zehatzena bilatu behar zuten
  • Ezagutzen dituzten tresna kolaboratzaileak erabiliz, norberak sartu beharreko ikastolak zehaztu behar zituen

Ikusten duzuen bezala, nahiko sinplea da erabilitako sistema eta saio bakar bat nahikoa izan da orain aurkezten dugun mapa hau “osatzeko”. Eta kakotxen artean kokatzen dut, amaitu gabe dagoelako. Mapa amaitzeko zuen laguntza eskatu nahi dugu.

Lan honekin, beste gauza batzuen artean, lan kolaboratzaileek duten ahalmen ikaragarriaz ohartarazi nahi nien. Hau da, bakoitzak jarritako ale txiki batekin, behar bezalako baliabideak erabiliz, gauza txukunak eta indar handikoak egin zitezkeela frogatu nahi nien.

Nik uste dut hori bizi dutenez, nahiko ongi barneratu dutela, baina orain pausu bat gehiago eman nahi dut eta horretarako zuen laguntza behar dut. Ikasleek eginiko mapa horretan akats batzuk ikusi nituen eta ikastola batzuk sartu gabe gelditu dira. Horregatik, zuen laguntza eskatzen dut ikusten dituzuen akatsak iruzkinetan adierazteko. Beraiek harpidetuta daude blog honen iruzkinetara eta zuen zuzenketen berri berehala izango dute. Honela, ikasleak ohartuko dira lan mota hauen beste ezaugarrietako bat jendearen partaidetza eta elkarreragina dela.

Euskal Wikipedian ekarpenak egiten jarri nahi ditut, baina ez nuke nahi “derrigortuta” horrelakoetan jartzea. Aitzitik, konbentzituta eta gogoz ikusi nahi ditut. Hiritar gisa jokatu dezatela, gutxitan aitortzen zaien protagonismoa hartu eta euren etorkizunerako horren beharrezkoak izango diren lan egiteko era hauetan trebatu eta ezagutu ditzatela.

Aldez aurretik, zuen zuzenketak eskertu nahi ditut, nire ikasleentzat adibide bikaina izango dira eta, bide batez, ikastolen mapa hobe bat eraikiko dugu.

Ikasleen manipulazioa

David Bravoren blogean aurkitu dut Alderdi Pirataren gunean argitaratutako bideo “zoragarri” hau. Ez dakit gidoilaria Teddy Bautista izan den, baina lotsagabe bat izan behar du hori ume horien ahotan jarri duenak.

Onargarria al da horrelakoak egitea gure ikasleekin? Niri manipulazio hutsa iruditzen zait, baina zein da ikastetxeek jokatu beharko luketen rola gai horren aurrean?

Portzierto, EITBko medioetan zabaltzen ari den “Musikarekin bat” kanpaina ez al zaizue lotsagarri eta betiko topiko gezurtiaz beteriko kanpaina bat?