Publikatu itzazu zure bideoak Google-en

Gaurtik aurrera Google-ek aukera ematen dizu zure bideoak interneten publikatzeko. Horretarako “Video Upload Program” delakoa kaleratu berria du. Aplikazio honen bitartez edozein tamaina eta iraupeneko bideoak Google-era igo ditzakezu edonork kontsultatu edota ikusi ahal izateko aukera izanik. Programak onartzen dituen bideo formatuak ondorengoak dira; .mpg, .mpeg, .avi, .ra, .ram, .mov, .wmv, edo .asf.

Informazio gehiago nahi baduzu egizu klik hemen

Euskal hiztegiak online

Atzo izan genuen IKTeroen lehen bilera gure bitakora berri dotorea martxan jarri zenetik. Taldekide guztiek ikusi ahal izan zuten blog berria eta, honez gero, batzuk mezuak zintzilikatzeko irrikitan daude. Bileraren amaieran aurreko egunetan proba moduan idatzi genituen mezuen inguruan hitz egiten jardun ginen. Eta IKTero batek Elhuyar hiztegiaren inguruko mezua gogorarazi zidan. Hau ustekabea konturatu nintzenean gutako askok ez zuela ezagutzen hiztegi hau euskarri digitalean. Hona hemen horietako batzuen aipamena:

Elhuyar hiztegia: benetan tresna eraginkorra. Bilaketa azkarrak egiten ditu eta emaitza askobueltatzen ditu. Azpisarrerak ere aurkitzen ditu: lokuzio edo esamoldeak, lexiak,….

3000 Hiztegia: aurrekoa bezain erabilerraza eta azkarra. EuskalGNU taldeak Firefoxerako plugin bat sortu du. Plugin horren bidez Firefoxen zuzenean kontsulta daiteke Hiztegia 3000. Gaztelaniazko hitza tekleatzen duzu eta euskarara itzultzen dizu pluginak.

Sinonimoen Euskal Hiztegia: sinonimoak eta antonimoak aurkitzen ditu. Harrigarria da kasu askotan ematen dituen erantzunen kopurua (ez nuen espero hainbeste sinonimo edukiko zituenik “ero” hitzak ;-) )

AISA Etorkinentzat Irudizko Hiztegia: orain dela egun batzuk Sustatun jasotako albistea hemen uzten dizuet. Hiztegi hau etorkinei zuzenduta dago eta euskara ikasteko lehen urrats bezala erabili dezakezue zuen ikasleekin.

Bukatzeko, helbide interesgarri gehiago topa ditzakezue gure ikastolako web orriko helbide honetan

Kalean da Messenger 7.0

Microsoft-ek kaleratu berria du MSN Messenger 7.0, mezuak trukatzeko software ospetsuaren (munduan 160 milioi erabiltzaile baino gehiago gara) bertsio ofiziala. Ziurrenik zuetako askok beta bertsioa ezaugutzeko aukera izan duzue jada, orain dela hilabete batzuetatikk hona MSN-ko webgunetik deskargatzeko aukera izan baita.

Bertsio berri honek ondorengo hobekuntza hauek aurkezten ditu nagusiki:

  • Bi ordenadoreen arteko dohaineko bideo eta audio deiak: hemendik aurrera internautek elkarren artean dohaineko bideo eta audio bitarteko elkarrizketak izateko aukera edukiko dute. Badirudi Redmon-ekoek Skype-k lortu duen pastelaren zati bat bereganatu nahi dutela eta zerbitzu honi garrantzia berezia eman diote oraingoan. Egia esan, ikastolan egun hauetan probaketatan aritu gara eta erabiltzaileen arteko komunikazioa oso erosoa eta kalitate honekoa izan dela esan beharra dago.
  • Sakeleko telefonoetra SMSak bidaltzeko aukera: Messengerren elkarrizketa leihotik SMSak bidaltzeko aukera izango da. Hala eta guztiz ere, estatuan ez da zerbitzu hau martxan jarri oraindik eta ez ditugu ezagutzen oraindik aplikatuko zaizkion tarifak
  • Messengerra pertsonalizatzeko aukera berriak: atal honetan berrikuntza ugari aurkitu daitezke. Keinuak (elkarrizketa leihoan agertzen diren marrazki bizidun laburrak), burrunba (solaskideari zure presentziaz ohartarazteko bidaltzen zaion tinbre hotsa), emotikono dinamiko berriak, leihoaren hondo pertsonalizatuak,…
  • Hobekuntzak segurtasunaren alorrean: pribatutasuna bermatzeko hobekuntzak, spam-aren aurkako tresna berriak, jasotako artxiboen birusen aurkako eskaneo sistemak,…
  • Bilaketa partekatuak: hau da, posiblea duzu zure leihotik bilaketa bat egitea eta bilaketa horren emaitzak zure solaskidearekin partekatzea. Hori bai, bilaketa hori MSN Search tresnaren bitartez egin daiteke soilik, ez daukagu gure bilatzaile faboritoak (Google adibidez) erabiltzeko aukerarik.

Programak lortu duen arrakastari etekin ekonomikoa atera nahiean, Microsoft-ek bi akordio ekonomiko sinatu ditu, bata Coca-Colarekin internautek “themepacks” direlakoak jaitsi ahal izateko, eta bigarrena American Greetings-ekin ikono pertsonalizatuak saltzeko.

MSN Messenger 7.0-rekin batera ezagutzera eman da ere MSN Spaces zerbitzu berriaren bertsio ofiziala. Aplikazio hau ere beta fasean eduki dute lau hilabetetan baina izan duen arrakastaren ondoren (4,5 milioi erabiltzaile baino gehiago harpidetu dira) bertsio ofiziala plazaratzea erabaki dute. MSN Spaces gaur egun bitakoren inguruan ematen ari den “boom”-ari erantzuteko sortu sortu du Microsoft.

Bukatu aurretik ohar txiki bat: messengerra instalatzerakoan aplikazioak MSN Search eta MSN Toolbar instalatzeko aukerak lehenetsiak ekartzen ditu. Gustora bazaude Google-ekin badakizu….;-)

Proiektu berri baten hasiera

Mezu honen bitartez IKTerook, Jakintza ikastolaren babesarekin, hasiera ematen diogu proiektu berri honi. IKTeroen bitakoraren ezaugarri eta helburu nagusienak ezagutu nahi badituzu irakur ezazu bitakora honen aurkezpen orria.

IKTeroen taldea osatzen dugunok bertan aurkituko duzun informazioa zure gustukoa izatea espero dugu. Bide batez, agertuko diren mezuei zure erantzuna bidaltzea gonbidatzen zaitugu, zure iritziak, ideiak edo bestelako informazioa bitakora honetan plazaratzea animatzen zaitugularik. Hori bai, jakinarazten dizugu mezuei erantzuko beharrezkoa dela lehenik erregistratuta egotea.

Weblog, blog edota bitakora izenez ezagutzen diren web orriak zer diren eta zein ezaugarri dituzten jakin nahi baduzue ikastolako web orrian topa ditzakezuen bi albiste hauek (I eta II) irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Besterik gabe, IKTeroen taldeak ongi etorria ematen dizue gure bisitariek izango zareten guztiori.