Egileen eskubideak eta eskola

Ostegunean argitaratu nuen bideoaren azalpena orain ikusten dut. Kanpaina bat dago atzean, Asturiasen burutzen ari den “Educar para crear“, hain zuzen.

Niri bideo hura manipulazioa iruditu zitzaidan eta orain, testuingurua ezagutzen dudala, nire iritzi hori berresten dut. Zoritxarrez, manipulazio horren subjektuak ez dira ikasleak bakarrik, irakasle batzuk ere zaku berean daude. Kosta egiten zait eta mingarria da oso, irakasleak horrelako proiektu batean sartuta ikustea. Ohituta gaude gure ikastetxeetara era guztietako kanpainak eramateko egiten dituzten ahaleginekin, baina gure proiektua edota gure nortasunarekin bat ez datozenean, ez diegu inongo jaramonik egiten. Horregatik, ezin dut ulertu Asturiaseko ikastetxe eta instituto horiek nola arraio onartu duten gisa horretako manipulazioa.

Bitxia, benetan, proiektu horren atzean dauden erakundeak: Microsoft, Telefonica, NBC Universal, MPA eta Cedro, beste erakunde publiko eta pribaturen artean, eta bitxia ere erakunde horiek aurrera eraman nahi duten politika berria. Kopia egitea legala denez eta, jendeak izan dezakeen erreakzioarekin, legea aldatzeari beldurra diotenez, gizartearen pertzepzioa aldatzen ahalegintzen dira. Gainera, ideia horiek sartu eta gero, euren produktuak zein zoragarriak diren eta gure bizitzarako zein beharrezkoak diren ikusarazten digutenez, jokaldia borobila da.

Politika berri horretan beharrezkoak diren beste estamentuen laguntza ere lortzen dute eta hortxe daude hedabide publiko zein pribatuak, administrazio publikoaren babespean, mezu faltsu hori etengabe zabalduz. Honela, partekatzea pirateriarekin nahasten da, egileen eskubideak copyright-arekin lotzen dira, gainontzeko lizentziak aipatu ere ez, software askea eta software pirata nahasten dute, kulturaren alde ari direla diote baina CC lizentziadunPendiente de título” bezalako proiektuen alde ez dute ezertxo ere egiten, copyleft lizentzia duen musika ez dute inoiz jartzen euren programazioetan… Zilegi al da, irakasleen oniritziarekin, horrelako mezuak gure ikastetxeetan zabaltzen hastea? Gisa horretako “politika”ren sostengua izan behar al dugu?

Bada, kulturaren gidari berri hauen artean, noski, EITB ere azaltzen zaigu eta deskuidatuz gero, aurki erkidegoko ikastetxeetan edo Betizu bezalako saioetan horrelakoak zabaltzen hasiko zaizkigu.

Nik uste dut gai hau eskoletan jorratu beharra dagoela, baina informazio zuzena emanez eta interesatutako gezurrak alde batera utziz, gure legislazioan legala eta ilegala zer den garbi adieraziz eta lizentzia mota ezberdinen ezaugarriak aztertuz. Ikasleak “doktrinatu” gabe, eurek ikus dezatela zein den ezagutza eta kultura zabaltzeko biderik egokiena, zein jokabide den etikoena… Horrela bakarrik onartuko nuke nik gai horren inguruko kanpaina bat. Bestela, zein arrazoi emango nuke “Creacionismo” sostengatuko lukeen kanpaina bati ezetz esateko? Nola esango nioke ezetz argudio zientifikoetan oinarritzen den teoria horri? Asturiaseko ikastetxeetan beste teoria horiek sartu badira, “Creacionismo” gure ikastetxeetan, zergatik ez?

Denok erne egon gaitezen, hortxe doakizue Asturiasen grabatutako bideo sorta beldurgarri hau:

Aurkezpena »

Irakasleen iritzia »

Umeen antzerkia »

Microsoft »

NBC Universal »

Telefonica »

Hezkuntza Sailburua (Asturias) »

Cedro »

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.