Ordiziarrak blogosferan

Egun hauetan udarako oporrak non pasatuko ote ditugun erabakitzen ari gara etxean. Niri pertsonalki leku lasaiak, bakartiak,… gustatzen zaizkit, baina orain dela bost urtetik hona familiako oporrak nire semeak agintzen ditu; bere gustuko lekuetara joan behar gara, jakina, hondartza, aquapark, atrakzio parkeak,… eta horrelakoetara. Bufff!! Hondarra ahoan, eguzkitako kremaren kiratsa, atrakzioetako jende ilara amaigabeak,…. A ze suplizioa!. Eta bat-batean bururatu zait ordiziarron artean askotan erabiltzen dugun esamolde hau: “Munduko punta batera nola bestera joan, beti topatuko duzu bertan ordiziarraren bat”. Ez dakit ordiziarrok imaginazio gutxi dugun gure oporrak non pasatu behar ditugun aukeratzerakoan edota, justu alderantziz, munduko izkin guztietan zehar sakabanatzen ote garen.

Gauza bera gertatuko ote da sarean?. Zein da ordiziarron presentzia World Wide Web delakoan?. Orain dela aste batzuk ikastolako webmasterrak webgune batzuk topatu zituen baina horrez gero bilaketak ez ditu fruitu gehiagorik eman. Web horien artean Edurne de Arriba eta Ane Albisu gure ikasle ohien bitakorak topatu zituen. Mezu hau irakurtzen duzuenok beste ordiziarren baten webgunea ezagutzen baduzue sarean, arren helarazi iezaiguzue bere helbidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.