Irakaskuntza metodo berriak, bizipen berriak

Bidalketa honetan azaldu nahi dizuedana agian ez da oso ulergarria izango teknologia berrien munduan, eta batez ere, blogen munduan murgilduta ez zaudeten irakasleontzat baina zin dagizuet artikulu hau irakurtzerakoan jaso eta bizitakoak oso zaila egiten zaizkidala esplikatzea.

Konstruktibismo, kolaborazionismo, metodologia berriak… beti izan dira irakaskuntza munduan erabili izan ditugun hitzak. Askotan teoria hauen esanahi zehatza urruti gelditu arren metodologia berri hauen baliagarritasunaz jabetuz, bide berri hauek non bukatuko ote diren jakin gabe, aurrera egin dugu gure erabakiek helburu onuragarriak ekarriko duten sinismenaren izenean.

Gaur arratsaldean, aspaldidanik irakurri gabe nituen hainbat blogen erreferentziak irakurtzeari ekin diot eta bat-batean Tiscar Larak idatzitako artikulu honen aurrean aurkitu naiz. “Usos de los blogs en una pedagogía constructivista” izenburupean artikulu zoragarri bat irakurtzeko aukera izan dut.

Benetan gozatu dut. Ez naiz pedagogiaren inguruko teoriko horietako bat (gehiago esango nuke, zientzia honen inguruan zabaldu diren hainbat iritzien kontrako jarrera garbia adierazi izan dut askotan) baina horrelako artikulu bat irakurri ondoren, onartu beharra daukat ikasleekin gure egunerokoan bizitzen ditugun esperientziak gertutik jarraitzen dituzten hainbat “teoriko” badaudela. Eta horrelakoak irakurtzerakoan, nire barruak ukitzen dutela esan beharra daukat.

Hori da gertatu zaidana Tiscar Lararen artikulu hau irakurri dudanean. Artikulu sakona (luze bezain zehatza egindako azalpenetan), aberatsa (teoria desberdinei egindako erreferentziaz josita), egunerokoa gertutik bizi duen norbaitek idatzitakoa (ikasleen inguruko bizipen ugari emanez), iragandako, gaur egungo eta etorkizuneko irakaskuntzaren ildo nagusiak ezagutzen dituen norbaiten iritziak jasotzen dituena…. Zein zaila izaten den artikulu baten aurrean erabateko adostasuna izatea. Eta hori izan da nik bizi izan dudana artikulu hau irakurtzerakoan.

Bertan, blogek irakaskuntzan ekar dezaketen onurei buruz hitz egiten du. “Blockquote” etiketek, artikulu batean aipatutako ideia nagusiak azpimarratzeko balio badute, artikulu hau osorik jarriko nuke “blocquote” baten barruan. Atalez atal aipatzen duena nik neuk (eta pentsatzen dut nire lankideek ere) bizi izan dugunaren islapena da. Teorizazio maila handirik gabe egindako zerbaiten kontraste bezala hartzen dut nik artikulu hau.

Irakaskuntza munduan bide berriak, sistema berriak, metodo berriak… aplikatu eta erabili daitezkeela sinisten duzuenoi artikulua irakurtzea gonbidatzen dizuet. Bertan azaltzen diren egoerak oso urruti ikusten badituzue pentsa ezazue nik neuk aurten bizi izan ditudala. Eta izugarri gustura nago jasotakoarekin. Animo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.