Gure proiektuen berri, elkarlanean oinarritutako bidalketa batean(III)

Euskaljakintza:(sei)

Benetan zaila egiten zait euskaljakintzari buruz idazten hastea, hainbeste ideia dut buruan non ez baita batere erraza niretzat hauek laburtzea. Hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.

Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta, eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen, izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:

  • Euskara jakintzagaian DBHO 2n eman beharreko edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak erabiliz jorratu (sarean dauden baliabideei onura atera).
  • Euskarazko irakurmena, idazketa eta ahozkotasuna kilikatu.
  • Aprendizaia aktiboa bultzatu.
  • Talde lana sustatu (elkarrekin lan egiten ikasi).
  • Ohiko irakasle/ikasle “rolak” aldatu (denok denongandik ikasi: ikasleek irakaslearengandik, ikasleek beste ikasleengandik eta baita irakasleak ikasleengandik ere).
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartu.

Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen. Hasteko, nire lankide adituen aldean, informatikako nire ezagutza guztiz urria eta eskasa zen (behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez ote nintzen ur sakonegietan sartzen ari). Halere, prest nengoen ikasteko eta proiektu berriak ematen zidan ilusioa nire ezagutza pobreari gailendu zitzaion. Horrela, udan lanari ekin nion zetozen zailtasunei ahal nuen moduan aurre eginez.

  • Blogak ohiko testu liburuaren papera ordezkatzea nahi nuen. Nola sartu bertan testu liburuko eduki guztiak? Horrek webquestak ezagutzera eraman ninduen. Konturatu nintzen ez nituela eduki guztiak blogean behar, egin behar nuena zela beraien esku jarri informazio iturri ezberdinak eta beraiek bultzatu material hori sortzera. Webquestak tresna erabat egokiak suertatu dira lanketa mota honetarako eta, gainera, aprendizaia askoz ere aktiboagoa bihurtu da.
  • Hosting propioa ez izateak ekarri dit buruhauste bat baino gehiago (buruari izugarri eragin behar izan diot dokumentuak, txostenak, bideoak, argazkiak…materiala, azken finean, sarean kokatzeko).
  • Ikasleek nik uste baino gutxiago menperatzen zuten ordenagailua eta proiektuaren berri zein zerbitzuetan alta ematen (posta elektronikoa, writely, gravatar…) pentsatzen nuena baino denbora dezente gehiago pasatu nuen.
  • Ikasgaiaren balorazioa. Gaia modu berritzaile batez fokatu behar banuen,  ezin nuen betiko azterketa sistema erabili. Koherentzia pixka bat eman behar nion planteamenduari. Horrela, baloratzeko sistema aldatu dut eta, nahiz eta edukien neurketarako azterketa klasiko bat egin, nota globalaren %40ko balioa baino ez diot eman (%25a taldean ekoiztutako txosten idatziari, beste %25a taldean sortutako multimedia aurkezpenari -honen ahozko aurkezpena barne-, eta %10a gure blogean idatzitako artikuluei). Honekin nahiko gustura gelditu naiz, denok baitakigu betiko eskemetatik ateratzea zenbat kostatzen zaigun, batez ere maila hauetan!

Zailtasunak alde batera utziz, aitortu beharrean nago hasieratik proiektuak harrera ona izan zuela ikasle gehienengan (beti dago bat edo beste tramankulu hauekin moldatzen ez dena eta denerako zailtasunak ikusten dituena, noski!).

Bloga tresna bereziki egokia da, nire ustez, hizkuntzak lantzeko. Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idaztera bultzatzen ditu. Beraien artikuluak argitaratzen dituzte jakitun izanik kanpotik ere irakurleak dituztela (aurki.com-ean azaltzea oso garrantzitsua izan da beraientzat, baita Julen Gabiria idazleak edo Joxe Aranzabalek idatzi zigutenean). Honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu (euskara egokia erabiltzen saiatzen dira, blogean sartutako baliabideak hasi dira erabiltzen –hiztegi batua, sinonimoak, euskara-gaztelera hiztegiak, antolatzaileak eta abar luze bat).Halere, arlo honetan oraindik badago zer landu!

Gainera, ikasleek proiektua berea egin dute; eta, horrek, izugarri animatzen nau. Partekatzen ikasten ari gara, elkarrengandik ikasten dugu, aprendizaia askoz ere dinamikoagoa bihurtu da, komunikazio arloak (ikasleen artean eta irakaslearekin) ohiko mugak gainditu ditu (posta elektronikoaren erabilera arrunta denon artean, etxetik, eskola orduz kanpo, idazten dituzten artikuluetan erantzunak…). Laburtuz, motibazioa piztu da!!!

2. hiruhilekoari begira, alde batetik, hainbat atalekin jarraitzeko asmoa dut (webquest baten bidez XX. mendeko literatura landu, artikuluak idazten eta publikatzen jarraitu…); eta, bestetik, egitasmo batzuk martxan jarri ditut (istorio elkarreragileak edo denon artean idatzitako narrazioak ekoiztu writely erabiliz, informatikako programa baten on-line itzulpena egin -horretarako ditugun baliabideak erabiliz- eta, azkenik, foro edo “txat” bat (txutxu-mutxuka) ireki.

Ikusten duzuen bezala, lehenengo hiruhilabeteko balorazioa baikorra da. Halere, ezin dugu ahaztu lan handia gelditzen zaigula egiteke, gauza asko ikasteke. Baina nik ez dut amore emango erraz zailtasunen aurrean! Askotan pentsatzen dut hondorik gabeko putzu batean sartu garela/naizela: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi (eta hori, uneoro gauzak aldatzen doazen informatika alorrean, zenbaitetan neketsua izan daiteke). Edonola ere, garbi daukat: informatika alorrean inongo erraztasun eta ezagutza kaskar honekin gai banaiz hau aurrera  eramateko, edonork egin dezake! Beraz, nire jakin-mina ikasleei kutsatzen saiatzeaz gain, beste irakasleak ere horrelako proeiktuetan murgiltzera animatu nahi ditut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.