Gure proiektuen berri, elkarlanean oinarritutako bidalketa batean(eta IV)

DBHO 1eko blogariak:(jolaus)

Badira urte batzuk gure batxilergoko ikasleekin teknologia berrien erabilpena sustatzeko ikasgai berri bat jarri martxan jarri genuenetik. Urte desberdinetan irakasle desberdinak pasa gara gai honetatik eta aurten, berriro ere, niri tokatu zait. Ikasgai honetan jarritako helburu nagusiena zera da: ikasleek material propioak sortzea baliabide elektronikoak soilik erabiliz, papera alde batera utziz. Ikasturte desberdinetan erabilitako euskarria desberdina izanik (CD,multimedia aurkezpenak…), azkenaldi honetan izan den blogen iraultza dela eta, nire ikasleak blogari bihurtzea pentsatu nuen. Blogen erabilerak ondorengo helburuak lortzeko aproposak direla iruditu zitzaidan:

  • Teknologia desberdinak erabiliz multimedia baliabideak sortzea, testu eta argazkiez gain, audio eta bideoen ekoizpena bultzatuz
  • Blogak, eta hauen inguruan aurki daitezkeen tresna desberdinak (Bloglines, Del.icio.us eta Technorati, batez ere), informazioaren hartu-emanerako tresna ezin hobeak izan daitezkeela ohartaraztea.
  • Autonomia eta izpiritu kritikoa garatzea
  • Bestelako helburu pertsonalak, hala nola, pertsonalitatearen garapena, hizkuntzaren tratamendua, elkarlana, autoestima… garatzea.

Esan beharra dago ikasturte hasiera ez zela batere positiboa izan. Ikasleek ez zituzten blogak ezagutzen eta hasierako jarrera nahiko ezkorra izan zen. Bestalde, ni neu nahiko harrituta nengoen pentsatzen bainuen 16-17 urteko gazte hauek ezagutza zabalagoa izango zutela teknologia berrien inguruan, baina Hotmail, Messenger eta Office bezalako aplikazioetaz gain, ezer gutxi ezagutu eta erabiltzen zuten (gehiengo batek behintzat).

Abiapuntu honetatik, ikasle talde bakoitzak gustukoa zuen gai baten inguruan blog bat sortu eta diseinuari lehen ukituak emateari ekin zion. Pixkanaka artikuluak idazten eta argazkiak txertatzen hasi ziren. Honekin batera edukien sindikazioa eta Bloglines-en inguruko informazioaren inguruko saio batzuk egin genituen.

Hasierako jarrera ezkor horrek berebiziko aldaketa izan zuen bi gertakari puntualen ondoren: lehenengoa, estatistiken jarraipena egiteko kodea txertatu zutenean beraien blogetan eta, bigarrena, nire ikasle blogarien aipamena egin zenean Sustatun. Estatistiken azterketak lana serioago hartzea eraman zituzten; bat-batean jabetu ziren beraien ekarpenek bazutela halako oihartzun bat blogosferan, beraien artikuluak jendeak irakurtzen zituela, eta honek animuak piztu zizkien.

Halere oraindik badaude gainditu beharreko arazoak. Nagusiena hau da: informazioa lortzeko zailtasunak dituzte. Batzuk kexu dira bidalketa bat idazteko denbora asko galtzen dutela informazioa bilatzen eta forma ematen. Oraindik ez dituzte era egokian erabiltzen Bloglines, del.icio.us edota Technorati bezalako tresnak informazioa bilatu nahi dutenean. Ez dute ohitura handirik hauetara jotzeko informazio bila. Honen ondorioz, kanpoko helbideak linkatzeko ohitura gutxi dute oraindik. Hori izango da gure bigarren ebaluaziorako erronka nagusia.

Bestalde, hizkuntza idatziaren aldetik badago, orokorrean, zer hobetua. Baina esan nahi dut alderdi honetan ere hobekuntza nabarmenak egin dituztela gure ikasleek, baten kasuan batez ere . Urtetan klasean egindako idazlanekin lortu ez duguna, blogekin lortzen ari gara. Honetarako ere baliagarria izan da blogintza!

Azkenik, ebaluazio honetan bideogintzari tartetxo bat ere eskainiko diogu eta, bukatzeko, ea lortzen dugun podcast batzuk txertatzea. Ez dugu izango, ez, aspertzeko astirik.!

Eguneraketa: 2005-12-07
Hemen ikusi dezakezuen bezala, nire ikasleek azkar ikasten dute. Bideogintzaren inguruko ezer gutxi aipatu besterik ez dut egin eta jada, hor duzue nire ikasleen lehen bideoa sarean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.