Etxeko-lanak 2.0: aldaketarako unea heldu da

etxeko-lanakIrakaskuntzan garai berriak bizitzen ari garela inork ez du zalantzarik. Alde batetik, mugimendu berritzaileak azaleratzen ari dira, hauen muinak, kasu gehienetan IKTen erabilerarekin zerikusia duelarik. Bestalde, XXI. mende hasiera honetan, protagonistak bilakatu diren gure gaztetxoen artean, euren ikasketekiko adierazten duten jarreran ere aldakuntza nabarmenak antzeman ditzakegu. Behin eta berriro entzuten ari gara zein desberdinak diren gaur egungo gazteak, zenbat aldatu diren euren lan ohiturak, ikasketekiko duten konpromezua, zein gutxi baloratzen duten esfortzu pertsonala… Tira, ez da nire helburua artikulu honetan belaunaldi desberdinen arteko alderaketak egitea; beste artikulu baterako gaia polita izan daiteke hori. Badut gogoa, halere, azken ikasturteotan geroz eta nabarmenagoa den jarrera baten inguruan hausnarketa txiki bat egiteko: bidalitako etxeko-lanen helburuetan izan den degradazioaz, hain zuzen ere.

Ez dakit, irakaskuntzak historian zehar izan duen garapenean, noiz erabaki zen etxeko lanak erabiltzea. Garbi daukadana zera da: nire ikasle garaitik gaurdaino behintzat, etxeko-lanak norberaren formaziorako oinarrietako bat kontsideratu direla. Lanean era autonomoan ikastea, esfortzu pertsonalaren balioa, arazoen aurrean irtenbideak bilatzea, ebaluazio amaieran izango diren azterketak prestatzea… etxeko-lanekin lortu nahi izan diren hainbat helburu izan dira. Ikasleen ebaluazioa burutzerakoan etxeko-lanak egiteari eman zaion garrantzia beti izan da handia; zenbatetan entzun ditugu “lan gutxi egiten du etxean” edota “etxeko-lanak egin gabe ekartzen ditu egunero” bezalako esaldiak. Hor dago ikasleek erabiltzen duten eskola-agenda: bertan jasotzen dute egunero dituzten etxeko-lanen zerrenda. Dituzten betebeharrak ondo antolatzeko sistema eraginkorra da eta, bide batez, gurasoek euren seme-alaben etxeko-lanen jarraipena egiteko aukera ere izaten dute.

Badira urte dezente, nahiko kezkatuta nabilela gai honekin. Gaur da eguna, matematikako eta fisikako ohiko etxeko-lanak egitea, helburu didaktikoen lorpenean eragina duen zalantzan jartzen dudala. Ea esplikatzen naizen: ez ditut zalantzan jartzen etxeko-lanak, zalantzan jartzen dudana da, aurretik finkatutako helburuak benetan lortzeko baliabide egokiak diren, ikasleek gaur egun egiten dituzten moduan eta irakasleok egiten diegun jarraipenaren arabera. Onartu beharra daukat, etxeko-lanak bidaltzen ditudan arren, ez dietela jarraipen sistematikorik egiten eta, are gutxiago oraindik, ebaluazio iripide bezala erabiltzen. Ez nago gustura ikasleen jarrerarekin etxeko-lanen aurrean, ezta irakasleok eginkizun horri egiten diogun jarraipen eta ematen diogun balioarekin. Jarraian azaltzen dizkizuet ikusten ditudan arazorik nagusienak:

  • Nolako jarraipena, halako erantzuna ikasleen aldetik: ezagutzen ditut klase hasiera bakoitzean, ikasle guztien koadernoak banan-bana behatzen dituzten irakasleak. Koadernoa txurin edota ariketak egin gabe ekarri dituzten ikasleen izenak, euren irakasle koadernoko zerrendan apuntatzen dituztenak. Ebaluazio amaieran, zerrendara jo eta etxeko-lanak egin gabe ekarritako egun kopuruaren arabera, ikaslearen ebaluazioa horren arabera egokituko da. Jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema honi arazo bi ikusten dizkiot nagusiki:
    • Jokabide honekin bultzatzen duguna, konturatu agbe, koadernoa “beteta” ekartzea da, berdin dio zer eta nola egina dagoen, kontua da “eginda” ekartzea.
    • Ebaluagarria bihurtzen dugun edozein kontzepturentzat neurri zuzentzaileak ipini behar ditugu baina iruditzen zait ezer gutxi aportatzen dugula irakasleok honen inguruan: ebaluazio bileran “lan gehiago egin beharra dauka” esateaz aspertu egiten gara baina egia esan, egoerari buelta emateko ideia gutxi okurritzen zaizkigu.

    Ez da harritzekoa, beraz, honen aurrean ikasleen aldetik nagusitzen den jokabidea: edozein modura dela ere, koadernoa beteta ekartzea da kontua. Hortxe egoten dira ikastolako sarrera ordu edota klase aldaketetan, bata besteari etxeko lanak kopiatzen edota, behin niri gertatu zitzaidan bezala, ikasleen artean koadernoak trukatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.