Bost ideia

Azterketa garaian gaudela kontutan hartuz, hauen zainketa egiten ordutxo batzuk pasa behar izan ditut. Denbora aprobetxatzeko asmoz, aspalditik gordeta nituen pdf batzuk pasa ditut nire agendara eta, begi bat agendan eta bestea nire ikasleen gainean nituela, blogak, irakaskuntza… eta antzekoen inguruko ideia batzuk apuntatzen joan naiz. Ondoren, hauen arteko loturak eta elkarreraginak txukun adierazten ahalegindu naiz. Seguraski, jarraian botako dizkizuedanak ez dizue ezer berririk aportatuko blogintza eta irakaskuntzaren mundu honetan aspalditik zabiltzatenoi. Besterik gabe, ondorio sinpleak dira baina, nire eginkizunak nondik nora joan behar diren argitzeko balio didate eta pentsatu dut, bide batez ere, baliagarriak izan daitezkeela blogak erabili nahi duzuenontzat baina erabileraren zergatia oraindik oso garbi ez duzuenontzat. Nork daki!

1. ideia: Web 2.0-ren filosofia zabaldu denetik, garbi dago, ez dela derrigorrezkoa informatikaria izatea edota ordenagailuen funtzionamenduaren inguruan asko dakien “geek” bat izatea, sarean informazio ipini eta partekatzeko. Eta honen errudunik handienak blogak izan dira. Oso erraz sortu eta mantentzen da blog bat. Minutu gutxi batzuk behar dira idazten hasteko. Blogekin, beraz, ohiko internautaren eta web diseinatzaileen artean dagoen oztopo teknologikoa desagertu egiten da.

Bestalde, RSS sindikazioaren bitartez blog bateko informazioa argitaratzen den une berean jaso dezakegu, bloga behin eta berriro bisitatu beharrik izan gabe bere edukia berritu den edo ez egiaztatzeko. Beraz, edukien sindikazioaren bitartez hauek modu errezean, edonorren esku ipintzen dira, formatu estandar batean gainera, norberaren gustukoak diren artikulu edota albisteen irakurketa prozesua asko sinplifikatuz.

Agregazio prozesua sindikazio prozesuaren osagarria da. Honen bitartez, sindikazioa eskaintzen duten blogak (edo webguneak, orokorrean), kontsultatu nahi ditugunen zerrendara gehitzeko aukera dugu. Zerrenda hau era egokian sortu, antolatu eta mantendu nahi badugu (batez ere, blog zerrenda eta jasotzen dugun informazio bolumena handitzen doan heinean) beharrezkoa dugu eginkizun hori burutuko duen aplikazio bat erabiltzea. Hori da agregatzaile izenez ezagutzen dena.

Era honetan, blog batean informazioa idazten dugu eta, sindikazio bitartez, besteekin konpartitzen dugu. Eduki hauek agregatuz, besteek idatzitakoaren berri izaten dugu, gure ideia propioak osatuz edo garatuz, artikulu berriak idazteko aukera ematen digutelarik, horrela zikloa amaitzen delarik.

Garbi dago, beraz, blogak sortu, edukiak sindikatu eta agregatze prozesuetan nagusiki burutzen diren ekintzak IRAKURKETA eta IDAZMENA direla, dakigun bezala, ikasle baten garapen intelektualean bereziki garrantzitsuak diren prozesu kognitibo bi. Eta ez al daude, bada, bi hauek erabat erlazionaturik gizakiok komunikatzeko dugun gaitasunarekin (dirudienez, gaur egun halako krisian dagoen gaitasun bat, portzierto), hain zuzen ere? Gure gaztetxoek inoiz baino gehiago erabiltzen dituzte komunikatzeko sistema berriak, baina badirudi erabiltzen duten lengoaiaren “kalitatea” dezente jaitsi dela aspaldi honetan. Ez al dira blogak tresna eraginkorrak arlo honetan indarra egiteko?

2. ideia: Aurrekoarekin jarraituz, asko dira ikasleek erraztasunez erabiltzen dituzten tresnak: solturaz maneiatzen dituzte bilatzaileak informazioa bilatzeko; e-posta ere arazorik gabe erabiltzen badakite eta, zer esanik ez, euren iritziak besteen aurrean plazaratzen dituzte eta eztabaidatzen dituzte, mezularitza nahiz foro moduko aplikazioak erabiliz. Blogetan tresna guzti hauek eraginkortasunez uztartzen dira: bilatzaile baten kutsua dute, informazio esanguratsua eskaintzen duten esteka jakinak gomendatzen direlako bertan; e-postarekin erlaziona daitezke bertan erabiltzen den hizkuntza erregistro ez-formalagatik; foro baten ukitua ere badu, irakurleek eztabaidan parte har dezaketelako euren iruzkinak txertatuz.

Beraz, teknologia berriak erabiltzerakoan beti agertzen den “aprendizai kurba” izenez ezagutzen dena, oso txikia da gure ikasleentzat blogak erabilitzerakoan. Esperientzia pixka bat badugu gure ikastolan honen inguruan eta egiaztatu dugu ikasleei erraza egiten zaiela blogetara gerturatzea. Askotan konplikatuagoa egiten zaigu irakasleoi, oinarrizko alfabetatze teknologiko hori falta zaigulako. Aprobetxa dezagun, bada, hori eta bultza eta anima ditzagun gure ikasleak blog bat sortu eta bertan idaztera!

3. ideia: Bale. Baina gure ikasleen irakurzaletasuna eta idazteko gogoa suspertzeko bestelako bideak ezagutu eta, jadanik erabiltzen baditugu, zergatik ipini gure lanak denen muturren aurrean? Nola gainditu ziberespazioan bigilatuta gaudela sentitzeak sorrarazten duen “ezinegona”?

Edukiak publikoak izatea zentzu berria ematen dio ikasleak egindako lanari: jada ez da ikasle eta irakaslearen esparruan geratzen den zerbait soilik, egindakoaren balorazioa ez da bakarrik irakaslearen eskutik etorriko, baizik eta bloga irakurriko duten guztiek izango dute aukera egindakoaren inguruan euren iritzia emateko. Ikustea besterik ez dago, nolako balorazioak egiten dituzten gure ikasleek euren kideek Euskaljakintzan argitaratzen dituzten artikuluen inguruen. Horrelakoekin jasotzen duten feedback-ak berriro idazteko gogoa suspertzen duela ez dago zalantzarik.

Bestalde, norberak eraikitako ezagutza komunitatearekin konpartitzeak ematen duen satisfakzioa bizitzea oso garrantzitsua da. Eurek ere, irakasle papera har dezakete, euren aldetik erikitako ezagutza besteon esku ipiniz. Filosofia hau gure ikasleei transmititzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Ikasleak sujeto aktibo bilakatu behar ditugu: ez dira etortzen eskolara “zerbait jasotzera” soilik. Prozesu honetan garrantzia berezia dauka ikasle eta irakaslearen arteko elkarlana, azken honen kasuan, irakasle baino gehiago gidari edo tutore moduan jokatuz. Horixe da ikusten dudana, adibidez, Maite eta bere ikasleen artean Euskaljakintzarako artikuluak prestatzen dituztenean. Irakasle baino gehiago aholkulari edo gidari moduan ikusten dut Maite, argitaratuko dituzten artikuluen ekoizpen prozesuan laguntza eta orientazioa eskainiz.

4. ideia: Elkarlan hau errealitate bat izan dadin, ohiko komunikazio ildoetatik gain bide berriak urratzea gomendagarria da: e-posta, txat, foro, arbel birtualak… Gure kasuan, tresna hauen erabilgarritasunaz duela gutxi konturatu ginen. Ikasturte honen hasieran, ikasleetako bakoitzari Gmaileko posta kontu bana eman genien, Google Apps for Your Domain zerbitzu berria aprobetxatuz. Posta kontuaz gain ikasleen esku jarri genituen ere txat kontu bat eta egutegi partekatu bat. Esaten nuen bezala, zerbitzu hauek martxan jarri genituenetik asko izan dira, gurekin harremanetan jarri diren ikasleak aholku eske, dituzten zalantzak argitu nahiean edota etxean, ariketak egiten ari direla, aurrera nola egin behar duten galdetzen dutenak. Eta nahiz eta oraindik ausardia pixka bat falta ikasle askoren aldetik, pausua ematen dutenen iritziak entzunda, geroz eta gehiago dira irakasle “birtualaren” laguntza bila etortzen direnak. Zalantzarik ez daukat, on-line eskainitako laguntza hauek sekulako garrantzia dutela ikasleen formazio prozesuan eta geroz eta balio handiagoa izango dutela etorkizunean. Halere, utzi ditzagun gauzak garbi; irakaskuntza birtual hau, beti ere, irakaskuntza presentzialaren osagarri moduan ulertu beharko genuke, azken honetan agertzen diren hainbat limitazio edo gabezia konpontzeko balio duelarik. Nik behintzat, ez dut sinesten zuzeneko harreman pertsonalik gabeko hezkuntza sistema batean.

5. ideia: Gur egun ikusten dudanaren arabera, gure artean hain arrunta den ikasle-irakasleen arteko menpekotasuna gainditu beharra dagoela iruditzen zait. “Nire semeak ez du ezer ikasi ikasturte honetan: tokatu zaion irakaslearekin ez da ezertaz jabetzen. Nola egingo du aurrera horrela?” bezalako esaldiekin (irakaskuntza magistralak adierazten duen akats handienetako bat da hau) bukatu beharra daukagu. Orain arte esandakoaren arabera, beste tankera bateko hezkuntza sistema bat ikusten dut. Bertan, komunitate mailan, gaur egun ematen diren harremanetan (ikasle-ikasle, ikasle-irakasle,irakasle-irakasle eta, zergatik ez, guraso-irakasle) aldaketa sakonak gertatuko dira. Noranzko bikoitzeko harreman pertsonaletatik, elkarlana nagusi izango den komunitateak sortzera pasako garela iruditzen zait. Denok denongatik jaso eta emango dugun harreman berri horretan, helburu nagusia, ikasle orojakileak sortzea baino, ikasleen pentsamendu autonomoa bultzatuz, gazte ekintzaileak sortzea izan beharko litzateke. Lifelong Learning-aren etorkizuneko gizartean, gaitasun eta eduki propioak garatzeko gai izango diren gazteak behar ditugu. Aldaketa sakonak gertatu behar direla horra heltzeko garbi dago, baino gauzak bide horretatik joango direla sinesten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.