XXI. mendeko eskolaren eraldaketa pedagogikoaren inguruko apunteak

Laister beteko dira bi urte, Urola Ikastola BHI-tik jaso nuen gonbidapenari erantzunez, Azkoitian izan nintzela gure ikastolan IKTen inguruan egindako ibilbidearen inguruan hitz egiten. Prestatu nuen aurkezpenaren lehen zatian aurreko hamar urteetan gure ikastolan egindakoaz jardun nintzen, fase desberdin bakoitzean aurkitutako oztopo edo arazoak azalduz. Bigarren zatian, orduko egoera abiapuntu bezala hartuz, prospektiba ariketa txiki bat egitera ausartu nintzen, etorkizunari begira eragite ardatz nagusienk zeintzuk izan zitezkeen labur-labur aurkeztuz. Azpian daukazue Azkoitiko hitzaldian erabili nuen aurkezpena:

Lehenengo aldia zen aurkezpenari izenburua, behin diapositiba guztiak amaituta nituela, ipintzen niola. Izenburu deigarri bat ipini nahi nion, atentzioa deitzeko modukoa eta kontutan izanik oraindik bero-bero nituela buruan azkeneko bi diapositbetan agertzen diren ideiak, onartzen dut izenburua “apokaliptiko” samarra atera zitzaidala 🙂 Kontua da jada duela bi urte kezkatuta nenbilela IKTen gehiegizko protagonismoarekin (ikus 36. diapoa). Eskolaren berrikuntza IKTen ezarpen eta erabilerarekin nahasten genuen, praktika onak teknologiaren erabilera “orijinalekin” lotuta zeudenak kontsideratzen genituen eta irakasle aurrerakoiak teknologian euren trebetasuna adierazten zutenak (inguruko irakasleak liluratuta geratzen ziren hauekin) kontsideratzen genituen. Baina nire esperientzia pertsonalak esaten zidan hori ez zela eskola berriak behar zuena edo behintzat horrekin bakarrik ez zen nahikoa eskolak behar zuen benetako berrikuntzarako. IKTen erabilerari lotutako “boom”-ak, teknologiaren gehiegizko protagonismo horrek, onura baino gehiago kalte egiten zuela iruditzen zitzaidan; gure ikastolaren errealitateari begira behintzat, hala sentitzen nuen.

Jada orduan gure ikastolan eraldaketa didaktiko sakon baten beharra genuela proposatzen nuen (ikus 40. diapoa) eta proposatzen nituen bost eragite ardatzen artean, azkenekoan hauxe botatzen nuen: IKTen integrazio gardena gure eguneroko praktikan (ikus 45. diapoa). Kontua da, orduan intuizio bat bakarrik zena, denborarekin forma hartzen joan dela, orduan sentitzen nuen hura oso garbi azaltzen ez banekien ere, poliki-poliki konkretatzen joan da.

Gaur bertan Angeles Araguz-en blogan “No son las TIC es la pedaggía” artikuluan ipini duen azpiko bideoan oso ondo laburbiltzen da duela bi urte aipatzen nuen “aldaketa didaktiko” harrekin adierazi nahi nuena:

Egia esan, ez ditu gauza berri askorik esaten, blog honetan azkenaldian behin baino gehiagotan azaldu diren kontuak jasotzen ditu, baina uste dut oso interesgarria dela ematen behar den aldaketaren perspektiba global bat ematen duelako. Uste dut, eskoletan oraindik gertatzeke dagoen aldaketaren kudeaketa nondik nora joan beharko litzatekeen ulertzeko oso bideo baligarria izan daitekeela. Bertan botatzen diren ideia asko gainera, ikasle-irakasle testuingurutik kanpo ere zentzua badutela esango nuke. Uste dut irakasleon artean ere, gure eskola barruko lan-esparru eta harremaneta ere kontsideratu beharreko ideia ugari ipintzen dituela mahai gainean.

Bideoan aipatzen den XXI. mendeko hezkuntza eredu berri hori hain dago urruti pasa den mendean ezagutu genuenarekiko ze sistema horren protagonistak garen ikasle eta irakasleon oinarrizko trebetasunak ere derrigorrezkoa da, eredu berriarekin batera, aldatzea. Eta bideoan trebetasun berri horiek zeintzuk izan behar diren sumatzen bada ere, uste dut Aitor Lazpitak azken asteotan argitaratu dituen bi dekalogoetan oso ondo azaltzen dituela.

Lehenengo aurkezpenean George Siemens-en ekarpenak hartzen ditu aitzakia bezala, XXI. mendeko ikasle batek menperatu behar dituen trebetasunen dekalogoa azaltzeko:

Bigarrenen aurkezpenean aro postdigitalean (alegia, IKTen protagonismoarekin amaitu den garai honetan) irakasleok garatu beharko genituzkeen trebetasunei buruz hausnartzen du.

Uste dut aurreko bideo eta aurkezpenekin nahiko ondo zehaztuta geratzen dela zeintzuk izan beharko liratekeen eskola modernoaren ezaugarriak, gure seme-alaben beharretara (eta ez alderantziz) eta hedaduraz, gizarte osoaren beharretara egokitutakoa.

Kontu honen inguruan bueltaka ibili nintzen duela hilabete batzuk. Ordenagailuaren aurrean eserita nengoela, zera galdetu nion nire buruari: nire semeak ikastolan egingo duen ibilbidean zer balore/gaitasun/konpetentzia garatzea nahiko nuke? Zeintzu balore/gaitasun/konpetentzia nahiko nuke semeak garatzea ikastolan nahiz etxean, bere hezte prozesuan? Zer bultzatu nahiko nuke guraso bezala etxean, ikastolarekin sintonian? (Ikastoletan azkenaldian hainbestetan entzuten ari garen “ikaslearen irteera profilaz” buruz ari nintzela jakin nuen gero)

Hortxe ibili nintzen burutik pasatzen zitzaizkidan kontu guztiak paper batean idatziz jasotzen. Horietako asko goiko bideo eta aurkezpenetan azaldutako asko dira, beste batzuk indarrean jartzen ari diren estrategia didaktikoekin zerikusia gordetzen zuten, beste askok konpetentzien garapenarekin. Batiburrillo guztia ahalik eta modu sinpleenean grafikoki laburbiltzen ahalegindu nintzen. Aspalditik daukat gordeta iruditxoa, txorrada bat delakoan, karpeta batean hautsa biltzen ;). Agian redukzionistegia da planteamendua. Seguraski gauza asko utzi ditut kanpoan. Baliteke ere askorentzat Euskal Curriculumean agertzen denaren bertsio kutre eta osatugabea izatea. Hala izango da, ez dakit. Nire lankide ohi batek askotan esaten zuen bezala, “erositako prezion saltzen dizuet”. Hortxe daukazue azpian aspalditik egindako tontakeritxoa.

Laister sartuko da nire semea nerabezaroan. Eskola etapa berri batean murgilduko da, bere helduarorako bidean kritikoa izango dena. Ez dut uste goian azaltzen den bideoan deskribatzen den XXI. mendeko eskola ezagutuko duenik. Dekalogo horiek ere oraindik urruti ikusten ditut. Konformatuko nintzateke gure ikastolaren ikuspegian (bisioan) nire eskematxo tonto horretan datozen alderdiak kontenplatu eta langileok gureak egingo bagenitu. Ez litzateke gutxi izango.

Pendrive baten neurriko Linux ordenagailu interesgarria

Azken boladan, hardware munduan nagusitzen ari den joera nagusiena gailuen minimizazioarena da. Eta ez naiz soilik tablet eta smartphone-taz ari. Beste gailu askorekin ere tendentzia bera antzematen da, ordenagailuak barne (Linux munduan, batez ere).

Azpiko irudian agertzen diren objektuak ez dira txokolatinak, horrela badirudi ere. Pendrive baten neurriko ordenagailuak dira Ubuntu edo Android 4.0 bezalako sistema eragileak arazorik gabe “mugitu” dezaketenak.

FXI ordenagailu txikia

Albo batean USB konexioa dute (bertatik jasotzen dute argi-indarra) eta bestean HDMI konexioa (pantailari konektatzeko). Wifi eta Bluetooth bitartez konektatzen zaizkio beste periferiko guztiak. Eta hori guztia $199ren truke.

Netbook vs tablet eztabaidan (batzuk smartphone-ak ere sartzen dituzte lehia horretan) horrelako gailuek ere bere lekua izan dezaketela iruditzen zait:

  • Eramangarriagoak dira, netbook-ekin ez bezala, ikasleek euren ordenagailua etxera erraz eraman dezakete
  • Ikastolak jarri beharreko azpiegitura asko sinplikatzen da: nahikoa litzateke infogeletan pantaila, sagua eta teklatua izatea
  • Ubuntu instalatuta izanez gero, fitxategien kudeaketa eta hauen bateragarritasuna beste gailu guztiekin bermatuta dago
  • iPad batean ez bezala, ikasleek askatasun guztia izango lukete nahi dituzten aplikazio instalatu eta desinstalatzeko
  • Une honetan behintzat, prezio aldetik, aukera dezente merkeagoa da

Garbi dago, halere, pantailarik ez izatea dela duen gabeziarik nagusiena, edozein lekutan erabiltzeko duen trabarik nagusiena izanik. Halere, hainbat kasurako (nire ikasleekin antolatu dugun gelan daukagun telebistari konektatzeko, adibidez) agian aukera polita izan daiteke.

Iturria: Linux computer the size of a thumb drive now available for preorder.

Ordiziako Azokaren V. mendeurrena dela eta, infografia bat egin dugu

1512an herri guztia suntsitu zuen sutearen ondorioz Gaztelako Juana La Loca erreginak herriari “urtean zehar, asteazkenero, merkatu librea, zergarik gabea, egiteko errege baimena” eman zionetik gure azokak makina bat istorio eta gertaera bizi izan ditu. Aurten gure herriak efemeride horren V. mendeurrena ospatzen du eta nire DBH3ko ikasleekin batera, gure ekarpentxoa egitea ausartu gara.

Pasa den azaroan, nire ikasleek ikasturte honetako bigarren proiektua amaitzen ari ziren bitartean, ni dagoeneko hurrengo proiektuari bueltak ematen hasita nengoen. Jasota nituen ideia eta notatxo desberdinen artean infografia bat sortzearena zen aurrera eramateko boleto gehien zituena. Etaparako zehaztutako matematikako hainbat helburu betetzeko tresna baliagarria izan zitekeela uste nuen eta, bide batez, euskara hutsean hain gutxi landu den baliabide bat ekoiztea ikasleentzako zerbait erakargarria izan zitekeela pentsatzen nuen.

Sekuentzia didaktikoa diseinatzen hasteko gauza bakarra falta zitzaidan: burutu beharreko ataza ikasleentzat esanguratsua bihurtzeko, eurentzat gertukoa izan zitekeen testuinguru batekin lotzea. Eta DBHko etapako irakasle bilera batean, Ordiziako azokaren 500. urteurrena zela eta zer egin zitekeen planteatu zenean, orduan konturatu nintzen hura izan zitekeela aurrera egiteko falta zitzaidan puntutxoa. Hortxe neukan, beraz, atazaren definizio zehatza, alde batetik, eta etaparako zehaztutako helburuekiko lotura, bestetik. Hemendik aurrera sekuentzia diseinatzea zen falta zitzaidana. Egia da lan pixka bat suposatzen duela jarduera zerrenda diseinatu eta sekuentziari forma emateak baina, egia esan, ez naiz lanean hasi aurretik jarduera zerrenda erabat definituta eta lotuta utzi behar dela pentsatzen duen horietakoa. Uste dut ardatz nagusiak zehaztea beharrezkoa dela baina, era berean, konbentzituta nago sekuentziak malgutasun minimo bat ere behar duela, dagokion ikasle taldearen ezaugarrietara moldatu ahal izateko eta, bide batez, egunerokoak ekar ditzakeen arazo eta ezustekoei aurre egiteko irtenbideak bilatzeko ere. Gidalerroak zehaztea bai, baina sekuentzia batek emango duena aurretik erabat lotuta uztea eta, beraz, curriculumaren zein alderdi jorratuko diren erabat zehaztuta uztea, ez.

Lanean hasi aurretik ikasleekin elkartu eta pentsatuta neukan proposamena aurkeztu nien. Aurrera egitearen alde azaldu ziren guztiak. Hasi baino lehen gauza bakarra geratzen zitzaigun: infografia burutzeko datu iturriak lortzeko aukerarik izan ba ote genuen kontsultatzea. Horretarako, D’Elikatuz-eko arduraduna den Leire Arandiari bilera baterako hitzordua eskatu genion. Bilerara nire bi ikasle (Livia eta Andreea) eta hiruok joan ginen eta bertan Leireri eta udaletxeko zinegotzi eta teknikari desberdinei gure asmoen berri eman genien. Begi onez ikusi zuten gure proposamena eta laguntza eskaintzeko borondatea azaldu ziguten. Halere, aurretik garbi utzi ziguten ere, tamalez, azokaren inguruan ez zeudela erregistro edo datu gehiegirik baina zeudenak bidaliko zizkigutela. Esan eta egin; handik gutxira eskuartean genituen Leirek bidalitako txosten guztiak.

Horixe zen behar genuen guztia lanean hasteko! Jarraian dituzue burututako jardueren deskribapen orokorra:

1. JARDUERA: Infografiak, zer, zertarako eta nola

Nire ikasle gehienek, hasiera batean, ezer gutxi zekiten infografiei buruz; nik neuk, sarean askotan topatu baditut ere, sakondu gabe neukan gai bat zela onartu beharrean nago. Beraz, proiektuaren gauzatze fasean murgildu aurretik, beharrezkoa zen infografien inguruan genituen aurre-ezagutzak baloratu eta jarraian ezagutza horiek sendotzeko beharrezkoa zen informazioa kontsultatzea.

Webquestetan egiten denaren antzera, aurretik link sorta bat eskaini nien beharrezkoa zuten informazioa bertatik kontsulta zezaten. Binaka ipini ziren lanean eta amaitutakoan, infografien inguruko mapa kontzeptual edo eskema bat ekoiztea eskatu nien. Mapa horrek zera jaso behar zuen:

  • Zer dira infografiak? Zeintzuk dira euren ezaugarri nagusiak?
  • Zertarako erabiltzen dira eta zergatik dira baliagarriak? Zein erabilera ematen zaie?
  • Zein da infografia bat osatzeko jarraitu behar den prozedura? Zein prozesu jarraitzea komeniko litzaiguke itxurazko infografia bat lortzeko?

Azpiko irudi eta bideoan ikusten den moduan, ikasleak oso fin aritu ziren lanean:

Xmind erabili zuen talde bakoitzak bere mapa sortzeko. Amaitutakoan, zehaztutako ezaugarriak bilduko zituen mapa kontzeptual orokor bat sortu genuen, lau taldeek euren mapetan jasota zeukaten ezaugarri guztiak bilduko zituena. Mapa hau hurrengo jarduerak nondik nora joango ziren ulertzeko ere baliagarria izango zen. Mapa hori gelan daukagun pareta zurian jaso genuen eta azpian ikus dezakezue nola geratu zen:

2. JARDUERA: Infografia baten elementu bisualen oinarriak

Infografia bat datu multzoak modu sinple eta erakargarri batean aurkezteko modu bat dela ulertu genuen, beraz, bere diseinua, bere itxura, bere osagai bisualak ondo aztertzea beharrezkoa genuela erabaki genuen. Horrela lau atal konkretuen inguruan sakondu beharko genukeela erabaki genuen: tipografia, koloreak, irudien formatua eta grafiko motak.

Etapa hau bi zatitan burutu genuen: lehenengoa, bilaketa libre batekin hasi zen. Gutako bakoitza bere ordenagailuarekin lau elementu hauen inguruko informazioa bilatzeari ekin genion. Aurkitutako orriak baliagarriak izan zitezkeela egiaztatu ondoren (arretaz irakurri behar zuten aurkitutakoa eta ezinbestekoa zen bertan zetorrena guztiontzat ulergarria izan zitekeela kontutan izatea), Delicious-en gordetzea erabaki genuen.

Web orriak gordetzerakoan bi baldintza zehaztu genituen:

  • Guztion artean gordetako webguneak besteengandik bereizteko “tt11” etiketa propioa erabiliko genuke.
  • Bigarren etiketa bat erabiltzea erabaki genuen, jasotako webguneak lau elementu horietatik zeinen ingurukoa zen argitzeko. Bi etiketa hauetaz gain beste edozein erabiltzeko aukera librea genuen.

Etapa honen bigarren zatian, hiru hirukotetan banatu ziren ikasleak. Bakoitzari jorratu beharreko lau ataletako bat esleitu zitzaion. Talde bakoitzak guztion artean Delicious-en gordetako informazioa kontsultatu behar zuen (horregatik bi etiketa erabiltzearena) eta, bertan jasota zegoenarekin, aurkezpen bana prestatu, bata tipografiaren ingurukoa, bestea koloreena eta hirugarrena irudien formatuen ingurukoa. Nik grafiko moten atala prestatu nuen, etaparako zehaztutako matematikako edukiekin lotura gehien gordetzen zuena zelako.

Talde bakoitzak hogeita hamar minutuko tartea izan zuen bere aurkezpenean jasotakoa beste taldekideei aurkezteko.

3. JARDUERA: Infografia bat disekzionatzen

Hirugarren jarduera honetan ikasleak, aurreko bietan ikasitakoa aplikatzeko zenbateraino ziren gai egiaztatzea nahi nuen. Horretarako bakoitzari infografia bana eskaini nien (bakoitzak berea) eta aurretik eskainitako gidoi bati jarraituz, infografia bakoitzaren analisia egitea eskatu nien. Gidoia hementxe azpian ipintzen dizuet:

  1. Irudi artxiboaren formatua, neurria (pixeletan) eta pisua (Kb edo Mb-tan). (Horretarako, infografia behin ireki ondoren, egizu eskuin klika bere gainean eta hautatu “Ikusi irudiaren informazioa” esteka agertuko zaizun menuan.)
  2. Infografian erabilitako kolore paleta (erabili horretarako Colorzillaizeneko Firefox-erako gehigarria):
    • Kolore kopurua
    • Bakoitzaren HEX identifikatzailea
    • Koloreen arteko konbinazioa nolakoa den, zein motatakoak diren konbinatu direnak eta zergatik iruditzen zaizun zuri aukeratu direla kolore horiek.
    • Kolore konbinazio horren inguruan zure iritzia; gustatu zaizun edo ez eta zergatik.
  3. Tipografia:
    • Letra mota desberdinak: kopurua eta serif-a duten edo ez
    • Letra mota bakoitzarekin erabili den nabarmentze mota (baldin badago): lodia, etzana, kolore desberdina erabili, itzaldura, letra tipo desberdinen konbinazioa… edo bestelakorik
    • Testu paragrafoetan erabili den lerrokatze mota.
    • Letra mota bakoitzak infografian duen lekua: izenburua, atal desberdinak bereizteko, paragrafoetan datorren testuan erabiltzeko…
    • Infografian erabilitako letra motak gaiarekin erlaziorik ba ote duen analizatu.
    • Erabilitako letra moten inguruan zure balorazio pertsonala
  4. Datuak adierazteko ikusten dituzun grafiko desberdinak bereiztu. Zein den bakoitzean adierazten den datu mota.
  5. Iritzi eta balorazio pertsonala: Infografiak eskaintzen duen informazioa argia dela iruditzen zaizu? Ondo transmititzen du informazioa? Ulerkorra da? Zein kalifikazio emango zenioke infografiari?

Aukeratu nituen bederatzi infografietan lantzen ziren gaiak ikasleentzat gertukoak izaten ahalegindu nintzen (uste dut guztiekin ez nuela helburu hau lortu), analisi estetikoaz gain, bertako informazioa eurentzat esanguratsua izan zedin. Hauxe adibide bat:

4. JARDUERA: Datuak lortu, iragazi eta tauletan antolatu

Dagoeneko prest ginen infografia ekoizteko prozesuan murgiltzeko prest. Aurretik amaituta genituen zereginekin eta egiteke genituenekin, zerrenda bat idatzi genuen gure arbel zurian. Pendiente genituenei amaiera data ipintzen ere ahalegindu ginen (beheko argazkian agertzen den lerro horizontalak eguberrietako oporra bitarterako egin beharreko zereginen muga adierazi nahi zuen, adibidez):

Datuen analisi eta antolaketa fase hau, hiru zatitan banatu genuen:

  • Datu iturriak identifikatu eta eskuratu. Gure kasuan hiru ziren iturri nagusienak: Leirek eskainitako txosten eta informeak, Ordiziako azokak interneten duen webgunea eta, beharren arabera, kalean egindako galdeketa baten ondoren gure kabuz lortutakoak. Beranduago, Goimen elkartetik ere jaso genituen datu zerrenda gehiago (Eskerrik asko, Manex!).
  • Jarraian esku artean genituen datuak iragaztea tokatzen zen, balio duena ez duenarekiko bereiztu eta aipagarriak izan zitezkeenak azpimarratu, infografian agertzea merezi zutenak, nabarmendu. Analisi fase honen ondoren, datu guztiak hiru multzo handitan banatuta aurkeztea erabaki genuen: ekoizleenak, saldutako produktuenak eta bezeroenak.
  • Bukatzeko, datuak kalkulu orrietan jaso eta modu antolatuan gordetzea falta zitzaigun. Datuak modu egokian antolatzeko irizpide bi eman nien ikasleei: lerro eta zutabeetan izendegi egokia erabiltzea eta gelaxketako balioak, zenbakizkoak soilik izatea, bestelako hizki edo ikurrik gabe.

Lan gogor eta astuna izan zen, ordu asko eraman zituena eta pisu samar egin zitzaiguna (dena esan beharra dago :). Baina ikasleak, beste behin, fin eta arduratsu aritu ziren lanean, eta azkenean espero genituen datuak baino gehiago jaso genituen. Azpian dituzue lanean, orri eta txostenez inguratuta:

5. JARDUERA: Infografia diseinatu

Behin datuak antolatuta genituela, infografia eraikitzen hasteko unea zen. Prozesu hau lau fasetan banatu genuen:

  • Alde batetik infografia egiteko erabiliko genuen tresna aukeratu behar genuen. Aukera desberdinak baloratu genituen: Powerpoint (ikasle gehienek etxean dutelako eta erabiltzen ohituta daudelako, ez du ikaskuntza prozesu gehiegirik eskatzen), Inkscape (irudi bektorialekin lan egiteko eta diseinu profesionalak egiteko tresna aparta baina erabiltzeko konplikatua izan daitekeena)… Azkenean, Google Draw erabiltzea erabaki genuen. Tresna bezala oso sinplea da, erraza erabiltzeko eta gainera modu kolaboratiboan lanean aritzeko aukera eskaintzen duena. Alde negatiboan, beste tresna batzuk eskaintzen dituzten aukera asko faltan botatzen dira, hala nola, gidak eta erregelak, kaxen neurria zehazteko aukera, svg-ak inportatzeko aukera… Hala eta guztiz ere, imajinazio pixkarekin arazo guzti horiei berehala eman genien buelta.
  • Bestetik, tipografia eta erabiliko genituzkeen kolore konbinazioak esleitu beharra genuen. Tipografia aldetik, ez genituen aukera gehiegirik, izan ere, Googel Draw-k letra mota gutxi eskaintzen ditu eta gehienak nahiko tipikoak. Kolore konbinazioei dagokionez, ikasle bakoitzak bere kolore sorta proposatu zuen, batzuk oso originalak gainera. Azkenean, V. mendeurrenerako sortutako logoak zuen kolore konbinazioa oinarri bezala erabiltzea egokiena zela pentsatu genuen: beltza, zuria eta berdea. Hauekin batera, kolore laguntzaile bezala, Ordiziako Azokaren webgunean ere aurki daitekeen marroia aukeratu genuen (bai berdea baita marroia ere, sinbolismoz betetako koloreak direla pentsatu genuen). Color Scheme Designer tresna erabiliz, berde eta marroien kontraste handiko eskala kromatiko biak atera genituen.
  • Jarraian, ikasleak hirunaka elkartu ziren eta talde bakoitzak ekoizle, produktu eta bezeroen balio tauletatik, grafikoak sortzeko ardura hartu zuen. Aurretik azaldutako irizpideen arabera, lerro-diagramak, sektore-diagramak, barra-diagramak… noiz erabiltzea komeni zen erabaki behar zuten eta ondoren, kalkulu orriarekin sortu. Grafiko hauek oinarrizko edizio bat behar zuten aukeratutako diseinuarekin koherenteak izan zitezen. Oso baliagarria suertatu zitzaigun, era berean, Google Docs-en aurkitutako txantiloi hau. Bertan diseinatuta zetozen elementu asko modu errazean berrerabiltzeko aukera eskaini zigun.
  • Azkenik, bloke eta modulu desberdinen antolaketa izan zitekeenaren zirriborroa prestatzeari ekin genion. Antolaketa nolakoa izan zitekeen erabakitzeko prozesu ez zen batere erraza izan. Blokeatuta geundela, Oihanek zera proposatu zuen: Tagxedorekin egindako hitz lainoa (Ordiziako Azokako gunetik zurrupatutako hitzekin osatuko lainoa) izatea infografiaren bihotza. Hortxe genuen hiru blokeak erlazionatzeko modua! Beste behin, gelako arbel zuriaz baliatu ginen lehen zirriborroa pretatzeko:

Hemendik aurrerako guztia bakarrik etorri zen. Ordu dezente joan zaigu diseinua ematen baina azkenean esfortzuak merezi izan duela uste dugu. Infografia pasa den astean amaitu genuen, aurreikuspenetan zehaztu genuen amaiera-epea baina astebete beranduago. Tira, uste dut denbora tarte onargarria dela kontutan izanik, abenduko oporren aurreko azken egunetan espero ez genituen klase ordu dezente galdu genituela.

Sekuentzia burutzeak guztira sei asteko lana suposatu digu (oporrak kanpo), agian luzeegia, izan ere, azken bi asteak, batez ere, astun samarrak egin zaizkigu. Halere, egun hauetan egindakoa errepasatzen aritu gara, eta harrituta geratu gara guztiok pilatutako ezagutza eta esperientzia guztiekin.

Azpian daukazue infografiaren bereizmen baxuko kopia bat eta bere azpian, kalitate handiko pdf-a jaisteko botoia. Ea gustatzen zaizuen!

Jaitsi infografia (12Mb)

Amaitu aurretik, egun hauetan nire ikasleak lanean ari zirela atera dizkiedan argazkien bildumatxo batekin uzten zaituztet. Hementxe onartzen dizuet irakasle bezala oso harro sentitu naizela beraietaz,ikaragarri disfrutatu dut beraiekin lanean eta irakasle lanetan aritu naizen hamalau urte hauetan oso gutxitan sentitu naizela profesional bezala hain asetuta. Eskerrik asko ekipo! 😉

Ebaluazio publikoa, bai ala ez?

Duela urte batzuk, blogen eskutik etorri zen Web 2.0 deituriko iraultzak irakaskuntzan ere, beste esparruetan bezala eragin handia izan zuen. Lehen urte haietan halako joera bat ere nabarmendu zen eskoletan non blogak bereziki edozertarako erabiltzen genituen. Gela barruan ikasleek burutzen zituzten lanak, esate baterako, blog batean jasotzea ez zela oso konplikatua egiaztatu genuenean, hantxe hasi ginen batzuk ikasleen ekoizpen guztiak blogetan jasotzen.

Garai hartan blogak zer ziren eta zertarako ziren egokiak ez genuen oso garbi oraindik eta hortxe ibili ginen hauekin esperimentatzen eta ikasten. Gaur egun, blogei eman genien erabilera haietariko asko ez zirela oso egokiak izan badakigu. Horrela, nire ikuspegitik blog bat pentsamendu kritikoaren garapenerako tresna paregabea da, ikasleak bizi duen errealitatetik abiatuta, bere ezagutza propioan oinarriturik, honen inguruan bere iritzia askatasunez emateko bitarteko aproposa da. Testuinguru horretan, eta adibide bezala, blog bat erreminta aproposa dela iruditzen zait ikaslearen portfolio digitala jasotzeko. ePortfolioa ez bakarrik euren lanen gordailu edo erakusleku moduan ulertuta (oraindik irakasle askok portfolioa txostenak gordetzeko maleta baten moduan interpretatzen dute) baizik eta lan horien gainean egindako hausnarketa edo analisi kritikoa jasoko duen euskarri bat bezala ulertuta. Alegia, metakognizioaren garapenean, autoikaskuntzan edo ikasten ikasteko konpetentziaren garapenean baliabide garrantzitsua izan daiteke.

Aurrekoan blog honekin topatu nintzen. Bloga Gasteizko Magisteritza eskolako ikasle batzuena da eta bertan klasean jasotako informazioaren inguruko hausnarketa egiten dute, baita eurek aurrera eramandako hainbat jardueren inguruko autokritika (niretzat egokiagoa litzateke autoebaluazio hitza erabiltzea), beste hainbesteen artean. Antzematen da bloga hausnarketa tresna bezala erabiltzeko sortu dutela, autoikaskuntzan sakontzeko tresna bezala. Horraino ezer berezirik ez.

Baina bada detailetxo bat atentzioa deitu didana eta, niri behintzat, oso egokia iruditu ez zaidana. Hasieran esan dudan bezala, duela urte batzuk, irakasleok bloga edozertarako erabiltzen genuen eta orduan nahiko arrunta zen ikasleei bidalitako lan baten balorazioa ikasleek idatzitako blog sarreraren iruzkinetan idatzita uztea. Ez naiz ondo gogoratzen baina esango nuke nik neuk ere horrelakorik egin nuela nire ikasleetako batzuen lanekin. Baina denborarekin, ikasleak publikoki ebaluatzea ez dela egokia pentsatzera heldu naiz, nahiz eta irakaslearen balorazioa guztiz egokia izan eta errespetu osoz idatzita egon.

Zergatik? Hona hemen nik ikusten ditudan arrazoi batzuk:

  • Lehenik eta behin, ebaluazioaren komunikazioa, ez bakarrik eskolan baita beste edozein esparru profesionaletan ere, eremu pribatuan, behar den konfiantza giro batean, gauzatu behar delako.
  • Ikasleak bere hausnarketa eta autoebaluazioa blog publiko batean egiteari bere abantailak ikusten dizkiodan bezala, ikasleari bere lanaren gaineko balorazio publikoa egiteari ez diot inongo onurarik ikusten. Bitartekoak ez badio abantailarik ekartzen ikaskuntza prozesuari, nire ikuspegitik, hobe ez distorsionatzea bitarteko digitalekin.
  • Ezin da ukatu gainera, irakaslearen balorazioa publikoa ezin dela inoiz pribatuan egindakoarekin alderatu, batean hala bestean komunikazioak konnotazio desberdinak baititu, eta ondorioz, desberdin ebaluatzen da.
  • Blog bat daukagunok badakigu zeinen nekeza den blog bat maiztasun batekin elikatuta mantentzea. Blogan idazteak motibazio eta ausardia puntu bat eskatzen du, are gehiago norberak egindakoaren gaineko autoebaluazioa egitea baldin bada helburua. Nik esango nuke aurretik jakitea irakaslearen iritzia, azkarrago edo beranduago,  gure blogan jasoko dugula ez dela oso motibagarria.
  • Azkenik, nik esango nuke ePortfolio batean, irakurleen iritziak jaso, eztabaida eraikitzailea piztu eta argumentazio egokiak egitea bilatu behar den zerbait izan behar dela. Pentsamendu kritikoa bultzatu nahi bada, jasotako iritziei ondo argudiatutako erantzunak ematea benetan garrantzitsua dela esango nuke. Irakaslearen iruzkinak, ebaluazioaren zati bat bezala ulertzen den unean, eztabaidarekin amaitzen du. Kanpoko bisitariok, ekarpenetan dagoen iruzkin bakarra irakaslearen dela ikusten dugun unean, bloga zein testuinguruan sortu den berehala konturatzen gara eta iruzkina uztea eragozten du.

Nola ikusten duzue kontu hau zuek?

Gehiago konpetentzia digitalaren inguruan

Jakintza Ikastolaren Hezkuntza Proiektuaren berritze prozesuarekin hasi gara aurten. Ikastola proiektuari zuzenean lotuta doaz gure Curriculum Proiektua baita Gestio/Antolaketa Proiektua ere.

Urte batzuk pasa dira gure Hezkuntza Proiektua diseinatu genuenetik eta bitarte horretan aldaketa ugari gertatu dira, bai curriculumean baita antolaketa mailan ere. Hauek guztiak bildu eta sakondu beharko ditugu ekoiztuko dugun dokumentu berrian.

Curriculum proiektu berriaren garapenean garbi dago gure erreferentzi nagusietako bat Euskal Curriculuma izango dela. Beti esan dut Euskal Curriculuma dokumentu aurrerakoia izan zela aurkeztu zen unean (eta oraindik horrela da puntu askotan). Nire ustez hainbat alderdietan, halere, behar ditu eguneratze batzuk. Horietako bat izan daiteke Irakaskuntzarako eta Komunikaziorako Teknologiena eta zehazkiago, Konpetentzia Digitalarena. Eguneratze horiek datozen bitartean, handik eta hemendik topatzen dudan informazioa jaso, antolatu eta nire apuntetxoak sortzen ari naiz, gure ikastolako curriculum proiektu propioan txertatzeko helburuarekin.

Duela hilabete batzuk blog honetan bertan argitaratu nuen nire iritziz zer den konpetentzia digitalaren inguruan ulertu behar duguna. Ekarpen honetan konpetentzia digitalaren ikuspegi osagarri biak aurkezten nituen: alde batetik, konpetentzia digitalaren dimentsio edo azpikonpetentzia bakoitzari lotutako helburuen zerrenda eta, bestetik, konpetentzia digitala alfabetizazio multimediala bezala ulertuta.

Bada gaurkoan, bi ideia horiekin jarraituz, ekarpen berriekin nator. Hasteko, La Lagunako Unibertsitateko Manuel Arearen bideo bat ipintzen dizuet azpian. Bideoan, Manuel Areak gaurko eskola ereduaren jatorriaz hitz egiten du hasieran (gizarte industrialean sortutako eredu zaharkitua). Boriz Mir-ek planteatzen dituen bost dimentsio horien ordez, Manuel Areak lau bakarrik planteatzen ditu (beste leku batzuetan ere horrela egiten dute). Amaitzeko konpetentzia digitala lantzeko hainbat ideia edo proposamen botatzen ditu. Hauxe da niretzat bere aurkezpenaren zatirik kaxkarrena. Ez dut esan nahi blog, wiki… edo Web2.0-ren garaiko baliabide digitalek zaharkituta geratu direnik, ezta gutxiagorik ere. Nire iritziz tresna baino gehiago proposatzen dituen erabilerak edo jarduerak daude zaharkituta eta faltan botatzen ditut, adibidez, teknologia mugikorrari lotutako proposamenak.

Manuel Arearen aurkezpenaren lehenengo zatiak duela urte luze bat ikastolako gurasoei Mikelek eta biok eskaini genien aurkezpena ekarri dit gogora. Orduan ere gure ikastolako gurasoei antzeko kontuak aipatu genizkien:

Aurkezpen horren amaieran eskola eredua aldatzeko lau eragite-ardatz proposatzen genituen:

  • Alderdi metodologikoaren aldaketa beharrezkoa ikusten genuen (“Jakitearen logikatik egitearen logikara pasatu”)
  • Ikaslean oinarritutako hezkuntza eredu baten garapena beharrezkoa zela uste genuen (“Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren jabe bihurtu”)
  • Gestio/antolaketaren aldaketa bultzatu behar genuela intuitzen genuen (“Ikastolako aldaketaren kudeaketarekin hasi”)
  • Konpetentzia digitalaren garapenari garrantzia berezia eman behar geniola iruditzen zitzaigun (“Digitalki alfabetatuak diren hiritarrak sortu”)

Gaur bertan irakurri dut beti interesgarriak diren Guida Al-lés-en azkeneko ekarpena. Eskola hobe baten bila nondik hasi behar dugun planteatzen du berak. Tira, positiboki harrituta geratu naiz ikusi dudanean berak aipatzen dituen autore desberdinen proposamenak, gutxi gorabehera goran aipatutako lau ardatz horien inguruan doazela. Gauza batzuk moldatu beharrean gaudela garbi dago baina uste dut orduan egindako hausnarketa baliagarria dela oraindik eta, nola edo hala. garatuko dugun IHP berrian jaso beharko ditugu.

Konpetentzia digitalaren gaira bueltatuz, otsaileko artikuluan azaltzen nituen bi alderdi horiek oso modu garbian islatuta ikusi ditut gaur Fernando Santamariak ekoiztu dituen bi mapa kontzeptual interesgarrietan. Bi mapa horien arteko lotura garbia da: “La competencia digital se adquiere mediante la alfabetización mediática”. Hortxe dago kontua. Uste dut, bi mapa kontzeptual hauekin, konpetentzia digitalaren inguruan jakin beharreko guztiak modu garbi eta txukunean jasota geratzen dela.

Competencia Digital

Alfabetización Mediática

EGUNERAKETA 2011-10-25, 21:18: Duela lau hilabete Futurelab-ek konpetentzia digitalaren inguruan argitaratutako bi txostenen berri ematen nuen nire “beste” koaderno digitalean. Bada oraintxe irakurri dut El Camarote blogak argitaratu berri duen azken artikuluan, bi dokumentu horietatik lehena erdara itzultzen ari direla. Ikusi dudanagatik ia amaituta dago itzulpena. Benetan txosten interesgarria da, konpetentzia digitalaz zer ulertzen den azaltzeaz gain adibide praktiko ugari proposatzen baititu. Ingelesezko bertsioa ez bazenuten irakurri bere garaian, orain aukera paregabea daukazue erdarazko bertsioa irakurtzeko. Merezi du, benetan.