Argazkiak online: geroz eta aukera gehiago

editorea online

Egungo sarean, argazkien inguruan, era guztietako zerbitzuak topa ditzakegu. Argazkiak gordetzeko eta partekatzeko zerbitzuak, zure blogean argazkiak argitaratzeko era guztietako aplikazioak, editatzeko guneak… etengabe ugaritzen ari dira. Horregatik, gaurko honetan, online topa ditzakegun editoreak aipatuko ditugu.

Seguru asko, behin baino gehiagotan, ni orain nagoen egoeran topatuko zineten, hots, inongo argazki editorerik ez duen ordenagailu batean. Egia esan, nire pendriven hiru daramazkit, baina arazoak ematen dizkidatenez, sarera jotzen dut eta bertan dauden editoreak erabiltzen ditut. Ez dira Gimp edo Photoshop bezain osoak, baina oinarrizko edizioak burutzeko geroz eta gomendagarriagoak iruditzen zaizkit.

Hasteko, irudian ikusten dena aipatuko dut: Splashup. Fauxto izena zuenean ezagutu nuen eta orain hobekuntza dezenteekin datorkigu. Photoshop-en klona deituko nioke nik. Zerbitzuan alta eman eta gero, editorean sartu eta klona deitzearen arrazoia erraz ulertuko duzue. Photoshop-ekin ohituta dagoenarentzat, oso erabilerraza iruditzen zait eta ondorengo zerbitzuekin integrazioa eskaintzen du: Flickr, Picassa eta Facebook. Nahi izanez gero, zerbitzuan bertan edo zure ordenagailuan gordetzeko aukera ematen du. Tira, ez naiz gehiegi luzatuko, froga ezazu eta zure iritzia hemen utzi.

Jarraian, beste zerbitzu batzuen aurkezpen laburra egingo dizuet:

  • Snipshot (lehenago, Pixoh): alta eman beharrik ez dago. Zure ordenagailutik edo URL emanez, argazkia ireki eta oinarrizko edizioa burutzeko aukera izango duzue. Sinple eta erraza.
  • Pixer.us: hemen ere ez da beharrezkoa erregistroa burutzea. Oinarrizko edizioari, efektu interesgarri batzuk ere gehitzeko aukera eskaintzen du.
  • Phixr: erregistratu gabe, bi orduko baimena ematen du edizioa burutzeko. Oinarrizko edizioaz gain, efektuak, ertzak, testua… gehitzeko aukera ematen du. Eta honek ere argazki zerbitzu ugarirekin integrazioa eskaintzen digu.
  • xmgimage: erregistratu beharra dago. Zerbitzu borobila, dudarik gabe. Argazkiak gorde, antolatu, partekatu eta editatzeko aukera gune berean.
  • Picnik: erregistratu beharrik ez dago. Honek ere aukera interesgarriak eskaintzen ditu.
  • Pikipimp: zerbitzu honekin jolastu eta ongi pasatzeko aukera izango dugu. Zure nagusiaren argazkia igo eta mendekua hartu :-)
  • Graphita: hemen ere erregistratu gabe zure argazkiekin jolasteko aukera izango dugu, baina eginiko aldaketak gordetzeko garaian, erregistroa eskatzen du.
  • Improveyourimages: erregistratu beharrik ez duen gune honek argazkien kalitatea hobetzen du. Kontraste, distira eta beste parametroak egokitu eta optimizatzen ditu, emaitza bikainak eskaintzen dituelarik.
  • Fanstudio: beste editore interesgarri bat. Hala ere, bere .ru domeinuak atzera botatzen du bat baino gehiago.
  • pikifx: oso interesgarria hau ere. Ez da beharrezkoa erregistratzea eta aukera mordo bat eskaintzen du. Oso erabilerraza eta gordetzeko formatu ezberdinak eskaintzen ditu.
  • Pixenate (lehenago PXN8): hemen ere ez da beharrezkoa erregistroa burutzea eta aukera anitz jartzen du gure aurrean.

Beno, zubia izateko nahikoa dela uste dut, baina ez dizuet agur esan nahi aurreko astean ezagutu eta txundituta utzi ninduen zerbitzua aipatu gabe; Vector Magic.

Hauxe bai zerbitzu bikaina irudi bektorialak sortzeko. Bitmap formatu batean dagoen irudia igo eta formatu bektorialera di-da batean pasatuko dizu. Kalitatea alderatuta, ez dago zalantzarik. Benetan, leku oso gomendagarria Stanford Unibersitatekoek gure esku jarri dutena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.