Deklinabidea lantzeko ariketa-sorta

Batxilergo 2. mailan, curiculumaren barruan, bada Hizkuntza Ikasgai deituriko atal bat, zeinetan diskurtsoa, testuaren koherentzia eta plangintza orokorra, kohesioa, perpaus motak eta morfologia lantzen diren, besteak beste. Nik azken atal hau, morfologia, alegia, testu edo ariketa liburuetatik ateratako jardueren bidez lantzen nuen ikasleekin; euskaljakintza egitasmoarekin hasi nintzenean, ordea, errotik aldatu nuen ikuspuntua. Behin baino gehiagotan adierazi izan dudan legez eta labur esateko, nire helburua – egiten dugun jarduera orotan- Daleren konoaren oinarrira iristea (edo hurbiltzea) da, aprendizaia ahalik eta esanguratsu zein aktiboen gerta dadin. Horretaz gain, ikasleei partekatzearen filosofiaren atzean dauden onura guztiak erakusten saiatzen naiz.

Gauzak horrela, ikasleak dira gerora errepasorako baliagarriak suertatuko zaizkigun jarduerak, prozesu zirkular batean, ekoizten dituztenak. Zehatzago esanda, deklinabidea lantzeko ariketa-sorta prestatu dugu, arestian aipatutako lan-metodologiari jarraiki, 1go ebaluazioan. Ondorengoak dira eman ditugun urratsak:

Lanketaren urratsak

Bikote bakoitzak bi jarduera ezberdin prestatu ditu. Bata, arazotsuak gertatzen diren deklinabide kasu zehatzak lantzeko (partitiboa, mugagabea, noraino/noiz arte…) eta, bestea, deklinabidea nahasian jorratzeko. Oraingo ariketa sorta honetan, gainera, berrikuntza nabarmen bat sartzen saiatu gara: feedback edo laguntza atala bete dugu. Honela, ariketa gaizki egiten duen edonork hutsegitearen arrazoia ezagutzeko aukera izango du azalpen labur baten bidez.

Bestalde, hauexek izan dira ikasleen ekoizpenak baloratzeko irizpideak:

  • Ariketaren zuzentasuna: egin dituzten akatsen kopurua eta larritasuna.
  • Edukiaren maila: ez du berdin balio hutsunea betetzeko ariketa batek (esaldi bakar bat asmatu behar da) edo aukera anitzeko galdera batek (lau esaldi ezberdin aukeran).
  • Feedback edo laguntzaren baliagarritasuna: azalpen lagungarriak eman dituzten edo animoak ematera mugatu diren.

Amaitzeko, hauxe da euskaljakintzako ariketa atalean, deklinabide azpiatalean, gaurtik aurrera topatu ahal izango duzuena:

  • Arazotsuak gertatzen diren deklinabide-kasuak lantzeko ariketak: -entzat/-entzako, izen bereziak, mugagabea, noraino/noiz arte, norekin/zertaz, nor/nork eta postposizioak (ikus adibidea).
  • Deklinabide ariketa orokorrak: deklinabide kasu eta arazoak nahasian lantzeko jarduerak (ikus adibidea).
  • Deklinatzeko ariketak: hutsuneak betez, dauden deklinabide mota ezberdinak praktikatzeko jarduerak (bokalez/kontsonantez amaitzen diren izen arrunt/berezien deklinabidea, bizidun/bizigabeen deklinabidea… ikus adibidea)
  • Gaiaren inguruan sarean topatutako hainbat material: apunteak, taulak eta besteen ariketak.

Zuei ere baliagarri suertatuko zaizkizuelakoan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.