Ebaluazio publikoa, bai ala ez?

Duela urte batzuk, blogen eskutik etorri zen Web 2.0 deituriko iraultzak irakaskuntzan ere, beste esparruetan bezala eragin handia izan zuen. Lehen urte haietan halako joera bat ere nabarmendu zen eskoletan non blogak bereziki edozertarako erabiltzen genituen. Gela barruan ikasleek burutzen zituzten lanak, esate baterako, blog batean jasotzea ez zela oso konplikatua egiaztatu genuenean, hantxe hasi ginen batzuk ikasleen ekoizpen guztiak blogetan jasotzen.

Garai hartan blogak zer ziren eta zertarako ziren egokiak ez genuen oso garbi oraindik eta hortxe ibili ginen hauekin esperimentatzen eta ikasten. Gaur egun, blogei eman genien erabilera haietariko asko ez zirela oso egokiak izan badakigu. Horrela, nire ikuspegitik blog bat pentsamendu kritikoaren garapenerako tresna paregabea da, ikasleak bizi duen errealitatetik abiatuta, bere ezagutza propioan oinarriturik, honen inguruan bere iritzia askatasunez emateko bitarteko aproposa da. Testuinguru horretan, eta adibide bezala, blog bat erreminta aproposa dela iruditzen zait ikaslearen portfolio digitala jasotzeko. ePortfolioa ez bakarrik euren lanen gordailu edo erakusleku moduan ulertuta (oraindik irakasle askok portfolioa txostenak gordetzeko maleta baten moduan interpretatzen dute) baizik eta lan horien gainean egindako hausnarketa edo analisi kritikoa jasoko duen euskarri bat bezala ulertuta. Alegia, metakognizioaren garapenean, autoikaskuntzan edo ikasten ikasteko konpetentziaren garapenean baliabide garrantzitsua izan daiteke.

Aurrekoan blog honekin topatu nintzen. Bloga Gasteizko Magisteritza eskolako ikasle batzuena da eta bertan klasean jasotako informazioaren inguruko hausnarketa egiten dute, baita eurek aurrera eramandako hainbat jardueren inguruko autokritika (niretzat egokiagoa litzateke autoebaluazio hitza erabiltzea), beste hainbesteen artean. Antzematen da bloga hausnarketa tresna bezala erabiltzeko sortu dutela, autoikaskuntzan sakontzeko tresna bezala. Horraino ezer berezirik ez.

Baina bada detailetxo bat atentzioa deitu didana eta, niri behintzat, oso egokia iruditu ez zaidana. Hasieran esan dudan bezala, duela urte batzuk, irakasleok bloga edozertarako erabiltzen genuen eta orduan nahiko arrunta zen ikasleei bidalitako lan baten balorazioa ikasleek idatzitako blog sarreraren iruzkinetan idatzita uztea. Ez naiz ondo gogoratzen baina esango nuke nik neuk ere horrelakorik egin nuela nire ikasleetako batzuen lanekin. Baina denborarekin, ikasleak publikoki ebaluatzea ez dela egokia pentsatzera heldu naiz, nahiz eta irakaslearen balorazioa guztiz egokia izan eta errespetu osoz idatzita egon.

Zergatik? Hona hemen nik ikusten ditudan arrazoi batzuk:

  • Lehenik eta behin, ebaluazioaren komunikazioa, ez bakarrik eskolan baita beste edozein esparru profesionaletan ere, eremu pribatuan, behar den konfiantza giro batean, gauzatu behar delako.
  • Ikasleak bere hausnarketa eta autoebaluazioa blog publiko batean egiteari bere abantailak ikusten dizkiodan bezala, ikasleari bere lanaren gaineko balorazio publikoa egiteari ez diot inongo onurarik ikusten. Bitartekoak ez badio abantailarik ekartzen ikaskuntza prozesuari, nire ikuspegitik, hobe ez distorsionatzea bitarteko digitalekin.
  • Ezin da ukatu gainera, irakaslearen balorazioa publikoa ezin dela inoiz pribatuan egindakoarekin alderatu, batean hala bestean komunikazioak konnotazio desberdinak baititu, eta ondorioz, desberdin ebaluatzen da.
  • Blog bat daukagunok badakigu zeinen nekeza den blog bat maiztasun batekin elikatuta mantentzea. Blogan idazteak motibazio eta ausardia puntu bat eskatzen du, are gehiago norberak egindakoaren gaineko autoebaluazioa egitea baldin bada helburua. Nik esango nuke aurretik jakitea irakaslearen iritzia, azkarrago edo beranduago,  gure blogan jasoko dugula ez dela oso motibagarria.
  • Azkenik, nik esango nuke ePortfolio batean, irakurleen iritziak jaso, eztabaida eraikitzailea piztu eta argumentazio egokiak egitea bilatu behar den zerbait izan behar dela. Pentsamendu kritikoa bultzatu nahi bada, jasotako iritziei ondo argudiatutako erantzunak ematea benetan garrantzitsua dela esango nuke. Irakaslearen iruzkinak, ebaluazioaren zati bat bezala ulertzen den unean, eztabaidarekin amaitzen du. Kanpoko bisitariok, ekarpenetan dagoen iruzkin bakarra irakaslearen dela ikusten dugun unean, bloga zein testuinguruan sortu den berehala konturatzen gara eta iruzkina uztea eragozten du.

Nola ikusten duzue kontu hau zuek?

Jokin in Googleland: zalantzak eta errezeloak

Onartu behar dut nire harremana sare sozialekin nahiko xelebrea dela. Gaurdaino arrakastatsuenak izan diren sare guztiak probatu ditut baina beti topatzen dut arrazoiren bat sare horien eta nire arteko harremana eteteko. Garbi dago arazoa ez direla sareak, arazoa ni naiz 😉

Facebook izan da gutxien erakarri nauena. Hasiera hasieratik izan nituen errezeloak Facebook-en inguruan. Ez zitzaizkidan batere gustatu Internet zabalean, mini-Internet itxi eta opako bat sortzeko Zuckerberg-ek zituen intentzioak. Ez nuen “walled garden” batean murgilduta pasatu nire bizitza digitalaren zati handi bat. Beraz, kontua ireki eta gutxira istea erabaki nuen. Kontua isteko jarritako trabak nolakoak ziren egiaztatu nuenean, alde egiteko gogoa oraindik nabarmenagoa izan zen. Denborarekin, Facebook negozio politikaren xehetasunak sakonago ezagutzen joan naiz eta oso garbi izan dut ez nintzela berriro bertara bueltatuko.

Twitter-en denbora gehiago egin nuen. Denbora nahikoa izan zen konturatzeko hor ere ez nintzela gustura sentitzen. Hasiera batean ez nuen irizpide konkreturik izan nor jarraitu eta nor ez erabakitzeko. Baina ikusita bertan zenbat denbora pasatzen nuen eta zeinen kaxkarra zen denbora horri ateratzen nion etekina, erabiltzaileak arreta gehiagorekin esleitzen joan nintzen; batzuei jarraitzeari utzi nien, erabiltzaile berria jarraitzeko irizpideak zehaztu nituen eta informazioa hobe antolatzeko zerrendak sortu nituen. Baina, hala eta guztiz ere, ez nuen lortu trankiloa hartzea:

  • Erabiltzaile bat baino gehiagorekin, aldi berean, taxuzko eztabaida bat eramatea ezinezkoa egiten zitzaidan, karaktere kontua eta iruzkinen dispertsioa zirela eta.
  • Erabiltzaileak iragazita ere, funtsik gabeko informazioak nire denboraren zati handiegia kentzen zidala iruditzen zitzaidan eta, bestalde, balekoa zena irakurri eta ondoren erabiltzeko denborarik ez nuela ikusten nuen.
  • Informazio iturri desberdin ugari nituela uste banuen ere, denborarekin sentitzen nuen beti nenbilela informazio berdinaren inguruan bueltaka: iritzi dibergenteak, gehiengoak erabakitzen duen iritzien aurkako posturak… faltan botatzen nituen
  • Protagonismoa nagusiki bilatzen duten erabiltzaileak, buenrollismo exajeratua, juizio paraleloak… ez nituen gustuko.

Bitarte honetan Friendfeed erabiltzen aritu naiz, oso gustura. Beti esan dut niretzat informazioa kudeatzeko tresnarik hoberenetakoa dela, bera baino arrakastatsuagoak diren sare sozial gehienen gainetik. Horren seinale nabarmena da gorantz doan Google Plus sare berriak Friendfeed-ek dituen aukera asko kopiatu izana.

Horregatik eta ikastolan erabiltzen ari garen Yammer sarearekin antza handia duelako, Google Plus bila nenbilen sare definitiboa izango zela pentsatu nuen, nahiz eta tresnak oraindik hobekuntza dezente behar dituen.

Poliki-poliki geroz eta erabiltzaile gehiago ari dira euren stream-a eguneratzen (nire zirkuluetan, behintzat, erabiltzaile askoren jarduna biziki piztu da azken bi asteotan), pixkanaka-pixkanaka eztabaidak sortu eta iritzi trukaketa aberasgarriak agertzen hasi dira… eta pittinka-pittinka ere zeintzuk diren Google-en asmoak azaleratzen joan dira. Eboluzioa nolakoa izango den oraindik ikusteke badago ere, Google-ek azken egunetan egin dituen mugimenduak nire kezka eta errezeloak piztu ditu.

  • Google Readeri egindako aldaketak, adibidez, ez zaizkit gustatu. GReader-eko informazioa nahi dugunarekin nahi dugun bezala partekatzeko aukera kendu egin dute aplikazioari egin dioten azkeneko eguneraketan. Orain gure RSS jarioetatik jasotako informazioa erabiltzaile jakin bat edo erabiltzaile talde jakin batekin partekatu nahi badugu, derrigorrez erabiltzaile horiek Google Plus-en egon behar dira (zorionez, “Send To” aukerarekin sarrerak beste zerbitzu batzuetan partekatzeko aukera erabilgarri jarraitzen du). Erabaki honekin, Google-ek gu eta gure lagunak Google Plus erabiltzea derrigortu nahi gaitu. Honek kritika ugari eragin ditu GReader-eko erabiltzaile komunitatean eta ni ere hauekin bat egiten dut (horrelakoetan gertatzen den moduan, bestelako iritziak ere bota dira sarean)
  • Erabaki hau hartu eta handik gutxira, Google in Google+ izeneko blog sarrera batean, bi berrikuntza aurkezten ditu Google-ek. Horietako bat Chrome-rako gehigarri bat da; honekin “+1” egin daiteke irakurtzen ari garen edozein web orriren gainean eta, horrela, Google Plus-en partekatuta geratzen da. Kontu teknikoetan oso jantzia ez banago ere, ulertu dudanagatik badirudi gehigarri honek gure segurtasuna eta pribatutasuna kolokan jartzen dituela. Eskertzekoa bada ere Google Team-eko arduradunen erreakzio azkarra eta arazoa konpontzeko hartutako konpromisoa, Facebook-en “Like” botoiarekin izandako kontu berdinak ez ote ditugun izango ere “+1” horrekin kezkatzen hasita hasita nago.
  • Blog sarrera horretan zetorren bigarren berrikuntza zera zen: YouTubeko bideoak Google Plus-etik atera gabe bilatu eta partekatzeko aukera txertatzea. Botoi txiki bat erantsi digute leihoaren eskuinaldean, oso modu diskretuan, baina era berean oso erosoa (onartu beharra dago) edozein bideo YouTuben bilatu eta gero Google Plus-en partekatu nahi badugu. Horrela, Google-ek arrazoi berri eman digu Google Plus-etik atera beharrik ez izateko. Eta noski, erabaki honen jarraipena zein izan daitekeen ulertzea ez da oso konplikatua, ikustea besterik ez dago eskuineko irudia edo azpiko hiru irudien sekuentzia. Bai, badakit horrelakorik oraindik ez dutela garatu, Google Plus-eko erabiltzaile batek disenatutako mockup bat besterik ez da. Baina ez dut uste denbora gehiegi pasatuko denik Google Music edo Google Maps bezalako zerbitzuak Google Plus-en integraturik izateko. Horrela, Facebook-ek Spotify-rekin egin duen moduan, Google-ek oso erraza dauka Google MusicGoogle Plus-ekin lotu eta lehenengoan dituzun abestiak bigarrenean zure lagunekin klik gutxi batzurekin partekatzeko, dagoeneko YouTubeko bideoekin egiten dugun moduan. Edota lagunekin geratu zarela bazkaltzeko eta jatetxearen kokapena eurekin partekatu nahi duzula? Arazorik ez! Google Plus-etik irten gabe Maps-eko kokapen bat beraiekin partekatzea di-da batean egingo duzu. Horrela, konturatu gabe, Google-en tresna guztiak Google Plus-en uztartzen dituztenean ez dugu arrazoirik edukiko sare horretatik irteteko, izan ere, eskura izango dugu klik gutxitan beharko dugun guztia.

  • Atzo bertan Google+ Pages jarri zuten martxan. Orain arte Google ez du publizitaterik sartu bere sarean. Baliteke mugimendu honekin gauzak desberdinak izatea hemendik aurrera. Egia da ez zaudela derrigortuta enpresa baten jarraitzaile egitea baina egia da, baita ere, bizi garen informazio burbuila pertsonal honetan zaila dela zure zirkuluek kontsumitzen duten informaziotik ihes egitea. Beraz, ez nintzateke harrituko hemendik gutxira hainbat enpresen albisteak nire stream-ean topatzen hasiko banintz. Eta hau ere, ez dut gustuko.
  • EGUNERAKETA – 2011/11/09: onartu behar dut gustatu zaidala nola konfiguratu dituzten Google+ Pages, gure stream-a publizitatez josita agertzea saihesteko.

Ezin da ukatu azken hamarkada honetan Google-ek aplikazio bikainak garatu dituela. Lan handia egin du mota eta formatu guztietako informazioa sarera igo eta modu erraz batean erabili eta partekatu ahal izateko. Erabiltzaile asko irabazi ditu garatu dituen produktuen kalitate onari esker: ni naiz horietako bat. Garatu dituen produktuen kalitateari esker eta sarean eraman duen filosofiari esker, erabiltzaileon fidelizazioa eta babesa lortu du, nirea lehenengoa. Eta orain, fidelizazio horretaz baliatuta, ia konturatu gabe, jarraitzaile guztiak Google Plus-erantz biderantzen ari da.

Hortxe, Google Plus-en, Google-ek sarean zehar sakabanatuta dituen “atrakzio” zoragarri eta eder guztiak bildu ditu (edo biltzera doa) eta badirudi bere asmoa dela bertatik ateratzeko beharrik ez izatea. Horretarako bere zerbitzuetan jasota daukagun informazio guztia “Googleland” berri honetan zabaldu eta partekatzea esperientzia sinplea bihurtzea du helburu, bertatik atera gabe orduak eta orduak egin ditzagun.

Oraindik ez daukat garbi norantz joko duen Google-ek bere sare sozial berri honekin baina azkeneko zantzuen arabera ni behintzat baditut kezkatuta egoteko arrazoiak. Ez dut nahi langaz betetako Internet baten partaide izan, berdin dit Jediak edo Sithak badira ere.

Erabaki bat hartu baino lehen adi egon beharko gara Google plus-en bilakaerari.

Gehiago konpetentzia digitalaren inguruan

Jakintza Ikastolaren Hezkuntza Proiektuaren berritze prozesuarekin hasi gara aurten. Ikastola proiektuari zuzenean lotuta doaz gure Curriculum Proiektua baita Gestio/Antolaketa Proiektua ere.

Urte batzuk pasa dira gure Hezkuntza Proiektua diseinatu genuenetik eta bitarte horretan aldaketa ugari gertatu dira, bai curriculumean baita antolaketa mailan ere. Hauek guztiak bildu eta sakondu beharko ditugu ekoiztuko dugun dokumentu berrian.

Curriculum proiektu berriaren garapenean garbi dago gure erreferentzi nagusietako bat Euskal Curriculuma izango dela. Beti esan dut Euskal Curriculuma dokumentu aurrerakoia izan zela aurkeztu zen unean (eta oraindik horrela da puntu askotan). Nire ustez hainbat alderdietan, halere, behar ditu eguneratze batzuk. Horietako bat izan daiteke Irakaskuntzarako eta Komunikaziorako Teknologiena eta zehazkiago, Konpetentzia Digitalarena. Eguneratze horiek datozen bitartean, handik eta hemendik topatzen dudan informazioa jaso, antolatu eta nire apuntetxoak sortzen ari naiz, gure ikastolako curriculum proiektu propioan txertatzeko helburuarekin.

Duela hilabete batzuk blog honetan bertan argitaratu nuen nire iritziz zer den konpetentzia digitalaren inguruan ulertu behar duguna. Ekarpen honetan konpetentzia digitalaren ikuspegi osagarri biak aurkezten nituen: alde batetik, konpetentzia digitalaren dimentsio edo azpikonpetentzia bakoitzari lotutako helburuen zerrenda eta, bestetik, konpetentzia digitala alfabetizazio multimediala bezala ulertuta.

Bada gaurkoan, bi ideia horiekin jarraituz, ekarpen berriekin nator. Hasteko, La Lagunako Unibertsitateko Manuel Arearen bideo bat ipintzen dizuet azpian. Bideoan, Manuel Areak gaurko eskola ereduaren jatorriaz hitz egiten du hasieran (gizarte industrialean sortutako eredu zaharkitua). Boriz Mir-ek planteatzen dituen bost dimentsio horien ordez, Manuel Areak lau bakarrik planteatzen ditu (beste leku batzuetan ere horrela egiten dute). Amaitzeko konpetentzia digitala lantzeko hainbat ideia edo proposamen botatzen ditu. Hauxe da niretzat bere aurkezpenaren zatirik kaxkarrena. Ez dut esan nahi blog, wiki… edo Web2.0-ren garaiko baliabide digitalek zaharkituta geratu direnik, ezta gutxiagorik ere. Nire iritziz tresna baino gehiago proposatzen dituen erabilerak edo jarduerak daude zaharkituta eta faltan botatzen ditut, adibidez, teknologia mugikorrari lotutako proposamenak.

Manuel Arearen aurkezpenaren lehenengo zatiak duela urte luze bat ikastolako gurasoei Mikelek eta biok eskaini genien aurkezpena ekarri dit gogora. Orduan ere gure ikastolako gurasoei antzeko kontuak aipatu genizkien:

Aurkezpen horren amaieran eskola eredua aldatzeko lau eragite-ardatz proposatzen genituen:

  • Alderdi metodologikoaren aldaketa beharrezkoa ikusten genuen (“Jakitearen logikatik egitearen logikara pasatu”)
  • Ikaslean oinarritutako hezkuntza eredu baten garapena beharrezkoa zela uste genuen (“Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren jabe bihurtu”)
  • Gestio/antolaketaren aldaketa bultzatu behar genuela intuitzen genuen (“Ikastolako aldaketaren kudeaketarekin hasi”)
  • Konpetentzia digitalaren garapenari garrantzia berezia eman behar geniola iruditzen zitzaigun (“Digitalki alfabetatuak diren hiritarrak sortu”)

Gaur bertan irakurri dut beti interesgarriak diren Guida Al-lés-en azkeneko ekarpena. Eskola hobe baten bila nondik hasi behar dugun planteatzen du berak. Tira, positiboki harrituta geratu naiz ikusi dudanean berak aipatzen dituen autore desberdinen proposamenak, gutxi gorabehera goran aipatutako lau ardatz horien inguruan doazela. Gauza batzuk moldatu beharrean gaudela garbi dago baina uste dut orduan egindako hausnarketa baliagarria dela oraindik eta, nola edo hala. garatuko dugun IHP berrian jaso beharko ditugu.

Konpetentzia digitalaren gaira bueltatuz, otsaileko artikuluan azaltzen nituen bi alderdi horiek oso modu garbian islatuta ikusi ditut gaur Fernando Santamariak ekoiztu dituen bi mapa kontzeptual interesgarrietan. Bi mapa horien arteko lotura garbia da: “La competencia digital se adquiere mediante la alfabetización mediática”. Hortxe dago kontua. Uste dut, bi mapa kontzeptual hauekin, konpetentzia digitalaren inguruan jakin beharreko guztiak modu garbi eta txukunean jasota geratzen dela.

Competencia Digital

Alfabetización Mediática

EGUNERAKETA 2011-10-25, 21:18: Duela lau hilabete Futurelab-ek konpetentzia digitalaren inguruan argitaratutako bi txostenen berri ematen nuen nire “beste” koaderno digitalean. Bada oraintxe irakurri dut El Camarote blogak argitaratu berri duen azken artikuluan, bi dokumentu horietatik lehena erdara itzultzen ari direla. Ikusi dudanagatik ia amaituta dago itzulpena. Benetan txosten interesgarria da, konpetentzia digitalaz zer ulertzen den azaltzeaz gain adibide praktiko ugari proposatzen baititu. Ingelesezko bertsioa ez bazenuten irakurri bere garaian, orain aukera paregabea daukazue erdarazko bertsioa irakurtzeko. Merezi du, benetan.

Ubuntu, erabiltzaile esperientzia eta konpetentziatik ikastea

Egun pare bat daramat Ubunturen azken bertsioa probatzen. Eguneraketa arazorik gabe (azken bertsioetan bezala) burutu zen aurrekoan, Ubuntuk behar zuen fidagarritasun puntu hori lortu duela esango nuke.

Ez da bakarrik eguneraketek ematen duten fidagarritasuna edota instalazio garbien sinpletasuna. Badaude detaile txikiak ere azken distroan datozenak, Ubuntu erabiltzerakoan sentsazio “atsegina” lortzen laguntzen dutenak. Loginaren diseinu berria, Nautilus-en itxura modernoagoa, ikono berriak… Ubunturekin “gustorago egoten” laguntzen dute. Agian tontakeria bat irudituko zaizue baina software askearen hedapena eta erabiltzaile kopuruaren hazkuntza bilatu nahi badugu, detailetxo horiek berebiziko garrantzia dutela iruditzen zait niri.

Eta hemen agian norbait nirekin haserretuko da baina uste dut zilegia dela onartzea (aurrekoan ere zerbait aipatu nuen Sustatun) azken distroetan egin diren hobekuntza asko MacOS-en ereduari jarraiki etorri direla. Esango nuke Canonicalek apostu garbia egin duela erabiltzaile esperientzia xamurtu eta erraztearren alde eta horretarako eremu horretan eredugarria den MacOS-etik ideia ugari inplementatu ditu.

Hauetako batzuk aipatzearren software biltegia (aplikazioen instalazioa zen Ubunturen gauza konplikatuenetako bat), leihoen botoiak ezkerrera eramatea, menu globala, Launcher-a (MacOS-en Dock-aren antzera), goiko panela bakarrik mantentzea, Nautilusen itxura berria, tipografiari emandako garrantzia, sistemaren jakinarazpen koadroak…

Erabiltzaile esperientzia ez da soilik diseinua (askotan gauza bera direla pentsatzen dugun arren). Erabiltzaile esperientzia diseinua, ergonomia, erabilerreztasuna, “usabilitatea” (erdarazko usabilidad: ez dakit nola deitu euskaraz), egonkortasuna, segurtasuna, fidagarritasuna, periferikoen integrazioa… hori guztia eta gehiago da. Horretan maixu da Apple bere produkzio esparru guztietan, bai software baita hardware mailan ere

Erabiltzaile esperientzia ez da soilik diseinua

Atzera begiratzen badugu, Ubuntuk ikaragarrizko bilakaera izan du erabiltzaile esperientziari dagokionez. Hobekuntza hauetako asko “barruan” egindako lanaren ondorioa izan bada ere, hobekuntza asko konpetentziaren ereduari jarraiki etorri direla ere onartu behar da. Ongi etorriak hobekuntza horiek software askearen zabalkunderako mesedegarriak badira.

Abentura berri baten hasiera

Aurtengo ikasturtea berezia izango da niretzat. Alde batetik, IKT dinamizatzaile bezala hamarkada bat bete ondoren, nituen arduretako asko Amaia nire lankidearen esku geratuko dira. Bestetik, nire lanaldiaren erdia Aniztasun Curricularreko (AC) ikasle talde batekin pasako dut, taldeko tutoretza ere nire gain egongo delarik.

Ilusio handiz heldu diot erronka berri honi. IKT arduradun bezala urte asko egin ondoren, nire lanbideari zuzenean lotutako gauza askotan aurrera nabarmen egin dudala sentitzen dudan bezala, didaktika arloan oraindik hobetzeko asko daukadala garbi daukat. Hobekuntza hori teknologiaren eskutik etorriko zela pentsatu izan dut bolada batean baina, azken urteotako eskarmentuak zerbait garbi utzi badit, nire garapen profesionala ez dela soilik nire alfabetizazio digitalaren eskutik etorriko da. Irakasle bezala hobetu nahi badut teknologia baina garrantzitsuagoak diren beste esparru askotan hobetu beharra daukadala garbi daukat.

Lan horretan ibili naiz azken bi urteotan: konpetentzietan oinarritutako hezkuntza ereduaren oinarriak ulertzen, sekuentzia didaktiko baten diseinuaren ardatz nagusienak aztertzen eta deskribatzen, gizarte modernoaren exijentziekin bat egiten duten metodologia aktibo berriak ezagutzen eta zerrendatzen

Baina teknologiaren esparruan lanean aritu naizenean egiaztatu dudan moduan, benetako ikaskuntza esperiementazioaren eskutik dator, eginez ikasten da. Ez da erraza ordea, egungo hezkuntza sistemak duen egitura zurrunean, bide berriak probatzen aritzea, izan ere, bide berri hauek malgutasuna eskatzen dute, curriculumaren garapenean baita eskolaren barne antolaketan ere. Eta uste dut horrelakoetatik oraindik nahiko urrun gaudela.

Ikastolako zuzendaritzak urtero ematen digu aukera hurrengo ikasturterako gure asmoak, beharrak, nahiak edo bestelako eskaerak egiteko. Aukera hori aprobetxatuz, aurtengorako AC taldean irakasle izatea eskatu nuen pasa den ekainean. Ikastolako zuzendaritzak ez zidan inolako eragozpenik jarri, alderantziz, behar nituen baliabide guztiak ipini zizkidan nire eskaerak aurrera egin zezan.

Pertsonalki uste dut AC talde batek dituen ezaugarriak (ikasle profiletik hasita, antolaketarekin lotutako baldintzetarino) egokienak direla berrikuntza metodologikoan lehen urratsak ematen hasteko.

  • Metodologia akademizista tradizionalean galduta, ezinean, aspertuta, nazkatuta… egon diren ikasleez osatutako taldea da. Ikasturtero errepikatzen diren estrategia didaktiko klasikoen aurrean iparra galduta ibili diren ikasle hauekin, bide berriak urratzea beharrezkoa da emaitza desberdinak lortu nahi badira. Eta horixe da, hain zuzen ere, ni bilatzen ari naizena.
  • Eskola orduen ohiko banaketa klasikoarekin ezinezkoa da proiektu multidisziplinarrak aurrera eramatea. ACren kasuan, hemezortzi ordu ditugu bi arlo nagusitan banatuta: erdiak Hizkuntza/Gizarte arloei dagozkie eta beste erdiak Zientzia-Teknologia arloei. Astean bederatzi ordu ditut, beraz, proiektu edo jarduera multidisplinarrak aurrera eramateko. Arloka antolatuta daukagun ohiko eskola ordutegi trinko eta zurrunarekin horrelakorik egitea ezin dut amestu ere egin, gaur egun (etorkizun laburrean hau ere aldatzen hasiko denaren esperantza badaukat, halere).
  • Gelako lau paretetatik ihes egin eta ikaskuntza prozesua beste espazio batzuetara zabaltzea sentitzen dudan behar nagusietako bat da. Eta uste dut ikasleek ere eskertuko dutela aldaketa hori. Ostegun goizak primeran ditut ikasle taldea hartu eta herrira irten, txango batera eraman edo esperiemntua egiteko patiora ateratzeko, beste irakasleen ordutegian eragin beharrik izan gabe.
  • Esan beharrik ez dago horrelako taldeetako ikasle askok autoestimua lurretik izaten dutela, bigarren mailako ikasle bezala hartzen dutela euren burua. Irakasle bezala, erronka polita bat daukat ikasle hauen alderdi emozionalean eragiteko. Irakaslea ez da soilik eduki transmisorea (halaxe ikusten dut nire rola ikastolan azken urteotan), hezitzaile bezala, badauzkagu beste alderdi batzuetan ere ikasleak hezitzeko betebeharra. Ez naiz ni eredu bat kontu hauetan, badakit. Baina benetan hobetzea nahi badut, alderdi honetan ere ahalegin bat egin beharko dut eta talde honek aukera ezin hobea eskaintzen dit horretarako.

Ikasturtea hasi besterik ez dugu egin. Batzuetan sentsazioa daukat espektatibak oso altu ipintzen ditudala eta gauzak nik espero bezala ez doazenean, azkar galtzen dut pazientzia. Tira, hori kontrolatzea ere ikaskuntza prozesu orokorraren barruan ipini beharko dut. Ikusiko dugu noraino heltzen garen.