Google Earth 4.3 kalean da

Dagoeneko, Google Earth 4.3 bertsioa kalean dugu eta berrikuntza interesgarriekin datorkigu. Hona hemen Google Earth blogean aipatzen dituztenak:

  • Kaleko ikuspegia
  • Irudien datak
  • Nabigazio kontrol berriak
  • 3D eraikin gehiago eta deskarga arinagoa
  • Gaua / Eguna iluminazioa
  • Mac bertsiorako flash inplementazioa
  • Sky modura trantsizio azkarragoa

Horra hor bideo bat hori guztia hobeto ikusteko.

I. ZirIKTxotxa ospatu genuen pasa den larunbatean

zirikteroakGure bloga jarraitzen duzuenok dagoeneko ezagutuko duzue pasa den urtarrilaren amaieran ikastoletako IKT dinamizatzaile batzuk abian jarri genuen ZirIKTeroak izeneko proiektu berria. Ordutik hona asko izan dira taldean izena eman duten eskola sare eta erakunde desberdinetako irakasle eta arduradunak. Poliki-poliki taldetxoa handitzen doa eta, nahiz eta bertako kideok, birtualki elkar ezagutu, beharrezkoa ikusten genuen fisikoki ere elkartzea; sareko irudiei ahotsa eta gorputza ipini, bakoitzak dituen lehentasunak zeintzuk diren ezagutu, une honetako bakoitzaren lehentasunak zeintzuk diren ezagutu… Elkar ezagutu eta, bide batez, aitzakia bilatu eguna elkarrekin disfrutatzeko.

Helburu honekin Axular ikastolako Larrek I. ZirIKTxotx topaketa aurrera eramateko proposamena luzatu zigun sareko kide guztioi. Lehen deialdi honetarako hamaika kidek eman genuen izena. Donostian elkartuko ginenok zertaz jardungo ginen proposatu ondoren, Juanek eguneko gai zerrenda lotuta utzi zuen pasa den ostiralean.

Larunbatean, goizeko hamarretarako bidean ginen Goierrialdetik Donostiarantz Aitor eta biok. Bidean Mikel eta Joxerramon jaso ondoren, puntual heldu ginen Axular ikastolara. Hantxe genituen zain Juan, Larre eta Xabier. Donostian zehar makina bat buelta eman eta gero Antza denez Google Maps-ek ez omen zituen gauzak oso garbi azaltzen :wink: ), beranduxeago agertu ziren Abel eta Pedro (hauek Santurtzitik zetozen) eta Javi eta Ibon (Galdakaotik hauek).

Agindutako kafetxo eta pastei errepasotxo eman ondoren, bakoitzak bere aurkezpentxoa egin zuen. Egia esan aurkezpen laburren bitartez goiza di-da batean pasa zitzaigun.

  • Joxerramonek bere ikastolan garatzen ari diren aldizkari digitalaren aurkezpena egin zigun. Usurbilgo Udarregi ikastolan ikasleak dagoeneko kazetaritzaren oinarriak nola ezagutu eta erabiltzen dituzten ezagutzea interesgarria iruditu zitzaidan..
  • Larrek fisika, kimika eta geologiako flash fitxategien itzulpenarekin izandako esperientzia aurkeztu zigun. Azken hauetan egindako lana benetan kalitate handikoa dela iruditu zitzaidan.
  • Juan Moodleeko galdetegi eta glosategietan bildutako edukiekin, Game izeneko modulu bat erabiliz, sor daitezkeen jokuen inguruan aritu zen. Flipantea 50×15 telebistako programaren klona!
  • Ibonek Lyxen azalpena egin zigun. Estilo txukunak erabiliz, dokumentu luzeak (tesiak eta antzekoa) prestatzeko tresna paregabea dela behin eta berriro adierazi zigun. Arazo teknikoak zirela medio, ezin izan genuen bere potenzialidade osoa behar bezala ezagutu. Hori dela eta, hurrengorako 500 orrialdeko tutoriala prestatzeko konpromisoa hartu zuen Ibonek. :lol:
  • Abelen aurkezpena oso interesgarria izan zen. Moodleen esperientzia handiko gizona da eta hori garbi uzten du hitz egiten duenean. 1.7 bertsioaren ondoren, Moodleek izan dituen hobekuntza nagusienetako bat Rolak definitzeko aukera izatearena da. Horrela, Moodle ikastaroak soilik eman/jasotzeko plataforma bat izatetik eskola komunitate osoaren gune birtuala izateko aukerak eskaintzen dituela esplikatu zigun. Horrela, Moodle erabiliz aukera daukagu Ikuskatzailearen erabiltzailea definitzea, blogari-rola, liburuzaina edota, zergatik ez, gurasoa ere. Azken aukera hau oso interesgarria iruditu zitzaidan, izan ere, beti hartu dut Moodle ikasle eta irakasleentzako tresna bezala; sekula ez zait burutik pasa gurasoak ere izan daitezkeela Moodleeko erabiltzaileak eta, rol egokiak definituz, aukera izan dezakete oso modu sinplean , euren seme-alaben inguruko kalifikazio, txosten eta bestelako informazio kontsultatu ahal izateko. Ulertzea hain gauza sinplea den honek gure ikastolan eragin handia izan dezakeela garbi daukat, izan ere, hortxe gabiltza gure intranetarekin antzeko gauzak nola burutu daitezkeen asmatu nahian eta ez gara konturatu dagoeneko erabat garatuta izan dezakegula horrelako aukera bat Moodle erabiliz. Ibonek dioen bezala, hortxe gabiltza, beti gurpila berasmatzeko asmoz, Michelinek 1889. urtean dagoeneko asmatu zuela jabetu gabe.

Ordu biak aldera bukatu genuen goizeko saioa. Jarraian Hernanira abiatu ginen. Hantxe pote bat hartu eta zuzenean Iparragirre sagardotegirantz abiatu ginen. Hantxe ibili ginen munduko arazo guztiak nola konpondu aztertzen. IKTak gora IKTak behera, hezkuntza handik eta hezkuntza hemendik…. Jesuuussss!! Ez ginen ixilik egon ezta txotxa egitea tokatzen zenean ere! Bazkalostean, Hernanitik tragotxo bat hartu ondoren, etxaldera bueltatu ginen txintxo txintxo arratsaldeko zortziretarako, gai-zerrendan zehaztuta zetorren modura. Hementxe uzten dizkizuet egunean zehar aterako argazki guztiekin sortutako bilduma:


Honen antzeko argazki gehiago bilatu ZirIKTeroak(e)n

Oso esperientzia polita izan zen eta ni behintzat gauza berri ugari ezagutzeaz gain, ederki pasa nuen taldean. Esperientzia berriro errepikatu beharrean gaudela denok aho-betez onartu genuen. Ea hurrengorako ZirIKTeroak taldeko kide gehiago animatzen diren. Egia esan lehenik eta behin taldekide askori antzematen zaien lotsa edo beldurra gainditu beharko litzateke Ibonek gaur bertan bidalketa batean azaltzen zuen moduan. Tira, piskanaka piskanaka urratsak ematen joango garela ziur nago; ea datorren ikasturtearen hasieran izango dugun II. topaketan aurpegi berriak ikusten ditugun. Eta bide batez, idatzi hau aporbetxatu nahi dut, IKTak, irakaskuntza eta euskararen inguruan zer ikasi eta zer esana duen edonori taldeko kide bihurtzeko gonbitea luzatzeko.

Perpaus elkartuak lantzeko ariketak

Ikasturtea amaitzeko ez da asko falta eta, dakizuen bezala, bukatu eta berehala dira unibertsitatera sartzeko gaitasun probak (Hautaprobak). Euskarako azterketari dagokionez, ikasleek hainbat jarduera ezberdin burutu behar izaten dute eta horietako bat da esaldiak moldatu delakoa. Azterketako testuko zenbait esaldi beste modu batera ematea da ariketa honetan eskatzen dena eta ideien arteko lotura logikoak baloratzen dira, hau da, perpausak lotzeko eta hauen artean erlazio semantikoak adierazteko erabiltzen diren lokailuen erabilera zuzena.

Gauzak horrela, lokailuetara iritsi aurretik, perpaus elkartuak bere osotasunean errepasatzeari ekiten diogu guk. Zer dira perpausak? Zein da perpaus bakuna eta elkartuaren arteko ezberdintasuna? Zenbat motatako perpaus elkartuak daude? Nola bereizten dira? Juntagailuak eta lokailuak gauza bera al dira? Antzeko galderak egiten badizkiegu ikasleei, berehala konturatuko gara nahasketa handia izaten dutela kontzeptu ezberdinak bereizteko orduan, aurreko ikasturteetan ikasiak dituzten arren.

Sailkapen guztiak bere tokian berrezarri eta, bereziki, Hautaprobetako jarduera hori prestatu nahian, perpausen arteko loturak landuko dituzten ariketak sortu ditugu. Beti bezala, gure lan egiteko filosofiari jarraituz, errepaso ariketak guk geuk sortu eta sarean ipini ditugu erabili nahi dituen ororentzat.

Perpausak lantzen

Zer sortu dugu eta non topa daiteke?

Perpaus elkartuak: pratika. Egin klik euskaljakintzako ariketa bilgunean, eskuineko zutabeko 2. estekan, eta hortxe ikusiko dituzu orain arte sortu ditugun ariketa guztiak alfabetikoki antolatuta. Sorta hau Perpaus elkartuak atalean dago. Hemen juntadura, menperakuntza eta testu mailako loturak (hauxe da Hautaprobetan eskatzen den jarduera mota) lantzeko ariketa ezberdinak topatuko dituzu.

Perpaus elkartuak: teoria. Egin klik euskaljakintzako kontsultagunean, eskuineko zutabeko 4. estekan. Alfabetikoki antolatutako zerrenda luze bat zabalduko zaizu. Atal honi Perpaus elkartu motak izena eman diogu. Hemen juntadura, menperakuntza eta testu mailako loturari buruzko azalpenak topatu ahal izango dituzu. Halaber, aurreko guztia begi-kolpe batean ikusteko aurkezpentxo bat aurkitu duzu.

Ariketa sorta honekin aurtengo ariketa sortze-lanari amaiera eman diogu. Aurreko ebaluazioetan egin ditugunak ikusi nahi badituzu, egin klik hurrengo esteketan:

Deklinabidea lantzeko ariketa sorta
Aditza lantzeko ariketa sorta (aditzaren gunea)

Bat, bi eta….hiruuu! Zorionak!

hiru urteAste osoa daramat buruari bueltaka, gaurko eguna dela eta, zer idatzi ez dakidala. Iragana eta oraina alderatzen pasa dut denbora. 2004-2005eko ikasturte hartan, blog hau martxan jarri aurretik, nolakoa zen nire egunerokoa, nire eginkizuna irakasle bezala gogoratu dut eta gaur bizi dudan errealitatearekin alderatzen ahalegindu naiz. Buff, zenbat aldatu diren gauzak hiru urte hauetan

Garai hartan hementxe nenbilen, jo ta su IKTekin erlazionaturiko prozesuen definizio eta egituratzearekin. Urrezko Qrako kanpo ebaluaketa bat izan behar genuen eta hantxe nenbilen fluxu diagramak, indikatzaileak…  eta abar definitzen. Gogoan dut Mikel eta biok denbora luzez ibili ginela “Teknologia berrien identifikazioa eta ezagutzaren kudeaketa prozesua” definitu nahian; orduko eztabaida eta solasaldi luzeak gogoratu ditut eta nola, lehenengoz, komentatu genuen blog bat martxan jartzearen prozesu honen bitarteko bat bezala. IKT taldeko bilerak etorri zaizkit ondoren burura. Zeinen gustura sentitzen nintzen nire lankideekin bilera haietan; orduko gaiak gaur egungoak baino sinpleagoak baziren ere, taldeko dinamika, bileren giroa, gaur egungoak baino biziagoak izaten ziren. Bilera horietako batean informatika gelara igo ginen; bakoitzak bere ordenadorea hartuta, lehenengoz ezagutu genuen gure taldeko bloga, alegia, ikastolan deitzen ziguten bezala, IKTeroen bloga. Harridura, lotsa… eta batzuen kasuan, kuriositatea antzematen zen nire kideen aurpegietan. Baina, denek egokia iksuten zuten, aurretik definitu genutuen helburuak lortzeko, tresna baliagarria izan zitekeela bloga. Ikastolatik etxera (oraindik bajan nengoela gogoratzen dut) pozik joan nintzen, lankideekin esperientzia polita eta aberatsa izan ondoren.

Ez ziren egun asko pasa, IKT dinamizatzaile bilera batera deitu gintuztenerarte. Orduan ikastolok gure intranetaren garapenean buru-belarri murgilduta genbiltzan eta bilera horretan proiektua garatzeko Foru Aldundiak ematen zizkigun diru-laguntzen inguruko informazioa eskaini behar zitzaigun. Ikastolen Elkarteak, Carmelo Balda frontoiaren ondoan zeukan egoitza zaharrean egin genuen bilera Gipuzkoako dinamizatzaile talde batek. Esan bezala, egun gutxi ziren gure blogan argitaratzen hasiak ginenetik eta, hain ilusionatuta nenbilen ni garai hartan, bileraren amaieran honen berri ematea otu zitzaidala. Desilusio txiki bat jaso nuen, izan ere, nire kideek apenas eskaini zioten arreta minimo bat azaldutakoari. Gogoratzen dut han zeudenetako batzuk “blog” hitzak zer esan nahi zuen jakin ez eta zer zen galdetu zidatela. Ezagutza partekatzeko tresna oso baliagarria izan zitekeela esan nien (aurrean aipatuta prozesuarekin nola lotu genuen esplikatu nien), gure ikastoletako paretetatik irten eta komunitate osoari gure ezagutza zabaldu eta bide batez, komunitatetik informazioa biltzeko balioko zuela esan nien. Tira, ez zidaten ulertu eta onartu beharrean, desilusio puntu batekin atera nintzela bilera hartatik. Ikastolan nire kideekin batera hartutako erabaki hark zerbaitetarako balioko ote zuen pentsatzera ere heldu nintzen. Donostiatik Ordiziarako bidean aurrera egitea merezi zuela erabaki nuen eta horrelaxe eman genion hasiera honi guztiari.

Gaur gure blogak hiru urte bete ditu. Hiru urte hauetan bizitakoak eragin zuzena izan du nire formazio profesionalean eta pertsonalean, nire lanerako filosofian, arazoak enfokatzeko moduan, harreman pertsonaletan, autoestimuan… Eta garrantzitsuena, nire motibazioa lanean eta gauzak hobe egiteko nahia izugarri hazi dira. Eta norbaitek pentsatzen badu esaten ari naizena gehiegizkoa dela nire ingurukoekin hitz egitea besterik ez du egin behar.

Baina zentratu gaitezen blog honek epe honetan izan duen bilakaeraz. Hiru urte hauetan gure blogan 459 bidalketa argitaratu ditugu eta hauetan, guztira, 793 iruzkin idatzi dira. Ekarpenak erabiltzaile askok egin badituzte ere (Axularreko Larre eta Xarneguk, adibidez, 22 bidalketa idatzi dituzte), nagusiki Maite (80 ekarpen), Mikel (168 ekarpen) eta ni (182 ekarpen) izan gara bloga hornitzen lan gehien hartu dugunok. Guztira, 62417 bisitari izan ditu blogak eta hauen artean 119.372 orri bisitatu dituzte. Azken urtean, bisitarien kopuruan igoera nabarmen eman da, azpian ikus daitekeen bezala. Epe honetan, asteko 647 bisitariko batezbestekoa izango dugu, alegia, 90 bisitatik gora eguneko.

stat1

Denbora honetan euskal blogosfera izugarri handitu da. Eta horrelakoetan gertatzen ohi den bezala, asko dira sarean aurki daitezkeen rankingak. Denok dakigu sailkapen hauek ez dutela balio gehiegirik baina, gure kasuan badira datu batzuk nahiko harrigarriak direnak, irakaskuntza mundutik sortu den webgune batentzat. Alianzo etxeak kudeatzen duen zerrendan, adibidez, gure bloga Euskal-Herriko blogen artean 19. aurkitzen da. Euskaraz idazten diren blogen artean gurea bigarrena agertzen da Sustaturen atzetik. Baina, datu guztien artean harrigarriena iruditzen zaidana, estatu espainolean argitaratzen diren hezkuntzarekin erlazionaturiko blogen zerrendan IKTeroak zazpigarren postuan aurkitzea, juxtu Planeta Educativoren ondoren eta estatuan izen eta ospe handia duten blog askoren aurretik. Ez didazue ukatuko, datu hau nahiko esanguratsua dela kontutan izanik gure soilik euskaraz idatzitako bloga dela. Tira, horrelakoak ikusteak satisfazio puntu bat ematen duela ezin dizuet ukatu.

Satisfazio asko ematen digun bezala, azken urte hauetan sarean izan ditugun errekonozimenduak, zuzeneko aipamenen bitartez nahiz sarien bitartez. Blogarekin hasi ginenetik kontaezinak dira Maite, Mikel eta hiruok eman ditugun hitzaldiak, egin ditugun aurkezpenak, azken finean, bizi izan ditugun esperientzia berriak. Lan asko egin dugu azken urte hauetan, agian gehiegi (galdetu bestela nire emazte eta semeari ;-p) baina esfortzua merezi izan duela garbi daukat.

Tira, amaitu baino lehen eskerrak eman gure ekarpenen jarraitzaileak zareten guztioi. Topikazo bat esatera noa baina egi galanta da. Blog batekin umetxo batekin bezala gertatzen da, bere geneak gurasoengandik jasotzen ditu baina hezi eta hazi ingurunearen baldintzen menpe egiten da; bada blogak ere berdin, atzean dauden blogarion geneekin jaiotzen da baina heldutasunera heltzeko irakurle eta jarraitzaileak behar ditu eta tarteka, zergatik ez, goxokiren bat edo beste behar izaten da. Gu jarraitzaile eta lagunez inguratuta sentitzen gara eta zorroa goxokiz beteta daukagu. Zer gehiago eskatu daiteke? Mila esker guztioi.

Wikispaces pertsonaliza daiteke

Wikispaces zerbitzuak arrakasta itzela lortu duela irakaskuntza munduan ukaezina da. Geroz eta gehiago dira plataforma honetan sortutako wikiak. Arrakastaren gakoetako bat zerbitzuak izan dituen etengabeko hobekuntzak izan daiteke, izan ere, hasierako aplikazio sinplea poliki-poliki tresna konplexu eta aberats batean bilakatu da.

Dena den, beti bota dut faltan wikiak pertsonalizatzeko aukera handiagoa. Zerbitzuak eskaintzen dituen diseinu propioak oso gutxi eta, era berean, nahiko kaxkarrak dira. Aplikazioaren ataria bera euskaratzeko ezinezkoa zen. Tira, horrek guztiak irtenbidea baduela konturatu nahiz gaur bertan. Honen inguruan gehiago jakin nahi duenak irakasleon txokoa den ZirIKTeroen gunean azaltzen da nola burutu daitekeen hau guztia.