Perpaus elkartuak lantzeko ariketak

Ikasturtea amaitzeko ez da asko falta eta, dakizuen bezala, bukatu eta berehala dira unibertsitatera sartzeko gaitasun probak (Hautaprobak). Euskarako azterketari dagokionez, ikasleek hainbat jarduera ezberdin burutu behar izaten dute eta horietako bat da esaldiak moldatu delakoa. Azterketako testuko zenbait esaldi beste modu batera ematea da ariketa honetan eskatzen dena eta ideien arteko lotura logikoak baloratzen dira, hau da, perpausak lotzeko eta hauen artean erlazio semantikoak adierazteko erabiltzen diren lokailuen erabilera zuzena.

Gauzak horrela, lokailuetara iritsi aurretik, perpaus elkartuak bere osotasunean errepasatzeari ekiten diogu guk. Zer dira perpausak? Zein da perpaus bakuna eta elkartuaren arteko ezberdintasuna? Zenbat motatako perpaus elkartuak daude? Nola bereizten dira? Juntagailuak eta lokailuak gauza bera al dira? Antzeko galderak egiten badizkiegu ikasleei, berehala konturatuko gara nahasketa handia izaten dutela kontzeptu ezberdinak bereizteko orduan, aurreko ikasturteetan ikasiak dituzten arren.

Sailkapen guztiak bere tokian berrezarri eta, bereziki, Hautaprobetako jarduera hori prestatu nahian, perpausen arteko loturak landuko dituzten ariketak sortu ditugu. Beti bezala, gure lan egiteko filosofiari jarraituz, errepaso ariketak guk geuk sortu eta sarean ipini ditugu erabili nahi dituen ororentzat.

Perpausak lantzen

Zer sortu dugu eta non topa daiteke?

Perpaus elkartuak: pratika. Egin klik euskaljakintzako ariketa bilgunean, eskuineko zutabeko 2. estekan, eta hortxe ikusiko dituzu orain arte sortu ditugun ariketa guztiak alfabetikoki antolatuta. Sorta hau Perpaus elkartuak atalean dago. Hemen juntadura, menperakuntza eta testu mailako loturak (hauxe da Hautaprobetan eskatzen den jarduera mota) lantzeko ariketa ezberdinak topatuko dituzu.

Perpaus elkartuak: teoria. Egin klik euskaljakintzako kontsultagunean, eskuineko zutabeko 4. estekan. Alfabetikoki antolatutako zerrenda luze bat zabalduko zaizu. Atal honi Perpaus elkartu motak izena eman diogu. Hemen juntadura, menperakuntza eta testu mailako loturari buruzko azalpenak topatu ahal izango dituzu. Halaber, aurreko guztia begi-kolpe batean ikusteko aurkezpentxo bat aurkitu duzu.

Ariketa sorta honekin aurtengo ariketa sortze-lanari amaiera eman diogu. Aurreko ebaluazioetan egin ditugunak ikusi nahi badituzu, egin klik hurrengo esteketan:

Deklinabidea lantzeko ariketa sorta
Aditza lantzeko ariketa sorta (aditzaren gunea)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.