Interneten euskal hezkuntza sarea sortzeko aukerarik ba ote?

sarea

Asko dira, azken hilabeteotan, interneten sortu diren hezkuntza munduaren inguruko sareak. Hauetako batzuk, Classroom 2.0 edota Internet en el Aula adibidez, arrakasta handia izan dute, erabiltzaile kopuru izugarria biltzea lortuz oso epe laburrean. Beste maila batean, ingurune lokalago batean, antzeko fenomenoak gertatu dira ere: irakasle katalanen artean sortu dira hainbat sare (Educat eta Catala TIC) eta galegoz mintzatzen direnek ere badute eurena (Agora Rede). Irakaskuntzaren hainbat esparru edo arlo jakinen inguruan ere sortu dira horrelako txokoak, hala nola, ELEko irakasleen artean edota Arbel Digital Interaktiboa erabiltzen duten irakasleen artean. Ikusten denez irakasleen artean sareak sortzea modan dagoen zerbait da. Baina benetan modak dira edota irakasleok ditugun beste behar batzuen ondorioz sortutakoak dira?

Aldaketa garai interesgarria bizitzen ari gara gaur egun irakaskuntzan. Curriculum berriarekin batera, teknologia berriak bete-betean sartu dira irakasleon zereginean. Konpetentziak eta, bereziki, IKT konpetentziak nonahi aipatzen dira; ez da erraza ematen ari den iraultza honetan eroso sentitzea. Horregatik, hainbeste denboran bakarkako lanera hain ohituta egon den hezkuntza profesionala, lan astun honetan lagungarriak izango zaizkion tresnen bila irten da internetera. Irakasleria jabetu da, etorkizun laburrean suertatuko zaizkion erronkei arrakastaz erantzuteko, ezagutza trukatzea, esperientziak partekatzea, beste profesionalekin elkar komunikatzea… behar beharrezkoa dela. Horrela, modu espontaneo batean, egoera profesional, titulazio eta hezkuntza sare desberdinetako irakasleak sare sozial ezberdinetan elkartzen hasi dira. Antza denez gainera, euren beharrak asetzen dituen aplikazio egokia aurkitu dute ere, izan ere, hauetako sare gehienak Ning izeneko plataforman oinarriturik sortu dira. Dirudienez irakasleok eroso sentitzen gara Ningek eskaintzen duen ingurunean.

Eta, bitartean, Euskal-Herrian zer? Bada hemen jarraitzen dugu “euskaldunon modura” lan egiten, alegia, esfortzu, ilusio eta lan askorekin baina bakoitza bere aldetik. Euskaldunak horrelakoak omen gara, oso erreserbatuak omen gara gure gauzetako; norbera, bere etxe barruan, landalan ari den bitartean ezer gutxi daki atari bereko bizilaguna ari denaren inguruan. Tarteka, etxeko eskaileretan topatzen garenean “Iepa, zemuz?” esaten diogu elkarri eta bizilagunari zertan ari den galdetzera ere ausartzen gara batzuetan. Hori bai, espaloi berean bizi diren atari desberdineko bizilagunen inguruan ezer gutxi jakiten dugu eta, are gutxiago, pareko espaloian bizi diren edota auzoko beste edozein kalean bizi direnen inguruan ere. Historikoki gure herria biztanle nukleo oso txikietan banatutakoa egon da, gizartea nahiko fragmentatua egon da duela gutxi arte. Ez dakit zenbaterainoko paralelismorik egongo ote den honen eta interneten euskal hezkuntza komunitatean gertatzen ari denarekin baina bitxia da ikustea, hemen ere, mikrokosmosak, mikroproiektuak, mikrokomunikazioak nagusitzen direla.

Zalantzarik ez daukat euskal irakasle komunitatearen presentzia interneten geroz eta garrantzitsuagoa izaten ari dela; batek esango lukeen bezala, “gehiago ikusten zaigu”. Ilusio eta esfortzu handia ikusten da baina bizi dugun errealitatea erabat barreiatuta dagoen komunitate batena da; bakoitzak bere aldetik gauza interesgarri ugari egiten ditu baina ez da inondik somatzen talde izpiriturik, elkarlanerako, iritzi trukaketarako, esperientzien partekatzerako konpromiso handirik. Adibide sinple bat jarriko dut; geroz eta gehiago gara WordPress MU erabiltzen dugun hezkuntza komunitateak. Aplikazioa euskaratuta badago ere, apenas aurki daitezke euskaratuta dauden azalak. Apustu egingo nuke komunitate hauetan alferrikako lanean ari garela azalen itzulketan. WPMU bezalako tresna bat unibertsitatean, eskoletan zein euskaltegietan erabiltzen den aplikazioa bada, zergatik ez gara gai irakasleok auzolanean horrelako proiektutxo bat aurrera eramateko? Hain zaila al da, denon artean lana banatzea eta lan horren emariaz denok baliatzea?

net

Euskal irakaskuntza munduan fragmentazio handia ikusten dut, gaizki ulertutako konpetentzia sumatzen da maila guztietan, unibertsitatean zein derrigorrezko hezkuntzan. Batzuek pentsa dezakete hori positiboa dela, eskaintza zabala eta anitza dagoela, horrek lehiakortasuna eta etengabe hobetzeko konpromisoa ekartzen duela. Egia izan daiteke baina hezkuntza erakundeek, bakoitzak bere aldetik aurrera egi nahi dutenean, norberaren ekarpenak erakundeko lau pareten artean gordeta geratzen direnean, helburua besteen gainetik halako lasterketa zoro batean irabaztea denean, hezkuntza mundua inongo harremanik gabeko ezagutza bilguneetan zatikatuta geratzen da. Erakunde bakoitza, ezagutza nodo isolatu batean bilakatzen da eta horrek, azken finean, sistema osoaren bilakaera egokiari eta hobetzeko kapazitateari zuzenean eragiten dio. Nodo hauen artean komunikatzeko, interakzionatzeko eta elkarren berri izateko zubiak eraikitzen direnean, lortzen dira etekinik hobenak, orduan jasotzen ditu gizarteak gure lanaren etekinik handiena. Sareak eraikitzen direnean, ezagutza fluxuak ahalbidetzen direnean orduan da inoiz baino egingarriagoa berrikuntza eta kalitatea, orduan da inoiz baino errazagoa elkarrekin aurrera egitea.

XV. Jardunaldi Pedagogikoak

Urtero lez, Ikastolen Elkarteak antolaturik, Jardunaldi Pedagogikoen XV. edizioa ospatu da Gasteizko Europa Jauregian.

Aurtengo Jardunaldien gaia “Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza” izanik, irakaskuntza diardugunontzat oso gai interesgarri eta sakonak jorratu dira hiru egun horietan. Ni, lana dela medio, osteguneko saioetara bakarrik joan nintzen. Hitzaldien egitaraua honako hau izan zen:

Josu Sierra

  • Oinarrizko konpetentzien ebaluazioa diagnostiko ebaluazioa E.A.E.n.
  • Aurkezpena: Oinarrizko konpetentzien ebaluazio diagnostikoak 4. LH eta 2. DBH-n

Antonio Benitez

  • Diagnostiko ebaluazioaren eredua Andaluzian: konpromisorako eta eskola-errendimenduaren hobekuntzarako proposamena.

Neus Sanmartí

  • Ebaluatu, ikasteko. Ebaluazioa autoerregulazio-prozesu gisa.

Serafín Dominguez Ruiz

  • Diagnostiko ebaluazioari buruzko esperientzia (konpetentzien ebaluazioa).

Ikus dezakezuenez, maila handiko hizlarien artean, ezezagun bat agertu zen, Serafín Dominguez Ruiz, San Sebastian ikastetxeko zuzendaria Palma del Rio – Kordoba. Gehienetan, gisa honetako jardunaldietan ospe handiko hizlarien zain egoten gara eta, aitortu beharra daukat, ni ere horrela joan nintzela. Nire iritziz, hizlari horiek, gutxi gorabehera, espero zitekeena esan ziguten eta ez genuen inongo ustekaberik hartu han entzundakoarekin. Baina Lehen Hezkuntzako Kordobako ikastetxe txiki baten zuzendaria, gehienontzat ezezaguna, izan zen niretzat ustekaberik handiena. Beharbada, han erakutsitakoa ez zen gure gustukoa izango eta, arlo pedagogikoan desadostasun handiak izango nituzke azaldutako planteamenduarekin.

Hori esan eta gero, modu berean, esan beharra daukat zuzendari horrek han erakutsi zigunak izugarrizko balioa duela. Eta berriro insistitu nahi dut, berak defendatutako proiektuarekin desadostasun handiak ditudala. Baina, ikastetxe txiki eta umil baten zuzendariak guztion aurrean erakutsi zigun administrazioak edo argitaletxeek ezartzen dituzten mugen gainetik, ikastetxeok dugun autonomia eta ikas-komunitateko kideen irrika bideratzen direnean, gauza asko egin daitezkeela. Zuzendari harrek transmititzen zuen konbentzimenduak demostratzen zuen, komunitate batek bere proiektuan sinisten duenean eta partaideen inplikazioa bilatzen denean, aurrerapausuak ez emateko horrenbeste errepikatzen diren aitzakiak hori besterik ez direla, aitzakiak.

Behin baino gehiagotan entzun dugu gaur egungo ikasleek ekintzailetza jorratu behar dutela eta jarrera pasiboa alboratu behar dutela, bada horixe izan zen nik Kordobako zuzendariarengandik jaso nuen mezua. Ikastolen sorreran bizi izan zen dinamismoa, errebeldia eta ilusioa gogora ekarri zizkidan. Baina orain burgestuta gaude. Eroso sentitzen gara erantzukizuna besteen esku utzita.

Dena den, ikastolon proiektuan sinisten dugunok asko gara eta, zailtasunak-zailtasun, asko dira duten onena emateko prest daudenak. Horregatik eta gure izaeraren baitan balore horiek errotuta ditugulako, badakit egungo eta etorkizuneko erronkei ausardiz eta pasioz aurre egingo diegula. Bidaia horretan, Kordobako zuzendaria izango dut gogoan.

Redes telebista saioa Vimeon

redes Duela hilabete batzuk TVEk Redes saioa bere programaziotik kenduko zuela iragarri zuen. Albiste hark haserre handiak eragin zituen jarraitzaileen artean. Erdal blogosferan mugimendu interesgarri bat eman zen Punset-en programa TVE-eko “parrillan” manten zedin. Antza denez, aldarrikapen hauek eragina izan zuten TVE-eko arduradunengan eta saioak bere horretan mantendu ziren (gaueko ordu txikietan ematen jarraitu zuten).

Pasa den apirilaren 20an programak bere 12. denboraldiarekin hasi da eta hara non topatu dudan igarpen honekin batera oso albiste interesgarria: hemendik aurrera programa guztiak ikusgai izango ditugu Vimeon (nire uste apalean, une honetan bideo kalitate onena eskaintzen duen web aplikazioa) sortu berri duten bideo kanal honetan. Albiste pozgarria programaren jarraitzaileak garenontzat; hemendik aurrera ez dugu gau-pasa gehiagorik egin behar izango. Nahikoa izango dugu kanal honen jariora harpidetzea eta gure agregatzailean jasoko ditugu saio guztiak nahi dugunean lasai-lasai ikusteko. iPod edo antzekoak dituztenek, jariotik jasotako bideoak zuzenean bertara pasa ahal izango dituzte. Ea EITBkoek antzeko erabakiren bat hartzen dute Teknopolis saioarekin.

Etiketak: