Interneten euskal hezkuntza sarea sortzeko aukerarik ba ote?

sarea

Asko dira, azken hilabeteotan, interneten sortu diren hezkuntza munduaren inguruko sareak. Hauetako batzuk, Classroom 2.0 edota Internet en el Aula adibidez, arrakasta handia izan dute, erabiltzaile kopuru izugarria biltzea lortuz oso epe laburrean. Beste maila batean, ingurune lokalago batean, antzeko fenomenoak gertatu dira ere: irakasle katalanen artean sortu dira hainbat sare (Educat eta Catala TIC) eta galegoz mintzatzen direnek ere badute eurena (Agora Rede). Irakaskuntzaren hainbat esparru edo arlo jakinen inguruan ere sortu dira horrelako txokoak, hala nola, ELEko irakasleen artean edota Arbel Digital Interaktiboa erabiltzen duten irakasleen artean. Ikusten denez irakasleen artean sareak sortzea modan dagoen zerbait da. Baina benetan modak dira edota irakasleok ditugun beste behar batzuen ondorioz sortutakoak dira?

Aldaketa garai interesgarria bizitzen ari gara gaur egun irakaskuntzan. Curriculum berriarekin batera, teknologia berriak bete-betean sartu dira irakasleon zereginean. Konpetentziak eta, bereziki, IKT konpetentziak nonahi aipatzen dira; ez da erraza ematen ari den iraultza honetan eroso sentitzea. Horregatik, hainbeste denboran bakarkako lanera hain ohituta egon den hezkuntza profesionala, lan astun honetan lagungarriak izango zaizkion tresnen bila irten da internetera. Irakasleria jabetu da, etorkizun laburrean suertatuko zaizkion erronkei arrakastaz erantzuteko, ezagutza trukatzea, esperientziak partekatzea, beste profesionalekin elkar komunikatzea… behar beharrezkoa dela. Horrela, modu espontaneo batean, egoera profesional, titulazio eta hezkuntza sare desberdinetako irakasleak sare sozial ezberdinetan elkartzen hasi dira. Antza denez gainera, euren beharrak asetzen dituen aplikazio egokia aurkitu dute ere, izan ere, hauetako sare gehienak Ning izeneko plataforman oinarriturik sortu dira. Dirudienez irakasleok eroso sentitzen gara Ningek eskaintzen duen ingurunean.

Eta, bitartean, Euskal-Herrian zer? Bada hemen jarraitzen dugu “euskaldunon modura” lan egiten, alegia, esfortzu, ilusio eta lan askorekin baina bakoitza bere aldetik. Euskaldunak horrelakoak omen gara, oso erreserbatuak omen gara gure gauzetako; norbera, bere etxe barruan, landalan ari den bitartean ezer gutxi daki atari bereko bizilaguna ari denaren inguruan. Tarteka, etxeko eskaileretan topatzen garenean “Iepa, zemuz?” esaten diogu elkarri eta bizilagunari zertan ari den galdetzera ere ausartzen gara batzuetan. Hori bai, espaloi berean bizi diren atari desberdineko bizilagunen inguruan ezer gutxi jakiten dugu eta, are gutxiago, pareko espaloian bizi diren edota auzoko beste edozein kalean bizi direnen inguruan ere. Historikoki gure herria biztanle nukleo oso txikietan banatutakoa egon da, gizartea nahiko fragmentatua egon da duela gutxi arte. Ez dakit zenbaterainoko paralelismorik egongo ote den honen eta interneten euskal hezkuntza komunitatean gertatzen ari denarekin baina bitxia da ikustea, hemen ere, mikrokosmosak, mikroproiektuak, mikrokomunikazioak nagusitzen direla.

Zalantzarik ez daukat euskal irakasle komunitatearen presentzia interneten geroz eta garrantzitsuagoa izaten ari dela; batek esango lukeen bezala, “gehiago ikusten zaigu”. Ilusio eta esfortzu handia ikusten da baina bizi dugun errealitatea erabat barreiatuta dagoen komunitate batena da; bakoitzak bere aldetik gauza interesgarri ugari egiten ditu baina ez da inondik somatzen talde izpiriturik, elkarlanerako, iritzi trukaketarako, esperientzien partekatzerako konpromiso handirik. Adibide sinple bat jarriko dut; geroz eta gehiago gara WordPress MU erabiltzen dugun hezkuntza komunitateak. Aplikazioa euskaratuta badago ere, apenas aurki daitezke euskaratuta dauden azalak. Apustu egingo nuke komunitate hauetan alferrikako lanean ari garela azalen itzulketan. WPMU bezalako tresna bat unibertsitatean, eskoletan zein euskaltegietan erabiltzen den aplikazioa bada, zergatik ez gara gai irakasleok auzolanean horrelako proiektutxo bat aurrera eramateko? Hain zaila al da, denon artean lana banatzea eta lan horren emariaz denok baliatzea?

net

Euskal irakaskuntza munduan fragmentazio handia ikusten dut, gaizki ulertutako konpetentzia sumatzen da maila guztietan, unibertsitatean zein derrigorrezko hezkuntzan. Batzuek pentsa dezakete hori positiboa dela, eskaintza zabala eta anitza dagoela, horrek lehiakortasuna eta etengabe hobetzeko konpromisoa ekartzen duela. Egia izan daiteke baina hezkuntza erakundeek, bakoitzak bere aldetik aurrera egi nahi dutenean, norberaren ekarpenak erakundeko lau pareten artean gordeta geratzen direnean, helburua besteen gainetik halako lasterketa zoro batean irabaztea denean, hezkuntza mundua inongo harremanik gabeko ezagutza bilguneetan zatikatuta geratzen da. Erakunde bakoitza, ezagutza nodo isolatu batean bilakatzen da eta horrek, azken finean, sistema osoaren bilakaera egokiari eta hobetzeko kapazitateari zuzenean eragiten dio. Nodo hauen artean komunikatzeko, interakzionatzeko eta elkarren berri izateko zubiak eraikitzen direnean, lortzen dira etekinik hobenak, orduan jasotzen ditu gizarteak gure lanaren etekinik handiena. Sareak eraikitzen direnean, ezagutza fluxuak ahalbidetzen direnean orduan da inoiz baino egingarriagoa berrikuntza eta kalitatea, orduan da inoiz baino errazagoa elkarrekin aurrera egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.