XV. Jardunaldi Pedagogikoak

Urtero lez, Ikastolen Elkarteak antolaturik, Jardunaldi Pedagogikoen XV. edizioa ospatu da Gasteizko Europa Jauregian.

Aurtengo Jardunaldien gaia “Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza” izanik, irakaskuntza diardugunontzat oso gai interesgarri eta sakonak jorratu dira hiru egun horietan. Ni, lana dela medio, osteguneko saioetara bakarrik joan nintzen. Hitzaldien egitaraua honako hau izan zen:

Josu Sierra

  • Oinarrizko konpetentzien ebaluazioa diagnostiko ebaluazioa E.A.E.n.
  • Aurkezpena: Oinarrizko konpetentzien ebaluazio diagnostikoak 4. LH eta 2. DBH-n

Antonio Benitez

  • Diagnostiko ebaluazioaren eredua Andaluzian: konpromisorako eta eskola-errendimenduaren hobekuntzarako proposamena.

Neus Sanmartí

  • Ebaluatu, ikasteko. Ebaluazioa autoerregulazio-prozesu gisa.

Serafín Dominguez Ruiz

  • Diagnostiko ebaluazioari buruzko esperientzia (konpetentzien ebaluazioa).

Ikus dezakezuenez, maila handiko hizlarien artean, ezezagun bat agertu zen, Serafín Dominguez Ruiz, San Sebastian ikastetxeko zuzendaria Palma del Rio – Kordoba. Gehienetan, gisa honetako jardunaldietan ospe handiko hizlarien zain egoten gara eta, aitortu beharra daukat, ni ere horrela joan nintzela. Nire iritziz, hizlari horiek, gutxi gorabehera, espero zitekeena esan ziguten eta ez genuen inongo ustekaberik hartu han entzundakoarekin. Baina Lehen Hezkuntzako Kordobako ikastetxe txiki baten zuzendaria, gehienontzat ezezaguna, izan zen niretzat ustekaberik handiena. Beharbada, han erakutsitakoa ez zen gure gustukoa izango eta, arlo pedagogikoan desadostasun handiak izango nituzke azaldutako planteamenduarekin.

Hori esan eta gero, modu berean, esan beharra daukat zuzendari horrek han erakutsi zigunak izugarrizko balioa duela. Eta berriro insistitu nahi dut, berak defendatutako proiektuarekin desadostasun handiak ditudala. Baina, ikastetxe txiki eta umil baten zuzendariak guztion aurrean erakutsi zigun administrazioak edo argitaletxeek ezartzen dituzten mugen gainetik, ikastetxeok dugun autonomia eta ikas-komunitateko kideen irrika bideratzen direnean, gauza asko egin daitezkeela. Zuzendari harrek transmititzen zuen konbentzimenduak demostratzen zuen, komunitate batek bere proiektuan sinisten duenean eta partaideen inplikazioa bilatzen denean, aurrerapausuak ez emateko horrenbeste errepikatzen diren aitzakiak hori besterik ez direla, aitzakiak.

Behin baino gehiagotan entzun dugu gaur egungo ikasleek ekintzailetza jorratu behar dutela eta jarrera pasiboa alboratu behar dutela, bada horixe izan zen nik Kordobako zuzendariarengandik jaso nuen mezua. Ikastolen sorreran bizi izan zen dinamismoa, errebeldia eta ilusioa gogora ekarri zizkidan. Baina orain burgestuta gaude. Eroso sentitzen gara erantzukizuna besteen esku utzita.

Dena den, ikastolon proiektuan sinisten dugunok asko gara eta, zailtasunak-zailtasun, asko dira duten onena emateko prest daudenak. Horregatik eta gure izaeraren baitan balore horiek errotuta ditugulako, badakit egungo eta etorkizuneko erronkei ausardiz eta pasioz aurre egingo diegula. Bidaia horretan, Kordobako zuzendaria izango dut gogoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.