GMail dagoeneko edonorentzat dago eskuragarri

Gaurtik aurrera, nire uste apalean, interneten topa daiteken e-posta zerbitzurik hobena publikoa bihurtu da. Zer esan nahi duen honek? Ez dela beharrezkoa inongo gonbidapenik jasotzea GMaileko kontu bat izateko. Gaurtik aurrera, edonork du aukera, bere kabuz kontu propio bat eskuratzeko. Horretarako nahikoa da hona joatea, formularioa betetzea eta listo!

Hori bai, euren logotik BETA hitza ez dute kendu oraindik! Zer eskainiko digute ba bertsio ofiziala lortzen dutenean?

Txitxardin Beltzako diskurtsoa

Duela egun batzuk, Enekok idatzitako iruzkin batean, Txitxardin Beltzan Sareko Argia saria jaso genueneko diskurtsoa irakurtzeko aukerarik ba ote zegoen planteatzen zigun. Anotazio batzuen inguruko hitzaldia izan zen nirea; testu egituratu bat prestatzeko denbora behar nuela eta, geroagorako utzi nuen asuntoa. Gainera, Lasarteko aurkezpena luzeegia izateaz gain, bertan plazaratu nituen ideiak ulertu ote ziren ere zalantzaz geratu nintzen.

Kontua da, atzo El Diario Vasco-ko herriko kronista izan genuela ikastolan. Denbora luzez bere aurrean hitz egin ondoren, ea gaurko Ordiziako kronikarako lerro batzuk idatziko ote genituen eskatu zigun. Egokiena, Lasarteko apunteak hartu, eta bertan aurkeztutakoaren idatzi bat prestatu eta bidaltzea zela pentsatu nuen. Horixe da Ordiziako gaurko kronikan irakur dezakezuena eta nik azpian ipini dizuedana. Nik uste testu honek nahiko garbi adierazten duela Lasarten azaltzen saiatu nintzena eta iruditzen zait, gure betiko irakurleak zaretenok, erraz ulertuko dituzuela bertan adierazten diren hainbat ideien zergatia.

Beraz, hona hemen testu osoa:

IKTeroak izeneko gure bloga 2005eko apirilaren 11an sortu genuen. Ordurako “Teknologia berrien identifikazioa eta ezagutza” izeneko prozesua martxan ipinia genuen ikastolan, bere ardura nagusia nirea izanik. Hainbat iturri desberdinetatik jasotako informazioa gure ikastolako irakasleen artean nola zabaldu zen garai hartako arazoetako bat. Horrela, gure ikastolako ikasle nahiz irakasleei informazio baliagarria eskaintzeko biderik egokiena, bloga martxan jartzea zela erabaki nuen.

Bloga Jakintza ikastolako IKT taldea osatzen genuen kide guztioi irekita egon arren, hasiera hasieratik Mikel Etxarri eta Maite Goñi izan ziren ekimenari gogo gehienez erantzun zioten irakasleak. Horrela, hiruon artean bildutako informazioa, bizitako esperientziak edota egindako hausnarketak IKTeroak izeneko blogan argitaratzen hasi ginen.

Gogoratzen dut lehen egunetan gure kezkarik handiena zera zela: nola hartuko dituzte gure irakasleek gure ekarpenak? Irakurriko ote dituzte? Tarteka tarteka iruzkinen bat edo beste aurkitzen genituen gure artikuluetan eta, gure harridurarako, gehienak ikastolatik kanpoko irakurleek idatzitakoak izaten ziren. Kontxo, ikastolatik kanpo jarraitzen dituzte gure ere gure istorioak!

Halako batean, Maite Goñik interneten topa daitezkeen euskarazko hainbat hiztegien aipamena egin zuen bere artikulu batean. Txundituta geratu ginen konturatzean zenbat bisitari zetozen gure blogera Google bilatzailean “euskal hiztegiak”, “euskara” edota “euskarazko baliabideak” hitz gakoak idatzi ondoren. Honek interneteko euskal komunitatearentzat halako gabezia batzuk zeudela garbi adierazten zuen. Horrela, IKT taldean buruturiko hausnarketa sakon baten ondorioz, hasierako helburuak birplanteatzea eraman gintuen:

  • Gure ikastolan IKTak irakaskuntzan inplementatzearen beharraz jabetuta geunden arren, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun gure esperientzien berri euskal komunitate osoari zabaltzea. Uste genuen (eta gaur egun erabat konbentzituta gaude) gela barruan gure ikasleekin izandako bizipenak aberasgarriak izan zitezkeela eskola komunitatea osatzen dutenentzat.
  • Bestalde, euskararen presentzia interneten bultzatzea izan zen hartutako bigarren erabakia. Erabiltzen ditugun edukiak, sortzen ditugun jarduerak, ariketak, ikastaroak, euskaratzen ditugun aplikazioak… denen eskura ipiniz, euskarari bultzadatxo bat emango geniola pentsatzen genuen. Bide batez, edukiak partekatuz, irakaskuntzan hain errotuta dagoen “materialaren jabego pribatuarekin” puskatu nahi genuen, eskola komunitatean partekatzeak dakarren onuraz besteei jabetuaraziz (kataluinan, adibidez, ederki asko egiten duten moduan). Eta garrantzitsuena dena; partekatze filosofia honetan gure ikasleak inplikatu nahi genituen. Ikasketekiko adierazten duten jarrera pasiboarekin eten eta, eurek ere euskal gizarteari zer eskaini badutela ulertarazi nahi genien.

Horrela, hasierako lotsa haiek alde batera utziz, “gure ikastolako sukaldean egositako plateren” berri zabaltzen hasi ginen egindako lan eskergak gure inguruan eragin positiboa izango zuelakoaren konfiantzaz. Eta horrelaxe izan dela uste dugu; geroz eta gehiago izan dira kanpotik jaso ditugun animoak, geroz eta leku gehiagoetatik luzatu dizkigute gonbidapenak gurearen berri euren ikastetxeetan azaltzeko, geroz eta gehiago izan dira jasotako errekonozimenduak, Sareko Argia saria hauen guztien azkena eta, zalantzarik gabe, garrantzitsuena izan delarik.

Bi urte eskas egin ditu gure blogak sarean. Ziztu batean pasa zaizkigun hogeita lau hilabete hauetan espero ez genituen bizipen mordoa jaso ditugu. Esan dezakegu, lotsarik gabe, onartuak eta errekonozituak sentitzen garela bai internet baita euskal eskola osatzen duten estamentu desberdinetatik.

Baina, sentsazio gozo horiekin batera sentitzen dugu ere gazi puntu bat. Izan ere, arestian aipaturiko filosofiak ez du eragin handirik izan eskola komunitate orokorrean.

  • Alderdi batetik, oso gutxi dira oraindik euren esperientziak besteekin partekatzen dituztenak, inolako konplexurik eta beldurrik gabe.Jakin badakigu, ari direla bai sare publiko, bai ikastolen elkartetik, baita lanbide heziketako ikastetxeen aldetik esperientziak partekatzen, proiektu pilotuak garatzen eta gureak bezalako ekimenak aurrera eramaten baina zoritxarrez hauetako gehienak giltzapean daude. Lehen esan dudan bezala “gure sukaldean sekreturik gabeko sukaldaritza prestatzen dugu” baina badirudi oraindik, euren errezetak giltzapean gordeta edukitzea nahiago dutenak. Zer balio dauka norberak bakarrik ikusi eta ukitu dezakeen altxorrik preziatuena gordeta edukitzea? Gure kide katalanak aspaldi jabetu ziren benetako balioa herriaren onurako ekimenak bultzatzean dagoela. Horrelaxe heldu dira irakaskuntza mailan Europa herrialde aurreratuenetako bat izatea IKTen erabilerari dagokionez behintzat.
  • Bestalde, oso gutxi dira oraindik baliabideak euskaraz sortzeari ekin dietenak. Euskararen presentzia interneten oraindik oso eskasa da. Erotu egiten gara askotan irakasleok gure ikasleekin euskarazko baliabideak erabili nahi ditugunean eta zoritxarrez, gehienetan, beste hizkuntzetan sortutako baliabideak erabiltzera jo behar izaten dugu. Izan gaitezen eskuzabal, utzi ditzagun alde batera jokabide atzerakoiak, eta ekin diezaiogun euskarazko edukiak sortu eta interneten kokatzeari. Unibertsitateak eta eskolak, erakunde publikoekin batera, zer esana handia daukagu horretan.

Amaitzeko, ez dut aukera hau pasatzen utzi nahi, gure herriko udalari eskaera txiki bat egin gabe: informazio eta komunikabideen teknologiak geletara eramaten lan handia egiten ari gara herriko ikastetxe guztiak. Ordiziako gaztetxoak teknologietan alfabetatuak izatea nahi dugu. Baina zoritxarrez gazte hauetako askok, ez dute IKTak euren etxeetan erabiltzeko aukerarik oraindik. Hori dela eta, ahalegin bat eskatuko nioke gure udaletxeari horretarako baliabide gehiago jar ditzan. Adibidez, ez legoke batere gaizki udal liburutegian ekipo gehiago ipintzea, hauen erabilera dohainekoa izanik. Gure herriko gazteek inoiz baino gehiago behar dituzte ordenagailuak euren eguneroko lanak egiteko. Ea ba denon artean laguntzen diegun.

DAVID HARRISONen Flash animazioak euskaraz

davidharrison

David Harrison, Kanadako Toronto Unibertsitateko Fisika Fakultateko irakaslea da. Fisikako atal desberdineko (Kaos, Mekanika Kuantikoa, Erlatibitatea, Mekanika Klasikoa…etab) hainbat flash animazio ditu (90 inguru). Batzuk goi mailakoak dira, baina gehienak DBHn edo Batxilergoan erabiltzeko modukoak dira.

Flash horiek gaztelerara eta katalanera itzuliak zeuden (Universidad Peruana de Ciencias Aplicadas-eko Fisika Departamentuko Yuri Milachay-Vicente-k eta Alacanteko Unibertsitateko Fisica Aplicada Departamentuko Albert Gras-Martí-k gaztelerara eta Albert Grass-Martí-k katalanera).

Orain euskaraz ere aurki daitezke. Helbidea hurrengoa da http://ticat.ua.es/David-Harrison/

Oharra : URL helbideari azken testua kentzen badiozue (adib: helbidea http://ticat.ua.es/David-Harrison/euskara/Chaos/LogisticMap/LogisticMap.html bada, /LogisticMap.html kendu) zerbitzariko direktoriora sartuko zarete eta flash artxiboa (swf estentsioa duena) eskuratzeko aukera izango duzue, gero modu lokalean edo Internet loturarik gabe lana egin hala izateko.

Argazki eta irudiekin jolasean


This album is powered by
BubbleShare
Add to my blog

Web 2.0 garai hauetan, filosofiak alde batera utzita, inork ez du zalantza izpirik izango ezjakinok probetxu handia ateratzeko moduko baliabide mordoxka topa ditzakegula sarean. Edukiak kudeatzeko tresnez gain (blogak, wikiak, webquestak…), nonahi aurki daitezke hainbat bitxikeria sortu, maneiatu, bihurtu, eraldatu eta argitaratzeko tresnak ere. Bideoak direla, soinuak, komikiak, jokoak, musika, mapak, diagramak, inkestak… denetarik aurki dezakegu zorioneko sarean! Oro har, gainera, bitarteko hauek erabilerrazak izan ohi dira; hizkuntzaren muga da izan dezakegun oztopo bakarra, izan ere, gehientsuenak ingelesez baitaude. Ezbairik gabe, arlo honetan gabiltzanoi beti ederki etortzen zaigu honelakoak eskura izatea.

Sustaturen urteurrenaDenboratxo bat bada baliakizun hauen zerrenda osatzen dihardudala, mota bateko zein besteko errekurtsuekin (nire deliciousen-en ere gordetzen ditut) eta, noiz edo noiz topatu izan ditudan hainbaten berri hementxe eman ere izan dut. Gaurkoan, zerrenda -galbahetik igarota- partekatzea otu zait. Seguruenik zuek ere erabili ohi duzue antzekoren bat edo beste eta horren berri ematera animatzen bazarete, denon artean zerrenda erabilgarri bezain interesgarria sor dezakegu.

Dena den, nire helburua ez da izan zerrenda ahalik eta luzeen egitea, zerrenda amaigabe bat (horretarako deliciousen etiketa jartzea besterik ez dago), nire ustez edonorentzat praktikoak gerta daitezkeenak baino ez ditut sartu bertan, edonork aparteko iaiotasun berezirik gabe minutu pare batean erabil ditzakeenak.

Irudi eta argazki kontuei dagozkienak aipatuko ditut oraingo honetan. Ingeleseko klaseetan, esaterako, dezente erabiltzen ditut ikasleekin. Testu luzeak idatzi ordez, argazkientzako testuak idaztera bultzatzen ditut eta, egia esan, lanketa mota hori ahalbidetzen duten baliabide ugari dago (nork bere burua aurkezteko, istorio laburrak kontatzeko…). Hona hemen, beraz, nik IKTeroetan, euskaljakintzan eta englishjakintzan ikasleekin maiz erabiltzen ditudan errekurtsuak:

Argazki-albumak sortzeko

  • guSlide
  • Tabblo: argazki albumak, posterrak, liburuak, postalak…
  • Goodwidgets: argazkiak inportatu, konfiguratu albuma (koloreak, neurriak…) eta zure blogean argitaratu edo postaz bidali.
  • Picturetrail Photo editor: kolorea eta kontrastea egokitu, biratu… (jaitsi egin behar da aplikazioa)

Argazki-albumak sortzeko (hitzak, ahotsa, musika…)

  • Slideroll: musika jar daiteke, sarean jartzeko kodea ematen dute eta korreoz ere bidal daiteke.
  • Slidestory: audioa sar dezakezu zure argazkiak komentatu edo nahi duzuna kontatzeko. Oso interesgarria. Sarean jar dezakezu.
  • Filmloop: argazkiei “bokadiloak” eransteaz gain, eskaintzen dituzten beste irudi batzuk ere gehi dakizkieke. Neurri handiko aurkezpenak egin daitezke.

Flickreko argazkiak erabiliz

  • Gickr: zure flicker-eko erabiltzaile izena erabiliz, etiketa bat hautatu eta argazki horiekin irudi-sorta animatua sortu.
  • Bubblr: Flicker-eko argazkiak erabiliz zure istorioa “bokadiloetan” idatz dezakezu. Argitaratu, postaz bidali, inprimatu…dezakezu. Oso interesgarria.
  • Goodwidgets

Argazki bakar batekin

  • Bubblesnaps: erantsi hitzak edo pentsamentuak zure argazkiari
  • PikiPimp: zure argazkiari panelean erabilgarri dauden hainbat irudi gehitu.
  • Framer: markoa bat ipini zure argazkiari.
  • Foto Tagger: etiketak jarri argazkian azaltzen diren pertsona edo objektuei. oso erabilgarria.

Aurpegiak manipulatu

Agirientzako argazkiak

Bilduma batetik ateratako irudiekin (ez zure argazkiekin)

Zigiluak sortu

Banerrak sortu

  • Bannerbreak: neurri eta kolore ezberdinetako banerrak egin.

Botoiak sortu

DBH eta Batxilergorako hainbat material eta informazio interesgarri eskuratzeko aukera erraza. Manuel Sada-ren ataria.

Interneten saltseatzen nafarroako irakaslea den Manuel Sadaren atariarekin egin dut topo. Marrazketarako, Fisikarako edota Matematikarako oso baliogarria den ataria iruditzen zait eta, gainera, kalitate handikoa.
Gehienak Geogebra aplikazioarekin eginiko applet-ak dira. « Recursos informáticos y audiovisuales para el aula de Matemáticas” atalean sartuta hainbat baliabide ditu (webquest, powerpoint aurkezpenak, Cabri-rekin eginiko applet-ak, Excel-ekin estatistika…etab), oso modu argi batean sailkaturik. Atal hori euskaratuta dago.

Azkenik, atari guztia deskargatzeko aukera ematen du, modu lokalean edo Internet loturarik gabe lana egin ahal izateko.

Helbidea hebidea hau da: http://recursos.pnte.cfnavarra.es/~msadaall/geogebra/index.htm

Ataria bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Ez zarete damutuko!