Txitxardin Beltzako diskurtsoa

Duela egun batzuk, Enekok idatzitako iruzkin batean, Txitxardin Beltzan Sareko Argia saria jaso genueneko diskurtsoa irakurtzeko aukerarik ba ote zegoen planteatzen zigun. Anotazio batzuen inguruko hitzaldia izan zen nirea; testu egituratu bat prestatzeko denbora behar nuela eta, geroagorako utzi nuen asuntoa. Gainera, Lasarteko aurkezpena luzeegia izateaz gain, bertan plazaratu nituen ideiak ulertu ote ziren ere zalantzaz geratu nintzen.

Kontua da, atzo El Diario Vasco-ko herriko kronista izan genuela ikastolan. Denbora luzez bere aurrean hitz egin ondoren, ea gaurko Ordiziako kronikarako lerro batzuk idatziko ote genituen eskatu zigun. Egokiena, Lasarteko apunteak hartu, eta bertan aurkeztutakoaren idatzi bat prestatu eta bidaltzea zela pentsatu nuen. Horixe da Ordiziako gaurko kronikan irakur dezakezuena eta nik azpian ipini dizuedana. Nik uste testu honek nahiko garbi adierazten duela Lasarten azaltzen saiatu nintzena eta iruditzen zait, gure betiko irakurleak zaretenok, erraz ulertuko dituzuela bertan adierazten diren hainbat ideien zergatia.

Beraz, hona hemen testu osoa:

IKTeroak izeneko gure bloga 2005eko apirilaren 11an sortu genuen. Ordurako “Teknologia berrien identifikazioa eta ezagutza” izeneko prozesua martxan ipinia genuen ikastolan, bere ardura nagusia nirea izanik. Hainbat iturri desberdinetatik jasotako informazioa gure ikastolako irakasleen artean nola zabaldu zen garai hartako arazoetako bat. Horrela, gure ikastolako ikasle nahiz irakasleei informazio baliagarria eskaintzeko biderik egokiena, bloga martxan jartzea zela erabaki nuen.

Bloga Jakintza ikastolako IKT taldea osatzen genuen kide guztioi irekita egon arren, hasiera hasieratik Mikel Etxarri eta Maite Goñi izan ziren ekimenari gogo gehienez erantzun zioten irakasleak. Horrela, hiruon artean bildutako informazioa, bizitako esperientziak edota egindako hausnarketak IKTeroak izeneko blogan argitaratzen hasi ginen.

Gogoratzen dut lehen egunetan gure kezkarik handiena zera zela: nola hartuko dituzte gure irakasleek gure ekarpenak? Irakurriko ote dituzte? Tarteka tarteka iruzkinen bat edo beste aurkitzen genituen gure artikuluetan eta, gure harridurarako, gehienak ikastolatik kanpoko irakurleek idatzitakoak izaten ziren. Kontxo, ikastolatik kanpo jarraitzen dituzte gure ere gure istorioak!

Halako batean, Maite Goñik interneten topa daitezkeen euskarazko hainbat hiztegien aipamena egin zuen bere artikulu batean. Txundituta geratu ginen konturatzean zenbat bisitari zetozen gure blogera Google bilatzailean “euskal hiztegiak”, “euskara” edota “euskarazko baliabideak” hitz gakoak idatzi ondoren. Honek interneteko euskal komunitatearentzat halako gabezia batzuk zeudela garbi adierazten zuen. Horrela, IKT taldean buruturiko hausnarketa sakon baten ondorioz, hasierako helburuak birplanteatzea eraman gintuen:

  • Gure ikastolan IKTak irakaskuntzan inplementatzearen beharraz jabetuta geunden arren, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun gure esperientzien berri euskal komunitate osoari zabaltzea. Uste genuen (eta gaur egun erabat konbentzituta gaude) gela barruan gure ikasleekin izandako bizipenak aberasgarriak izan zitezkeela eskola komunitatea osatzen dutenentzat.
  • Bestalde, euskararen presentzia interneten bultzatzea izan zen hartutako bigarren erabakia. Erabiltzen ditugun edukiak, sortzen ditugun jarduerak, ariketak, ikastaroak, euskaratzen ditugun aplikazioak… denen eskura ipiniz, euskarari bultzadatxo bat emango geniola pentsatzen genuen. Bide batez, edukiak partekatuz, irakaskuntzan hain errotuta dagoen “materialaren jabego pribatuarekin” puskatu nahi genuen, eskola komunitatean partekatzeak dakarren onuraz besteei jabetuaraziz (kataluinan, adibidez, ederki asko egiten duten moduan). Eta garrantzitsuena dena; partekatze filosofia honetan gure ikasleak inplikatu nahi genituen. Ikasketekiko adierazten duten jarrera pasiboarekin eten eta, eurek ere euskal gizarteari zer eskaini badutela ulertarazi nahi genien.

Horrela, hasierako lotsa haiek alde batera utziz, “gure ikastolako sukaldean egositako plateren” berri zabaltzen hasi ginen egindako lan eskergak gure inguruan eragin positiboa izango zuelakoaren konfiantzaz. Eta horrelaxe izan dela uste dugu; geroz eta gehiago izan dira kanpotik jaso ditugun animoak, geroz eta leku gehiagoetatik luzatu dizkigute gonbidapenak gurearen berri euren ikastetxeetan azaltzeko, geroz eta gehiago izan dira jasotako errekonozimenduak, Sareko Argia saria hauen guztien azkena eta, zalantzarik gabe, garrantzitsuena izan delarik.

Bi urte eskas egin ditu gure blogak sarean. Ziztu batean pasa zaizkigun hogeita lau hilabete hauetan espero ez genituen bizipen mordoa jaso ditugu. Esan dezakegu, lotsarik gabe, onartuak eta errekonozituak sentitzen garela bai internet baita euskal eskola osatzen duten estamentu desberdinetatik.

Baina, sentsazio gozo horiekin batera sentitzen dugu ere gazi puntu bat. Izan ere, arestian aipaturiko filosofiak ez du eragin handirik izan eskola komunitate orokorrean.

  • Alderdi batetik, oso gutxi dira oraindik euren esperientziak besteekin partekatzen dituztenak, inolako konplexurik eta beldurrik gabe.Jakin badakigu, ari direla bai sare publiko, bai ikastolen elkartetik, baita lanbide heziketako ikastetxeen aldetik esperientziak partekatzen, proiektu pilotuak garatzen eta gureak bezalako ekimenak aurrera eramaten baina zoritxarrez hauetako gehienak giltzapean daude. Lehen esan dudan bezala “gure sukaldean sekreturik gabeko sukaldaritza prestatzen dugu” baina badirudi oraindik, euren errezetak giltzapean gordeta edukitzea nahiago dutenak. Zer balio dauka norberak bakarrik ikusi eta ukitu dezakeen altxorrik preziatuena gordeta edukitzea? Gure kide katalanak aspaldi jabetu ziren benetako balioa herriaren onurako ekimenak bultzatzean dagoela. Horrelaxe heldu dira irakaskuntza mailan Europa herrialde aurreratuenetako bat izatea IKTen erabilerari dagokionez behintzat.
  • Bestalde, oso gutxi dira oraindik baliabideak euskaraz sortzeari ekin dietenak. Euskararen presentzia interneten oraindik oso eskasa da. Erotu egiten gara askotan irakasleok gure ikasleekin euskarazko baliabideak erabili nahi ditugunean eta zoritxarrez, gehienetan, beste hizkuntzetan sortutako baliabideak erabiltzera jo behar izaten dugu. Izan gaitezen eskuzabal, utzi ditzagun alde batera jokabide atzerakoiak, eta ekin diezaiogun euskarazko edukiak sortu eta interneten kokatzeari. Unibertsitateak eta eskolak, erakunde publikoekin batera, zer esana handia daukagu horretan.

Amaitzeko, ez dut aukera hau pasatzen utzi nahi, gure herriko udalari eskaera txiki bat egin gabe: informazio eta komunikabideen teknologiak geletara eramaten lan handia egiten ari gara herriko ikastetxe guztiak. Ordiziako gaztetxoak teknologietan alfabetatuak izatea nahi dugu. Baina zoritxarrez gazte hauetako askok, ez dute IKTak euren etxeetan erabiltzeko aukerarik oraindik. Hori dela eta, ahalegin bat eskatuko nioke gure udaletxeari horretarako baliabide gehiago jar ditzan. Adibidez, ez legoke batere gaizki udal liburutegian ekipo gehiago ipintzea, hauen erabilera dohainekoa izanik. Gure herriko gazteek inoiz baino gehiago behar dituzte ordenagailuak euren eguneroko lanak egiteko. Ea ba denon artean laguntzen diegun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.