Tipp-Ex’s killer?

Barkatuko didazue magic-en aurreko bidalketaren izenburua parafraseatzea baina nik uste dut Pilot etxeak kaleratu berria duen boligrafo berri honekin gure ikasleek erabiltzen duten Tipp-Ex zikinaren amaiera izan daitekeela.

Gogoan dut 80ko hamarkadan Papermate etxeak borratu zitekeen arrastoak egiten zituen boligrafoa atera zuenean. Borratu?. Bai, noski, eta orriari egiten genion zuloa ere polita geratzen zen beharrezkoa zen borragoma gorri zatar harrekin. Badirudi japoniarrek asmatutako produktu berri honekin kontuak desberdinak izango direla. Boligrafo hauen tinta ez omen du parerak xurgatzen eta, ondorioz, azalean geratzen da, horregatik da hain erraza borratzea. Onartzen dut Pilot boligrafoak oso guztukoak ditudala eta horregatik Europan salgai jarri bezain pronto bat erosiko dut eta, benetan esandakoa ondo betetzen badute, kanpaina egingo dut nire ikasleen artean horrelako boligrafoak eros dezaten ea behingoz desagertzen diren beraien kartapazioetatik hainbeste gorrotatzen ditudan Tipp-Ex likido pote horiek!

Xatakan irakurria

Bloglines’ killer???

Ustekabean, inork espero ez zuenean, Google-ek bere azken produktua aurkeztu zuen atzo: Google Reader.

Hasteko, Google Account beharrezkoa da zerbitzuan sartzeko. Hori, besterik ez.

RSS eta ATOM jarioen irakurgailu hau oso bizkor dabil, Ajax-en oinarrituta, bere interfazea oso sinplea, garbia eta erabilerraza da. Etiketak (karpetak) ditu, “gmail this” eta “blog this” aukerak eskaintzen ditu, Gmail-en bezala izartxoen bidez azpimarratzeko sistema, OPML inportazioa, jarioen bilatzaile bat eta podcast-ak entzuteko erreproduktore bat on line ere badu. Ba al dago gehiago eskatzerik?

Nik baietz esango nuke. Izan ere, atzo oso jario gutxi sartu nuen eta gaur gehiago sartu dudanean, ohartu naiz mantsoago dabilela eta Bloglines baino denbora gehiago behar duela eguneratzeko. Nolanahi ere, izugarri ona iruditu zait zerbitzu berri hau eta beta fasean dagoela aintzat hartzen badugu, ez litzateke harritzekoa izango, akats horiek zuzentzerakoan, merkatuaren zati handi batekin gelditzea.

Yahoo-k ere zerbitzu hau eskaintzen du, baina nik izan ditudan arazoengatik asko erabili ez dudan arren, ez dut uste erabiltzaile asko erakarriko duenik. Ni blog honen jarioa sartzen ahalegindu nintzen baina beti arazoak ematen zizkidan eta gaur, post hau idatzi baino lehen, berriro saiatu naiz eta arazoak errepikatu egin dira. Ez dut uste berriro ahaleginduko naizenik. Momentuz, Bloglines eta Google Reader-ekin geldituko naiz.

SMSak dohain !!!

Idatzi hau, bereziki, ikasleei zuzenduta dagoen arren, irakasleok ere zukua ateratzen asmatuko dugu.

Gaur, nire jarioak irakurtzen ari nintzela Misobitácoran sartu eta Agent SMS doako zerbitzuari buruzko informazioa aurkitu dut. Berehala ekin diot erregistratzeari eta zerbitzua probatzeari. Dagoeneko, hiru mezu bidali ditut eta ongi funtzionatzen duela ematen du. Hori bai, hartzaileak ez daki mezua nork bidali dion (bidaltzaile bezala 1000 zenbakia agertzen baita) beraz, mezuaren amaieran zuen izena jartzea aholkatzen dizuet.

Doako zerbitzu honek, normala den lez, bere mugak ditu eta erabiltzen hasi aurretik ezagutzea komeni da. Hasteko, erabiltzaile bakoitzak ezingo du hilean 32 eta egunean 5 mezu baino gehiago bidali, hori bai, bost mezu horiek hartzaile ezberdinei bidali beharko dizkiezu, ezin baita egun batean hartzaile bakoitzari mezu bat baino gehiago bidali. Bestalde, txertatzen duten propaganda ez da gehiegizkoa eta onartzeko modukoa iruditzen zait. Bukatzeko, mezu bakoitzean 129 ikur, hutsuneak barne, idatz ditzakegu.

Beste zerbitzuen bila aritu naiz eta egon badaude, baina froga batzuk egin ondoren, ez dut lortu inongo mezurik bidaltzea. Ezagutzen baduzu beste zerbitzuren bat, arren esaguzu!!!

Euskal Blogosfera

Aspaldi honetan, asko irakurtzen ari gara Euskal Blogosferari buruz, honen hedapenaz, bilakaeraz, blogen kokapenaz… Nik uste dut guri buruz gehiegi hitz egiten ari garela eta gure zilborrari begira jartzeak ez digula inongo mesederik egiten.

Luistxo Fernandezek Sustatun eginiko iruzkinak garbi uzten du gauzak muturreraino eramateak eta nahasteak ez duela batere laguntzen. Artikulu hori irakurrita, sinesgaitz egiten zait Luistxok egiten duen hainbat adierazpen.

Urrats inportantea da, nire iritziz, Telezaborraren jarioa Ya.com eta Deutsche Telekomeko atzaparretatik libre edukitzea.

Google-Bloggerren edo multinazional baten eskuetan gure eguneroko gomutak biltzen? eta zeuretarako gorde nahi dituzuen, non dago, JAITSI DENA botoia?

Gatibu geratzen da edukia halako blog sistema baten mendean bagaude. Ez, autodeterminazioa blogisten edukietan. Blogistak dira, gara, jabeak.

Nik ez dut uste blog bat Blogger bezalako gune batean kokatzeak gatibu bihurtzen zaituenik. Nik uste dut doako zerbitzu eroso bat eskaintzen dutela eta jende askorentzat blog bat argitaratzeko biderik errazena. Horrek alde txarrak dituela? Jakina. Baina, zergatik alde txar horiei begira jarri? Zergatik ez dugu esaten zerbitzu horiei esker euskal blogari berri batzuk sortu direla? Guk ere gisa horretako gune batean, Blogsomen, kokatu dugu gure blog hau eta bere mugak ederki asko ezagutzen ditugun arren, eskertzeko hitzak besterik ez dugu irlandar zerbitzu honentzat. Gure ikasleak ere hasi dira zerbitzu hori erabiltzen eta poliki-poliki gure ikastolako “komunitate txikia” sortzen ari da. Hau guztia, guretzat, gisa honetako zerbitzuak egongo ez balira, ezinezkoa litzateke gure baliabide ekonomikoak oso mugatuak baitira.

Horregatik, Joxe Aranzabalek Gizakom-en idatzitako artikuluarekin ados nago. Egin dezagun gisa horretako euskal zerbitzu bat eta ikusiko dugu gure blogosferaren egoera nola hobetzen den.

NumSum, Writely-ren filosofiaren atzetik

Orain dela egun batzuk Writely, online-eko testu prozesadorearen berri ematen bagenizuen, oraingo honetan NumSum kalkulu orriaren berri eman nahi dizuegu. Oraindik beta fasean dagoen web aplikazio honek kalkulu orri sinpleak lortzeko aukera eskaintzen du. Nahi izanez gero beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera ere ematen du. Horrelako aplikazioekin poliki-poliki errealitate bat bihurtzen ari da Web 2.0 proiektua.

Genbetan irakurria.

Eguneraketa: Enrique Dans-en blogean jasotzen dut ZDNet-en blogean argitaratutako artikulu baten berri. Bertan Microsoft Office-en ordezkoak izan daitezkeen web aplikazioen zerrenda bat aurki dezakezue: bertan aipatzen dira Writely, NumSum, FCKEditor (jakinstein-en edizioan erabiltzen dudan pluginaren oinarria), ThinkFree