Euskal Blogosfera

Aspaldi honetan, asko irakurtzen ari gara Euskal Blogosferari buruz, honen hedapenaz, bilakaeraz, blogen kokapenaz… Nik uste dut guri buruz gehiegi hitz egiten ari garela eta gure zilborrari begira jartzeak ez digula inongo mesederik egiten.

Luistxo Fernandezek Sustatun eginiko iruzkinak garbi uzten du gauzak muturreraino eramateak eta nahasteak ez duela batere laguntzen. Artikulu hori irakurrita, sinesgaitz egiten zait Luistxok egiten duen hainbat adierazpen.

Urrats inportantea da, nire iritziz, Telezaborraren jarioa Ya.com eta Deutsche Telekomeko atzaparretatik libre edukitzea.

Google-Bloggerren edo multinazional baten eskuetan gure eguneroko gomutak biltzen? eta zeuretarako gorde nahi dituzuen, non dago, JAITSI DENA botoia?

Gatibu geratzen da edukia halako blog sistema baten mendean bagaude. Ez, autodeterminazioa blogisten edukietan. Blogistak dira, gara, jabeak.

Nik ez dut uste blog bat Blogger bezalako gune batean kokatzeak gatibu bihurtzen zaituenik. Nik uste dut doako zerbitzu eroso bat eskaintzen dutela eta jende askorentzat blog bat argitaratzeko biderik errazena. Horrek alde txarrak dituela? Jakina. Baina, zergatik alde txar horiei begira jarri? Zergatik ez dugu esaten zerbitzu horiei esker euskal blogari berri batzuk sortu direla? Guk ere gisa horretako gune batean, Blogsomen, kokatu dugu gure blog hau eta bere mugak ederki asko ezagutzen ditugun arren, eskertzeko hitzak besterik ez dugu irlandar zerbitzu honentzat. Gure ikasleak ere hasi dira zerbitzu hori erabiltzen eta poliki-poliki gure ikastolako “komunitate txikia” sortzen ari da. Hau guztia, guretzat, gisa honetako zerbitzuak egongo ez balira, ezinezkoa litzateke gure baliabide ekonomikoak oso mugatuak baitira.

Horregatik, Joxe Aranzabalek Gizakom-en idatzitako artikuluarekin ados nago. Egin dezagun gisa horretako euskal zerbitzu bat eta ikusiko dugu gure blogosferaren egoera nola hobetzen den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.