Ideia-jasa (brainstorming)

Interneten web orrialde berri bat aurkitu dugu, Khef izena du eta oso ideia interesgarria iruditu zaigu. Bertan brainstorming delakoa burutzeko esparrua aurkituko dugu.

IKTeroak egiten dugunon artean badira batzuk ideiak bor-bor dituztenak eta etengabe proposamenak luzatzen dabiltzanak. Horientzat oso aproposa izan daiteke.

Web aplikazio honen bitartez ideiak luza daitezke besteek ekarpenak egin ditzaten, ideia berriak sortzeko, besteen ideiak osatzeko, ideien arteko interakzioak sustatzeko… Aplikazioa erabili ahal izateko alta eman beharra dago. Guk egin dugu eta ohartu gara ia hutsik dagoela, beraz, has gaitezen lehenbailehen gure ideiak luzatzen.

Bideokonferentzia Skype-kin

Dialcom etxeak sorturiko dohaineko plugin bati esker Skype-k bideo eskaintza gehitzen dio bere VoIP zerbitzu ospetsuari. Plugin honetan oinarriturik posiblea da bideokonferentzia bitarteko elkarrizketak gauzatzea. Bideoaren kalitatea ahotsarena bezain ona bada, kontutan hartzeko aplikazio bat izango da komunikabideen esparruan zalantzarik gabe. Bi arazotxo ikusten dizkiogu, hala ere, plugin honi: alde batetik, une honetan Windows-pean bakarrik erabil daitekeela :sad: eta bestetik, dohaineko aplikazio bat izanik gaur, denbora luzez izango ote da horrela?. Nik nire zalantzak ditut. Hala ere, gertutik jarraitu beharrekoa albistea dudarik gabe.

Aplikazioa deskargatzeko hona jo dezakezue.

Engadget-en aurkitua

Jakintzako ikasleek eginiko fisikako proiektuak

Bukatu da ikasturtea batxilergoan. Urtero bezala kezka ugarirekin eman diot amaiera nire ikasgaiari. Ez naiz gustura geratu eta nire metodoa, erabilitako materiala, azterketa sistema, ebaluazioa… zalantzan jartzen hasia naiz. :???:

Nire mintegikideak suerte gehiago izan duela iruditzen zait. Taldearekin oso kontentu aritu da eta zalantzarik gabe nik baino lorpen hobeak izan ditu. Ikasturtea amaitzeko fisikako gaiarekin lotutako proiektu batzuk garatzea proposatu zien bere ikasleei. Eta baita jaso ere! :wink: Egun hauetan aurkeztu dituzte proiektu hauek eta benetan lan politak egin dituzte gure DBHO 1eko ikasleek.

Gure bitakora honetan denen berri jasotzea ezinezkoa denez, jarraian ikus daitekeen hau aukeratu dugu bere originaltasunarengatik, batez ere.

Bertan, energia nuklearraren ekoizpenaren historia azaltzen da era kronologiko batean guzti hori erlojuaren funtzionamenduarekin lotuta. Eta erlojua puntu-puntuan zebilen gainera! :shock:

Azterketak eta irteerak

Ekainaren hasiera heldu da. Gurekin ditugu ikastetxeetako urteroko kontuak eta urteroko miseriak: azterketak, irteerak, errekuperazioak, datorren ikasturtea antolatzeko lehen urratsak…

Ikasle gehienen pozak irakasle eta gurasoen urduritasunarekin nahasketa bitxia eta aldi berean, kasu gehienetan, estresagarria sortzen du. Batzuek, ikasturtearen amaiera ikusten duten bitartean, besteak emaitza akademikoen kalitateari so daude. Batzuk euren liburuak San Juan sura botatzeko unea noiz iritsiko zain dauden bitartean, besteak betiko kezkekin agertzen dira: bukatu ez dudan gaia hautaproban jarriko al dute? Nire seme-alabak gaindituko al ditu gai guztiak? Errepikatu beharko ote du?…

Ikusten duzuenez, gure gizartean gauza asko aldatzen ari diren bitartean, hezkuntzaren mundu honetan gauza askok betikoan dirau. Aditu bati entzun nion XV. mendeko pertsona bat gure gizarte honetara itzuliko balitz, bi lekutan eroso sentituko litzatekeela, aldaketa ez lukeela nabarituko, alegia: eliza batean eta ikasgela batean. Eta ez dut uste oso oker dabilenik hori adierazten duena, izan ere, bi eremu horiek nahiko jarrera ezkorra azaltzen dute berriztapenaren aurrean.

Nolanahi ere, ene iritziz, baieztapen hori egiaren zati bat besterik ez da, hobeto legoke gisa honetako adierazpena: hezkuntzaren munduan aldatu beharrekoa apenas mugitu ez den bitartean, mantendu beharrekoa pikutara joan zaigu. Metodologiari dagokionez, egungo baliabide eta ezagutzekin gauza asko berritu dezakegun arren, aitortu beharko genuke oso gutxi ari garela aldatzen, ahal duguna baino askoz ere gutxiago, behintzat. Bestalde, ikasle-guraso-irakasle trinomioaren errealitatea erabat aldatu da. Ikasleek estatu kolpea eman zuten eta, gurasoen oniritziaz, irakasleen estatusa aldarazi egin zuten. Hortxe bai ezagutu dugula aldaketa sakon eta erradikala. Irakasleen lana gutxiesten da, ikasleen hitzak urrearen balioa du, seme-alaba nerabeekiko gurasoen makurkeriak ez du mugarik, gurasoek duten ahalmena ikastetxeetan ekarpenak egiteko erabili ordez, presionatzeko erabiltzen dute…. Horrela bihar arte jarrai nezake baina ez nuke azaldu nahiko besteen akatsen salatari gisa eta isildu egingo naiz.

Autokritikarako txanda ere zabaldu nahiko nuke. Izan ere, zer egin dugu irakasleok errespetatuak izateko? Zer egin dugu gure lanaren baliagarritasunaz gizartea ohartarazteko? Zer egin dugu gure duintasuna bermatzeko?… Erantzuna: ezer gutxi. (Jarraituko du)