Azterketak eta irteerak

Ekainaren hasiera heldu da. Gurekin ditugu ikastetxeetako urteroko kontuak eta urteroko miseriak: azterketak, irteerak, errekuperazioak, datorren ikasturtea antolatzeko lehen urratsak…

Ikasle gehienen pozak irakasle eta gurasoen urduritasunarekin nahasketa bitxia eta aldi berean, kasu gehienetan, estresagarria sortzen du. Batzuek, ikasturtearen amaiera ikusten duten bitartean, besteak emaitza akademikoen kalitateari so daude. Batzuk euren liburuak San Juan sura botatzeko unea noiz iritsiko zain dauden bitartean, besteak betiko kezkekin agertzen dira: bukatu ez dudan gaia hautaproban jarriko al dute? Nire seme-alabak gaindituko al ditu gai guztiak? Errepikatu beharko ote du?…

Ikusten duzuenez, gure gizartean gauza asko aldatzen ari diren bitartean, hezkuntzaren mundu honetan gauza askok betikoan dirau. Aditu bati entzun nion XV. mendeko pertsona bat gure gizarte honetara itzuliko balitz, bi lekutan eroso sentituko litzatekeela, aldaketa ez lukeela nabarituko, alegia: eliza batean eta ikasgela batean. Eta ez dut uste oso oker dabilenik hori adierazten duena, izan ere, bi eremu horiek nahiko jarrera ezkorra azaltzen dute berriztapenaren aurrean.

Nolanahi ere, ene iritziz, baieztapen hori egiaren zati bat besterik ez da, hobeto legoke gisa honetako adierazpena: hezkuntzaren munduan aldatu beharrekoa apenas mugitu ez den bitartean, mantendu beharrekoa pikutara joan zaigu. Metodologiari dagokionez, egungo baliabide eta ezagutzekin gauza asko berritu dezakegun arren, aitortu beharko genuke oso gutxi ari garela aldatzen, ahal duguna baino askoz ere gutxiago, behintzat. Bestalde, ikasle-guraso-irakasle trinomioaren errealitatea erabat aldatu da. Ikasleek estatu kolpea eman zuten eta, gurasoen oniritziaz, irakasleen estatusa aldarazi egin zuten. Hortxe bai ezagutu dugula aldaketa sakon eta erradikala. Irakasleen lana gutxiesten da, ikasleen hitzak urrearen balioa du, seme-alaba nerabeekiko gurasoen makurkeriak ez du mugarik, gurasoek duten ahalmena ikastetxeetan ekarpenak egiteko erabili ordez, presionatzeko erabiltzen dute…. Horrela bihar arte jarrai nezake baina ez nuke azaldu nahiko besteen akatsen salatari gisa eta isildu egingo naiz.

Autokritikarako txanda ere zabaldu nahiko nuke. Izan ere, zer egin dugu irakasleok errespetatuak izateko? Zer egin dugu gure lanaren baliagarritasunaz gizartea ohartarazteko? Zer egin dugu gure duintasuna bermatzeko?… Erantzuna: ezer gutxi. (Jarraituko du)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.