Wi-Fiaren iraultza gertu dago

Badirudi Wi-Fiak azkenaldi honetan indarberritze bat jasaten ari dela, haririk gabeko teknologia honekin lotutako albiste kopuruak asko handitu baitira aspaldi honetan.

Gaur bertan irakurri dut Intel, Lycos eta Telefonica-k akordio bat sinatu dutela wi-fi konexio puntuak lokalizatzen dituen software bat garatzeko. Aplikazio honen izena (nola ez!) SNIFFER da eta hemendik jaitsi dezakezu. Sniffer honen bitartez, inguruko wi-fi puntuak lokaliza ditzakezu, konexioaren kostua eta zer operadoreak kudeatzen duen ere jakin dezakezularik.

Bilatzailea erabilgarri dago jada; une honetan, Espainian erregistraturiko 1700 “hotspot” baino gehiago indexaturik ditu. Datu base hau etengabe eguneratzen omen da eta bertan aurki daitezke erakunde, taberna, hoteletan… aurki daitezkeen konexio puntuen ezaugarri guztiak. Gerora begira, asmoa dago Europako beste hainbat herrialdetako wi-fi konexio puntuak lokalizatzeko aukera izatea ere.

Pentsatzen dut sistema honen bitartez FON sarea osatzen duten wi-fi konexioen bilaketa egiteko aukera ere izango dela. Jazztel-en fundatzailea den Martin Varsavsky-k bultzaturiko sistema honen bitartez norberak duen wi-fi sarearen banda zati bat besteekin parteka dezake, “fonero” guztiek utzitako banda zati guztiekin wi-fi sare global bat sortu nahi delarik.

Zure konexioa konpartitzerakoan hiru eratara joka dezakezu:

  • linus bezala: zure konexioa dohain eskaintzen duzu, FON sarea edonon dohain erabiltzeko aukera izatearen truke
  • bills bezala: zure konexio banda zati bat konpartitzen duzu diru kantitate baten truke. Kasu honetan ez duzu FON sarea dohain erabiltzeko eskubiderik baina aliens-ek euren konexioa erabiltzerakoan ordainduko duten diruaren %50a irabazten duzu.
  • aliens bezala: wi-fi propiorik ez baduzu ere FON sarera konekta zaitezke diru kantitate bat ordainduz: 5€ 24 orduko edota 40€ hilabeteko.

Kuriositatez, Ordizia inguruan FON sarea nola dagoen ikusi dut eta esan beharra daukat espero nituen baino wi-fi puntu gehiago aurkitu ditudala (batez ere Donostialdean). Agian gure ikastolako wi-fi konexioa konpartitzeko aukera interesgarria izan daiteke FON hau. Informazio gehiago Sustatun.

Horrelako sareak eta laster ezarriko den WiMAX teknologia berria (Euskaltel laster hasiko da produktu hau garatzen Tolosaldean) hedatzen diren heinean, garrantzia berezia hartuko dute haririk gabeko konexioa eskaintzen dituzten tramankuluak. Zalantzarik ez dago edonon konektatuta egoteak aukera berri oso interesgarriak ekarriko dituela. Adibidez, wi-fia duten argazki kamerak (jasotako argazkiak une berean internetera igotzeko aukera eskainiko lukete, edonon zaudela ere), bideokontsolak (wi-fi bitartez erabiltzaile desberdinen arteko partidak jokatzeko)… eta, nola ez, wi-fi konexioa eskaintzen duten telefono mugikorrak, VoIP teknologian oinarritutako telefono deiak egiteko aukera eskainiko baitute oso prezio baxuetan.

Wi-Fiaren iraultza gertu daukagu mutilak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.