Proiektu berri bat datorren ikasturterako

Irakaskuntzak gaitz nabarmen bat baldin badu, hori irakasleriaren konformismoarena izan daiteke. Bai, badakit arazo hori ez dela bakarrik gure lan esparruan ematen, badakit hori ere beste esparru askotan gertatzen dela baina iruditzen zait irakaskuntzaren alorrean gaitz honek eragin handiagoa duela beste batzuetan baino. Ez dugu ahaztu behar gure munduan ez direla bakarrik aldatzen metodologiak edota gure eguneroko lana gauzatzeko erabiltzen ditugun tresnak, baizik eta gure “produktua” (hau da, gure ikasleak) etengabe doala aldatzen eta, ondorioz, “eskutan” darabilkigun “lehengaiak” oso desberdinak direla urte gutxiko epe baten ondoren (zein desberdinak diren gaur egungo ikasleak eta orain dela 7-8 urtetakoak!). Beraz, ezinbestekoa iruditzen zait tarteka-tarteka autokritika pixka bat egitea eta datozen belaunaldiei zer eta nola eskaini behar diegun hausnarketa egiteko parada hartzea. Magic-ek bere artikulu batean zihoen bezala:

prozesu horietan indar-guneak eta gabeziak identifikatzeko eta eragiteko aukerak eta prozesu horietan erabil daitezkeen teknologia berrien eragina

Eta zer dela eta sarrera hau?. Jada bukatu da aurtengo ikasturtea eta balorapena egiteko garaia heldu dela iruditzen zait. Orokorrean zera esango nuke: azken urteotan gertatzen ari ohi den bezala, gazi-gozo ugari izan direla baina aurtengoan lehenetik bigarrenetik baino gehiago izan dela iruditzen zait. Ez naiz gustura geratu nire lanarekin; iruditzen zait aurten ez dudala asmatu DBHO 2ko ikasleekin, ez saio lektiboan, ezta ebaluazioan ere.

Onartu behar dut IKTero lanetan nabilenetik ez dudala astirik izan nire ikasleekin gelan erabiltzen dudan materiala zaharberritu eta eguneratzeko eta benetan amorrazioa ematen dit. Irakaskuntzaren mundu honetan sartu nintzenetik konpromisu bat hartu nuen nire buruarekin: ikasleek jasoko dituzten edukiak “bizirik” mantentzearen konpromisua, hain zuzen ere. Ikasturteko programan aldaketa gutxi egon arren beti egongo dira atal desberdinen azalpenak beste era batera azaltzeko aukera, beti egongo dira ikaslearen ikasketa prozesuan lagungarriak izan daitezkeen euskarri berriak, material berriak… Beti ulertu dut irakaskuntza ikuspegi honetatik: irakasleak ezin du bere metodoa “per secula seculorum” finko mantendu. Eta horixe izan da egin ez dudana azkenaldi honetan. Kuriosoa da baina IKTen munduan murgiltzen joan naizen heinean eta formazioan are eta ordu gehiago pasa arren berrikuntza guzti hauen islada gela barruan nulua izan da. Garai batean, gutxienez nire powerpoint-ak eta nire kainoia erabiltzen nituen gela barruan baina aurten hori ere ez. Eta uste dut garaia heldu dela azken urte hauetan ikasitakoa nire ikasleen mesedean erabiltzen hasteko.

Kezka handiagoak ditut, halere, ikasleen ebaluazioarekin. Izan ere, ikasleekin landutakoaren arduradun bakarra ni neu naizen bezala, ebaluazioan zerikusi handia dute beste faktore batzuk; ikasleen jarrera gaiarekiko, ikastolaren promozio emaitzak… Niri dagokidanez uste dut azterketa tradizionalaren aukera poliki-poliki baztertzen joan behar naizela. Beti pentsatu izan dut irakasleak duen tresnarik egokiena dela ikasleen ebaluazioa gauzatzeko unean (Bigarren Hezkuntzako goi mailetan bereziki) baina hori ere zalantzan jartzen hasia naiz. Aurretik finkatutako helburuen lorpena egiaztatu nahiean prestatu ditut froga idatziak baina emaitzak oso kaxkarrak izan dira. Pentsatzen dut hein handi batean ikasleen arduragabekeriarengatik izan daitekeela baina ezin da ukatu ere beharrezkoa dela ebaluzio bide berriak jorratzea.

Azken bolada honetan gai guzti hauei mila buelta eman ondoren erabaki bat hartu dut: datorren ikasturterako gelako jarduna eta ebaluazioan eragin zuzena izango duen proiektu berritzaile bat martxan jartzea, bere muina fisikako mintegiko web atari baten garapena izango delarik. Web atari honek alde publiko bat izango du bertan, besteak beste, ikasleek landuko dituzten edukiak, albisteak, oharrak, ikasleen iritziak… agertuko direlarik. Atal hau WordPress-en oinarritutako bitakora egitura izango duen webgune ireki bat izango da. Bestalde, eremu pribatua ere izango du, berau Moodle-en bitartez kudeatuko dudalarik. Hezkuntzari begira garatu den tresna honen bitartez gauzatu nahi dut ikaslearen ebaluazioa.

  • Zati publikoa: paper euskarritik euskarri digitalera pasatuko naiz. Paperak dituen mugak gainditzearren eman nahi dut pauso hau. Orokorrean irakasleak erabili ditzakeen medio guztietatik paperak bi bakarrik onartzen ditu: testua eta irudiak. Euskarri digitalak aukera gehiago eskaintzen ditu. Bitakora bat benetan da “multimedio”: bertan konbina daitezke testua, irudiak, ahotsa eta soinua, bideoa eta, fisikako gaiaren garapenean hain garrantzitsuak diren, simulazio interaktiboak. Nire asmoa da gelako saio bakoitza bitakorako artikulu batean sintetizatzea klik gutxi batzuren truke ikasleak eskura eduki dezan ahalik eta mota desberdinetako informazio gehien. Anekdota moduan kontatuko dizuet buruan ditudan idea desberdinetako bat. Klase baten amaieran gertatu izandu zait oso gustura geratzea saio horretan emandako azalpenekin. Baina, hitzak eta lumak haizeak eramaten ditu, beraz gelatik irteterakoan hantxe geratzen dira esplikazio guztiak. Azalpen hauek galdu ez daitezen klaseko audioa grabatzeko asmoa dut, ondoren, editatu eta bitakoran ipiniko dut podcast baten moduan. Ez dakit zerbait probetxugarria aterako den. Kontatuko dizuet
  • Zati pribatua: aurrean esanda bezala Moodle erabiliko dut ikasleen ebaluazioa gauzatzeko. Tresna honen bitartez irakasleak ariketa desberdinak proposa ditzake ikasle solteei nahiz talde desberdinei. Irakasleak berak erabaki duen denbora baten ondoren jasotako lanak ebaluatzeko aukera izango ditu. Tresna honek eskaintzen dituen modulu desberdinak izugarriak dira: wikiak sortzeko aukera, egutegiak, Hot Potatoes motako ariketak, taldeko nahiz bakarkako zereginak, foroak, txat-ak, inkestak… Onartu behar dut oraindik ez dudala erabat ongi menperatzen tresna hau baina uste dut irailerako oinarrizko erabilera nolakoa den ezagutu ahal izango dudala.

Esan beharra dago proiektu osoa Foru Aldundian aurkeztu dugun g+b-ko proiektu zabalago baten barnean txertatuta dagoela. Kontutan izanik horrelako proiektuek dituzten eskakizunak (lanorduak batez ere) eta kostuak Aldunditik jasotako diru-lguntzak ongi etorriak izango direla ezin da ukatu.

Konturatuko zineten egun hauetan IKTeroen bitakora atseden fase batean murgilduta egon dela. Ea laster heltzen diogun berriro ere artikulu berriak “posteatzeari” (baskenglish? :lol: ). IKTeroak, beti bezala, MILA SALTSATAN!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.