P2P-ren iraultzak Omemo izena du

Gaur goizean, albiste hau irakurri dudanean berehala sartu naiz Omemo-ren webgunean eta alta eman dut.

Ingelesez dagoen mezu bat jaso dut eta dagoeneko zerbitzua martxan noiz jarriko den zain nago.

Funtsean, MP2P izeneko enpresak sortu duena mundu mailako disko gogor birtual bat besterik ez da, baina egungo P2P aplikazioekiko aldentzen dituen ezaugarri oso interesgarri batzuk ditu.

Omemon, erabiltzaileek egiten dutena da euren disko gogorraren zati bat partekatu, hau da, sareari eskaini. Beraz, aldaketa handia suposatzen du honek, izan ere, erabiltzaileek ez dituzte fitxategiak partekatzen, espazioa baizik. Gainera, beste P2P aplikazioetan erabiltzaile bat deskonektatzen den unean, bere fitxategi bat jaisten ari den beste erabiltzaileak iturri hori galtzen du eta itxarotea besterik ez zaio gelditzen, hemen berriz, fitxategia iraunkorra da eta ez dago konektatutako erabiltzaileen baitan.

Horren truke, erabiltzaileak edozein motako fitxategia jar dezake bere disko birtualean, berarekin lan egin disko fisiko bat bailitzan eta sarean dauden gainontzeko fitxategietara iristeko aukera. Behin fitxategi bat diskora igo, inork ezingo du ezabatu, ezta igo duenak ere. Fitxategia 64 KBeko paketetan zatitzen da eta bakoitzari arrasto digital bakana esleituko zaio. Jarraian, zati guztiak enkriptatu egiten dira eta identifikatzaile bana ematen zaie gero bilatu eta berreratzeko.

Segurtasun neurri hauek partekatzeko programarik anonimoena bihurtzen dute. Egileek diotenez, ezinezkoa omen da jakitea nork igo duen eta nork jaitsi duen fitxategi bat. Zentsuraren aurkako puntazo bat dela esango nuke nik.

Erabiltzaileak, azken finean, inoiz ez du fitxategia bere ordenagailuan. Are gehiago, ezin da jakin zer dagoen norberaren disko birtual horretan. Bakarrik, fitxategiaren izenean klikatu eta erreproduzituko da. Honek ere zaildu egiten ditu administrazio batzuek edukiak blokeatzeko egiten dituen ahaleginak.

Fitxategi desegokiak egonez gero, aukera egongo da erabiltzaileek baloratzeko. Etiketatzeaz gain, erabiltzaile batek, nahi badu, bere zerrendatik ezaba dezake, baina saretik ez da desagertuko. Ezabaketa honek, boto negatibo bat bezala funtzionatzen du. Botoen arabera fitxategi batzuke gora egingo dute eta besteak zokoratuta geldituko dira.

Edukiak lortzeko, Omemok bilatzaile bat izango du. Gainera, karpeten egiturak lana erraztu egingo digu. Dena bilatu daiteke, pribatuan jartzen dena izan ezik. Erabiltzaile bakoitzak mugatu dezake bere karpetaren izaera publikoa edo pribatua (erabiltzaile jakin batzuekin soilik partekatu daiteke, horrela nahi badugu).

Une honetan, Omemo frogen fasean dago, baina kode librea izanik, hobekuntzak espero dira eta, era berean, Mac eta Linuxerako bertsioak.

Ikusten duzuen bezala, itxura oso ona du honek, hala ere, itxaron egin beharko dugu orain agintzen diguten hori guztia egia izango ote den ikusteko.

Albiste hau David Bravoren blogean ere komentatzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.