Materiaren egoera berri bat sortu dute

Fisika-Kimika irakasten dutenek euren ohiko eskema aldatzen joan beharko dute. Gela batera joan eta materia azaltzerakoan ezin izango dute gure irakasleek guri esaten zigutena esan: “materia hiru egoeratan aurki daiteke:solidoa, likidoa eta gasa”. Nik dakidala, behintzat, orain arte bost ziren materiaren egoerak: arestian aipaturikoak gehi plasma eta Bose-Einstein kondentsatua.

Bada, horiei beste bat gehitu beharko diegu gure saio lektiboetan azaltzeko. Barrapunto blogean irakurri dudanez, MIT-eko fisikari talde batek materiaren egoera berri bat sortu du. Fermioiez osaturiko gas bat omen da zeinek tenperatura oso altuetan superfluido edo fluido perfektu baten izaera hartzen duen.

Diotenez, superfluido berri honen ikerketak tenperatura altuetan supereroankortasunaren inguruko zalantzak argitzeko balioko du.

Batek daki gure bilobak ikastolara iristen direnerako materiaren zenbat egoerekin topatuko diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.