Irakasle eta ikasle izarrak

Gaur, Getxora “Getxo Ikasblogak Jardunaldietan” parte hartzera joan gara. Egitaraua ikusita, espero zitekeen bezala, goiza oso “trinkoa” suertatu da eta era guztietako esperientziak entzun ahal izan ditugu. Arratsaldeko mahai-ingurua dinamikoagoa izan da eta jende desberdinaren partaidetza ikusi ahal izan dugu.

Partaideei dagokienez, bi partaide azpimarratuko nituzke: Anibal de la Torre irakasle andaluziarra eta parte hartu duten ikasleak. Lehenengoa, hezkuntzaren munduan erreferente bat da bere ideiak eta bere lanarengatik eta, ohi den bezala, bere handitasuna ez da bere lanari mugatzen, bere izaera ere handia baita. Asko gustatu zait bere umiltasuna, bere umorea, bere argitasuna, jendearekin konektatzeko duen ahalmena eta gauzak adierazteko erabiltzen duen estilo zuzena eta argia. Izan zitekeen arren, hau ez da bihurtu “blogfesor glamourosoa”. Bestalde, gisa honetako topaketetan sekula ez dut ikusi ikasleei aukera ematen zitzaiela euren lana eta euren esperientzia azaltzeko. Horregatik, oso interesgarria iruditu zait gaur hiru ikasleek azaldu digutena. Lehenengoa Ortuellako Institutoko Kevin Sanchez izan da, bigarrena Getxoko IES Caro Barojako neska bat izan da eta, azkena, gure DBH 1eko ikaslea den Carlos PeƱak hitz egin du. Niri asko gustatu zait hiru ikasle hauek erakutsi duten adorea eta kemena 100 irakasle baino gehiagoren aurrean mintzatzen hasteko, ez baita batere erraza izango adin horrekin (gureak 12 eta besteek 14-15 urte) horrelakorik egitea. Zorionak guztiei eta mila esker irakasleoi eman diguzuen adibidearengatik.

Gaurko izarrak, dudarik gabe, ikasleak izan dira. Hauek baldin badira gure lanaren helburu, zer dela eta ez ditugu aintzat hartzen euren iritziak eta euren ekarpenak? Ez al gaude pittin bat nekatuta betiko irakasleen iritzi berdinak entzuteaz? Ea hemendik aurrera, topaketa eta jardunaldietan ikasle gehiagoren partaidetza zabaltzen den. Proposamen bat badaukat hurrengo baterako: Antton Alberdi

Eguneraketa: Carlosek berak bere kronika idatzi du bere blogean.

Eta bere solasalditxoaren bideoa Google Bideora igo dutenez, hemen txertatzea erabaki dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.