Informazioa guk maneiatzen dugu, ez informazioak gu

2006-2007 ikasturteari agur esan diogun unean, nire DBH 1eko ikasleekin burututako lanketa azaldu nahiko nuke, batez ere ikasturte osoan zehar nire “jarioa” jasan behar izan duten ikasleen errekonozimendua egin nahirik eta, nola ez, zuetako norbaitentzat lagungarria izango delakoan.

Batez ere, Carlos zoriondu nahiko nuke tokatu zitzaion loteriari aurre egiteko erakutsitako kemenarengatik. Bertan esaldi garrantzitsu bat bota zuen eta, nik uste dut, bertan bildutako gehienentzat oharkabean pasatu zela, horregatik mezu honen izenburuan jartzea otu zait. Horrek laburtzen baitu 12 urteko ikasle hauekin eginiko lanaren helburua.

Hasi baino lehen, gure lanketa kokatzen ahaleginduko naiz. DBH 1ean, gure ikastolan, Informatika ikasgaia agertzen da curriculumean eta astero ordubete eskaintzen zaio. Bestalde, aurten maila horretan egon diren ikasleak, Lehen Hezkuntzako azken bi ikasturteetan Multimedia Tailer bat (30 ordu inguru) eta partekatutako blog batean lana egin zuten. Beraz, ikasle hauentzat blog bat ez zen tresna arrotz bat eta hainbat tresnetan trebatuta zeuden.

Horregatik, ez nintzen zerotik abiatu eta, ikasturtearen hasieran, nire lana errazagoa izango zelakoan nengoen. Baina oker nengoen. Gauza bat da blog batean noizbehinka idaztea eta beste bat norberaren bloga hornitzeko beharrezkoak diren baliabideak ongi kudeatzen jakitea.

Egia esan, nire helburua ez zen bloga bera, blog txukun bat aurrera ateratzeko beharrezkoak diren baliabideetan trebatzea eta informazioa eraginkorra kudeatzeko ahalmena garatzea baizik. Planteamendu oso sinplea zen: informazioa kudeatzeko tresnetan trebatu ahala, ikasleen mezuak aberasten joango dira eta blogaren kalitatea hobetzen joango da. Nik ez nituen ikasle blogariak sortu nahi, baizik eta informazioaren aurrean bitartekoak dituzten ikasleak, iritzi kritikoa duten ikasleak, sortzeko eta partekatzeko gaitasuna duten ikasleak, elkarreragiteko gai diren ikasleak… Ikasten dakiten ikasleak nahi nituen.

Egia esan, gauzak horrela gertatu dira, baina, zoritxarrez, ez ikasle guztiekin. Ohartu naiz lanketarekin konektatu duten ikasleek egundoko aurrerakuntza eman duten bitartean, ikasle askorekin ez dudala asmatu eta euren lorpen maila nabarmen jatsi dela. Baten batek esango dit hori gai guztietan gertatzen dela eta arrazoia izango du, baina ni horrekin ez naiz gustura gelditzen. Metodologian ez nuen asmatu, hori garbi daukat. Hasieran, planteamendu irekia egiten nien irtenbidea bila zezaten, baina oso zaila egiten zitzaienez, planteamendu gidatu batera pasa nintzen eta, honekin, ikasle batzuek oso jarrera aktiboa eta eraikitzailea azaldu zuten, besteek, ordea, pasibotasunean erori ziren eta nik zer esango zain gelditzen ziren.

Jordi Adellek esango lukeen bezala, gure ikasleak 2.0 izan dira eta nik eskainitako metodologia 0.9 izan da. Beraz, opor hauek aprobetxatuko ditut metodologiari astindu sakon bat emateko, ikasleek eta gizarteak irakasleoi exijitzen diguten formazioa eskaini asmoz. Gure erantzukizuna da gizarteak eskatzen digunari erantzun egoki bat ematea eta horretan ahaleginduko naiz. Ea lortzen dudan.

Bukatzeko, ikasle hauek osatutako blog batzuen zerrenda jarriko dizuet, zuek ere euren lana ezagutu eta baloratu ahal izateko.

DBH 1eko blogari batzuk
  • Iñigo Jauregi: Bihurrikeriak (Umorea eta bizipen pertsonalak)
  • Alexander Oiarbide: Tenisasko (%100 Tenisa)
  • Lierni Garmendia: Gurekin (Super Pop bezalako bloga)
  • Mikel Aiestaran: Gaixotasunak (Izenak dena esaten du)
  • Beñat Ventureira: Milakirolak (Era guztietako kirolak)
  • Carlos Peña: Animali (Animalien mundua)
  • Irati Otamendi: Mendittonttor (Mendizaletasuna)
  • Iñigo Etxarri: Parkeak (Atrakzio parkeetan topa daitezkeen “tramankuluak”)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.