Esan ozenki: erabili Firefox!

Atzo tartetxo bat hartu nuen gure blogeko estatistikei bistazo bat botatzeko. Maiz errepikatzen dudan eginkizuna izaten da hau baina atzo ohikoak ez diren atalei erreperatzea erabaki nuen.

Jasotako informazio guztiaren artean, batez ere, gure bisitariek erabiltzen duten pantailen bereizmenari eta nabigatzaile motari dagozkienak izan ziren interesgarrienak iruditu zitzazkidanak.

Pasa den San Fermin egunean Sustatun azaldutakoaren antzera, gure bisitari gehienek erabiltzen duten pantailaren bereizmena 1024×768-koa da ere, alde handiz gainera.

bereizmena

Gure blogaren diseinua 800x600eko monitoreentzat bereziki egokituta dagoenez, agian garaia heldu da bere diseinuari erretoketxo bat egiteko.

Dena dela, sorpresarik handiena gure bisitariek erabiltzen duten nabigatzaile motarekin jaso nuen. Aspalditik ez niola atal honi begiradarik botatzen eta a ze ezustekoa jaso nuen atzo, IKTeroetara datozen hiru bisitarietatik bik Firefox erabiltzen dutela ikusi nuenean!. Halaxe da, %66ak erabiltzen du Firefox!

firefox

Garbi dago proportzio hau ezin dela internet osora estrapolatu: lan asko egin behar dugu oraindik Internet Explorer-en nagusitasunari buelta emateko. Baina, ezin da ukatu ere, blogosferan murgilduta gabiltzanon artean (blogari izan nahiz irakurle izan) hartz gorriaren nabigatzailea nagusi dela une honetan. Blogosferaren hazkundea nolakoa izaten ari den ikusirik (geroz eta gehiago dira blogen mundura ingurtzen ari direnak), zenbat itxaron beharko dugu balantzari buelta eman arte? Urtebete? Gutxiago?

Zalantzarik gabe, datu interesgarria Firefox erabiltzearen eta zabaltzearen aldeko konpromisua hartu dugun guztiontzat! Zorionak guztioi!

Eta Firefox oraindik probatu ez dutenentzat hona hemen Sustatun argitaratutako bidalketa batean aspaldi egindako analisia.

getfirefox

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.