EH 2.0 a2a.

Mikel Iturriak beste kronika bikain bat egingo digulakoan, nik aipamen txiki bat besterik ez dut egingo azken bi asteotan Artelekun esan diren gauzei buruz.

Hasi baino lehen, goraipatu nahiko nuke antolatzaileek azaldutako kemena gisa honetako ekimena aurrera ateratzeko eta euskal internautak debate honen inguruan biltzeko

EH 2.0 jardunaldien logoa

Bi saiotan izan gara eta oso ideia interesgarriak entzun ahal izan ditugu. Ene iritziz, Josu Landa eta Luistxoren mezu ezkorrak aintzat hartu beharrekoak dira. Izan ere, sarritan, eztabaida antzuetan murgiltzen gara eta gaiaren muinari ez diogu heltzen. Euskaldunon ikusgaitasuna sarean handitzeko beharra etengabe aipatzen da, baita hori lortzeko egin beharrekoa ere. Baina, zoritxarrez, nik uste dut esan, esaten dugula; baina egiteko garaian, gauzatzeko unean, indarra falta zaigu. Nola uler daiteke gure gizartean “borondate publikoa” duten erakundeek eta diru publikoaren laguntzaz eraikitako guneak edukiak “bahituta” izatea eta komunitatea (salbuespenak salbuespen) isilik jarraitzea? Josu Landak lizentzien eta jabego intelektualaren inguruan dagoen mendekotasuna gainditzeko ausardia proposatzen zigun eta ez zait gaizki iruditzen, baina nik ez nituzke baztertuko, horrekin batera, diru publikoekin sostengatutako erakundeak presionatzea eduki horiek guztion eskura jar ditzaten.

Bestalde, Kataluniatik iritsitako Vicent Partal-ek .cat domeinua lortzeko ibilbide malkartsuaren berri eman zigun. VilaWeb-eko kazetariak, gauzak oso ongi azaltzeaz gain, giltzarriak eman zizkigun:

  • Inurrien lana egin
  • Diskrezioa
  • Batasuna
  • Borondatea

Nolanahi ere, nik uste dut abiapuntu oso ezberdina dugula. Ez dut uste Katalunia eta Euskal Herriko egoerak aldera ditzakegunik. Lan handia egin beharko genuke euren mailara hurbiltzeko. Gaitasuna dagoela aski frogatuta dagoen arren, egia bihurtu beharko dugu eta horretarako, ezinbesteko urratsak ematen hasi beharko dugu:

  • Gure sistema eragileak eta nabigatzaileak euskaraz jarri
  • Gure guneen meta tag horietan lang=”eu” ipini
  • Bilatzaileei lana eginda eman
  • Edukiak sortu
  • Lana, lana, lana, lana…

Gogoeta labur honi amaiera emateko, euskaldunon komunitatea eraikitzen laguntzeko gure konpromisoa azaldu nahi dugu eta, gure ahalmenen arabera, interneteko euskal komunitatea ikusgaiagoa bihurtze aldera lana egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.