EGA ikastaroa

Azkenaldi honetan, erabat murgilduta nago Moodle plataformaren ur sakonetan. Iaz gure Axularreko lagunei, besteak beste, e-learning edo plataforma birtual honek eskain dakizkigukeen mila aukerei buruz luze entzun ondoren, udan buru-belarri sartzea erabaki nuen. Gaia erabat interesgarria iruditzen zait gure irakasgaiak modu ezberdinez fokatzeko aukera ematen digun neurrian (ikasleen gorabeheren gertuko jarraipena, baliabide guztiak gelan nahiz etxean kudeatzeko eta erabiltzeko aukera aparta…). Moodle-ek orain arte sakabanatuta ezagutzen nituen hamaika tresna biltzen ditu: foroak, web orriak, blogak, wikiak, galdeketak, egutegiak, txatak, emaitza-kudeatzaileak…Aukera zabala ikus dezakezuen bezala (tresna guztiak, dena den, ez daude guztiz garatuak). Pixkanaka-pixkanaka hasia nago ikasleekin aukera ezberdinak probatzen; halere, erraietara heltzeko oraindik dezente gelditzen zaidanez, beste baterako utziko dut honen inguruko esperientziaren azalpena.

Gaurkoan, Moodle erabiliz EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) prestatzeko sortu dudan ikastaroaren berri eman nahi dut. Gure ikastolan, DBHO1 ikasturtean prestatzen ditugu ikasleak bereziki azterketa honetarako. Kontua da astean hiru ordu baino ez ditugula zeregin horretarako eta askotan, ikaslearen mailaren baitan, motz gelditzen garela hainbat beharrei erantzuteko (atariko proba, berridazketa, idatzizkoaren ulermena, ahozkoaren ulermena… denetarik gehiago egingo genuke baina ez dugu denborarik!)

Arazo honi irtenbide (mugatu) bat eman nahirik, hainbat material bildu eta sortu dugu atalez atal topatuko ditugun zailtasunei aurre egin ahal izateko. Ikastaroa nire ikasleek etxetik egin dezaten pentsatua da. Ez du inondik ere gure eguneroko jarduna ordezkatuko baina bai eskainiko die bakoitzak identifikatutako arazoetan gehiago sakontzeko aukera. Nik esaten diedan bezala: tarte bat duzuela, egizue atariko bat; beste bat duzuela, sinonimo batzuk landu, arau bat errepasatu….

Behin (erdi) prestatuta dagoela, denon eskura jartzea ondo legokeela pentsatu dut; eta, agian, EGA prestatzen edo euskara hobetu nahi duen norbaiti baliagarria suerta dakioke. Hauexek dira bertan topatuko dituzuen atalak:

  • Aurkezpena: Zer da EGA, atal bakoitzaren azalpena, jakingarriak (datak, noten kontsulta), ohiko akatsak…
  • Arauak lantzen: Euskaltzaindiaren arau garrantzitsuenak (DBHO 2ko ikasleekin prestatzen ari garen jarduerekin osatuko dugu atal hau hemendik gutxira). Helburua: arau bakoitzari bere jarduera ipintzea.
  • Atarikoak: atariko proba lantzeko topatu dudan materialaren bilduma (zuzenketekin).
  • Berridazketak: atal hau osatzear dago.
  • Sinonimoak: orain arte ateratako sinonimoen hiztegitxoa eta iaz euskaljakintzan prestatutako jarduerak. Hiztegi ezberdinak.
  • Ahozkoaren ulermena: entzun eta galdeketak egin (zuzenketekin)
  • Idatzizkoaren ulermena: irakurri eta galdeketak egin (erantzunekin)
  • Idazlana lantzeko atala: argudio testu bat nola idatzi, testu antolatzaileak, gomendioak, argi idazteko bideak, idatzi ereduak…
  • Ahozkotasuna: azalpen bat emateko jarraitu beharreko pausoak, azalpenerako prestaketa taula, ahozko ekintza antolatua…
  • Ortografia, puntuazioa eta hiztegi batua: puntuazioa (teoria), ortografia ariketak, hiztegi batua lantzeko ariketak, diktaketak…
  • Gramatika arazoak (txosten eta gune interesgarriak): deklinabidea (taula), aditz guztiak, egunero sortzen zaizkigun zalantzak, letrakera lodia, siglak, laburdurak…
  • Esamoldeak lantzen: hiztegitxoa (gaztelaniaz-euskaraz) eta iaz ikasleekin sortutako jarduerak

Ikastaroa ez dago amaitua; izan ere, jarduera gehiago sortzen goazen neurrian, berau eguneratzen joango baikara. Dena den, norbaitek material edo gune interesgarriren bat ezagutu (falta den atalen batean sartzeko edo dagoen bat osatzeko) eta gurekin partekatu nahi badu, iradokizun eta ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira.

Klikatu hementxe sartzeko eta bisitari gisa sartu aukera hautatu (euskaljakintzan ere topa dezakezue, eskuineko zutabean, EGA atalean, EGA ikastaroa).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.